«PSNk ez du konplexurik, posizio argiak baizik. Arazoa da abertzaleekin desadostasunak ditugunean aurrerakoiak ez izatea eta hizkuntza eskubideak urratzea leporatzen digutela». PSNko Inma Juriok, zabar, Geroa Bairi eta EH Bilduri aurpegiratu die politikoki haien aurka egiteko baliatu izana Mañeru eremu mistoan sartzeko eskaera. «Pena handia ematen dit herritarren borondatearen eta udal autonomiaren argudioa erabiltzea. Aurpegia behar da, gero, hori esateko, herritarrak berdin zaizkizuenean. Eztabaida honek nazionalistei egiten die mesede»
Inma Jurioren hitzek Alderdi Sozialistaren deserosotasuna islatu dute. Izan ere, PSNk Navarra Sumarekin bat egin du, eta ezezkoa eman dio Mañeruko udalbatzak aho batez 400 biztanle inguruko udalerri hori eremu mistoan sartzeko egindako eskaerari. Zehazki, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak udalaren borondateari erantzun, eta Euskararen Legea aldatzeko lege proposamena aurkeztu dute. Eztabaida bakarrean bozkatu ostean, atzera bota da. Emaitzak ez du inor ezustean harrapatu.
Udalaren mozioa, berez, apirilean onartu zen, eta, hartan, hainbat argudio erabiltzen dituzte. Historikoki, adibidez, artzapezpikutzaren agiri batek egiaztatzen du Mañeru «herri erabat euskalduna» zela XVIII. mendean; 2008ko ikerketa soziolinguistiko baten arabera, herritarren bi herenak eremu mistoan sartzearen aldekoak ziren, eta, gazteen artean, ia %90; hezkuntza alorrean, Garesko ikastetxe publikoan diren Mañeruko ikasleen %64 D ereduan matrikulatua daude, eta, azken lau ikasturteetan, joera hori handitzen ari da. Hori guztia aintzat harturik, hautetsi guztiek uste dute errealitate horrek «legediaren babesa» behar duela eta hizkuntza eskubideak zabaltzeko eskaerak ez diola inori kalterik egiten.
Geroa Baiko Javi Arakamak gaineratu du Mañerun herritarren %10 euskaldunak direla eta beste %10 euskaraz moldatzen direla. Haren hitzetan, eremu mistoko beste herrien bilakaera antzekoa izan du, eta eremu ez-euskaldunekoen aldean bestelakoa. Halaber, azaldu du inguruko herriak eta eskualdeko ardatzak (Gares eta Lizarra) ere eremu mistoan daudela. Azkenik, gogoratu du PSNko Roberto Jimenezek 2010ean Barasoain, Galar eta Aranguren eremu mistoan sartzean baldintza gisa jarri zuela hango udalek eskatu izana. Hain zuzen, sozialistei aurpegiratu diete orduko argudioek orain baliorik ez izatea: «Eskuinak pozarren eta guk, aldiz, etsipenez, penaz eta haserre ikusten dugu arrazoirik gabeko obsesioa duela PSNk, eskuinari dion beldur endemikoaren ondorioz. Argudiorik ez denean, aitzakia merkeak baino ez dira geratzen».
Horren guztiaren harira, Inma Juriok erantzun du ez dela horrelako auzietarako garaia, hauteskundeak ate joka baitira. Erasora jo du, eta Geroa Bairi gogoratu dio 2017an gehiengoa zutenean ez zirela ausartu hori egitera, eta orain haiei botatzen dietela errua, «konplexuak» direla eta. Juriok mozioko argudioaren aurka egin du, eta adierazi euskaldunen eskubideak aitortzeak beharrak ezartzen dizkiela euskaraz ez dakitenei.
Tirabira dialektikoak ere sortu dira gobernuko bi bazkide nagusien artean. Arakamak onartu du Mañeruko Udalak mozioa udaberrian bidali ziela, baina ez zutela jaso. Hilabete batzuk geroago jabetu ziren okerraz, eta bide eman zioten eskaerari. Azaroan bidali zion Arakamak lehen mezu elektronikoa Juriori, eta hark aurpegiratu dio Geroa Bai luzamendutan ibili izana, legealdi amaieran gaia politikoki erabiltzeko asmoz. Arakamak irmo erantzun dio: «Ezin didazu leporatu gezurra esan izana, eta are gutxiago zurearen moduko sinesgarritasuna duen eledun batek. Ondo dakizu azken asteetan gaia hizpide izan dugula, eta zuen zalantzen jakitun izanik ere, esperoan egon garela».
EH Bilduko Bakartxo Ruizek PSNri galdetu dio ea noiz den halako aldaketa bat egiteko garai egokia: «Zein da arazoa Mañeruko herritarren nahiari eta udalak aho batez egindako eskaerari ezezkoa emateko? Zein da eskandalua? Zuena askatasuna da, eta borondatea. Udal honek borondatez eta askatasun osoz egin du eskaera, eta, hala ere, atea itxiko diozue. Ez omen da horretarako garaia. Zergatik ez?». Ruizek euskararen arloan «karramarroaren estrategia» izatea aurpegiratu dio PSNri, eta adierazi du aurreranzko urrats bati atzeranzko beste bik jarraitzen diotela.
Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezek nabarmendu du ez duela ulertzen nolatan baztertzen ahal den Mañeruko Udalak aho batez onartutako eskaera. Gogora ekarri du eskualdeko beste herriak eremu mistoan direla eta Mañeru «uharte bat» bihurtuko dela.
Ezezkoaren aldean, Navarra Suma ere egon da, espero legez. Iñaki Iriarteren arabera, euskaldunak gutxiengoa dira Mañerun, eta haien eskubideen aitortza ezin da egin ez dakitenei beharrak ezarrita.