Mankomunitatea, airean

Iruñerriko mankomunitateko burua hautatuko dute gaur 54 hautetsik. EH Bilduren eta Navarra Sumaren arteko lehian, PSNk erdiko bidetik jo du, eta bere hautagaia aurkeztu du

Duela lau urteko batzarrean, Aritz Aiesa, bozkatzeko unean. Berriro ere mankomunitatea gidatzeko ardura izan nahi du. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala eta Iruñerriko Mankomunitatea. Lurraldeko aurrekonturik handienetan hirugarrena kudeatzen duen erakundeko lemazaina hautatuko dute gaur (19:30) mankomunitateko biltzarrera joango diren 54 ordezkariek. EH Bilduk Aritz Aiesa aurkeztu du hautagai gisa; Navarra Sumak, berriz, Juan Jose Etxeberria aurkeztu du. Beste lehiakide bat izango dute, ordea: atzo goizean, ezustean, Maite Esporrinek iragarri zuen PSNko hautagai izango dela. Alta, irabazteko inongo aukerarik gabe, PSNk agintea erraztu dio Navarra Sumari. Baina oraindik ezer ez dago ziurtatuta. Batzarrean parte hartuko duten zortzi hautetsi independenteek erabakiko dute lehia estua.

PSNk balantza alde batera edo bestera biratzeko aukera zuen, baina Iruñeko Udaleko inbestiduran bezala jokatu du. Kasu honetan ere protagonista bera da: Maite Esporrin. Atzo Iruñeko hautetsiak azpimarratu zuen sozialistek euren egitasmo propioa dutela. «Ez dugu gustuko EH Bilduren orain arteko jarduna, eta ez dakigu zer proiektu duen esku artean Navarra Sumak». Esporrinek azpimarratu zuen ez dutela inorekin ezer negoziatu. Argudio hori ikusita, EH Bilduko Aritz Aiesaren ustez «Madrilen agindua bete du PSNk, eta ikusarazi nahi du ez duela inolako harremanik izan nahi». Azaroaren 10eko hauteskundeei begira jarri dira berriz sozialistak, eta atzoko mezuak islatzen du erabakia «inprobisatua» izan dela.

Azken lau urteotan presidenteizan da Aritz Aiesa, eta EH Bilduk lau urteotako ildoari jarraitu nahi dio. Koalizioaren hamalau hautetsiez gain, Geroa Baiko hiruekin hamazazpi baditu, eta bost independentek gutxienez begi onez ikusten dute haren hautagaitza. Alta, Navarra Sumak beste 22 boto ziurtatuta ditu, eta independente batek haiei emango die botoa. Hala, zalantzan dago bi independenteen botoa, eta eurek baldintzatuko dute azken emaitza. Aritz Aiesak «zail» ikusten du bi horien babesa jasotzea. Nahiz eta haiekin hartu-emana izan, oraindik ez diete argitu zer jarrera hartuko duten.

Navarra Sumaren hautagai Juan Jose Etxeberria oso ezagun egin zen iragan legealdi hasieran, Iruñeko osoko bilkura batean. Orduko hartan, bidegorriak zabaltzeko Joseba Asironen udalaren asmoa kritikatu nahian, egitasmoa Sobiet Batasunarekin, Venezuelarekin eta Ipar Korearekin alderatu zuen. Kim Jong-un Ipar Koreako liderrari, gainera, Txin pon Txideitu zion. Ezizen harekin ezagutzen dute askok geroztik.

Anekdotaz harago, biharko hitzordu garrantzitsua hizki gorriz markatua du eskuineko koalizioak. Aukera handiak ditu aurrera ateratzeko. Astelehenean ehun egun bete zituen Enrique Maiak Iruñeko alkate gisa. Haren lehen asteotan argi geratu da gutxiengoan gobernatzen ari dela. 27 hautetsietatik hamahiru lortu zituen koalizioak, baina, gehiengo osoa lortzeko zinegotzi baten faltan, EH Bilduren, PSNren eta Geroa Bairen beharrean dago ezinbestean. Haatik, datozen urteetan egin dezakeenaren aurrekari gisa, Maiak dekretu bidez agindu du, oposizioari jaramonik egin gabe.

Egoera hauskor horretan, haren posizio politikoa sendotzeko balio lezake mankomunitateko agintea lortzeak, eta, horregatik, hori da legealdi hasierako xede nagusia. Herritarrentzat funtsezkoak diren zerbitzuak kudeatzen ditu erakundeak —hala nola hondakinak edo hiri garraioa—. Apustu horrekin, iraganeko joera bat hautsi du Navarra Sumak. Izan ere, UPNren eta PSNren arteko aliantzaren garaietan, sozialistak pozik uzteko trukea zen mankomunitatea. Ondorioz, iraganean PSNren eskuetan egon da erakundea: Javier Iturbe (1999-2003), Javier Torrens (2007-2011) eta Jose Muñoz (2011-2015).Hain zuzen ere, atzo Esporrinek nabarmendu zuen PSNren «ondare horri» jarraipena eman nahi diolako aurkeztu dela bera.

Aurreko legealdian Iruñerrian izandako aldaketa politikoak isla izan zuen mankomunitatean. Orain, lau urteotan egindako bideari jarraitu nahi dio EH Bilduk. Alde batetik, aurreko legealdian onartu zen 2030era bitarteko Hondakinen Plana, eta lau urteotan bide eman nahi diote egitasmoari. Aritz Aiesaren ustez, hondakinen kudeaketan bestelako eredu baten alde egin dezake Navarra Sumak, eta antzera gertatzen da ingurumenaren arloan jorratu ditzakeen beste neurriekin ere. Halaber, lau urteotan hiri garraio publikoaren erabilerak marka historikoak lortu ditu, eta joera sendotu nahi dute. Azkenik, Salesen Iruñeko komentuan mankomunitateak egoitza irekitzeko proiektua geldirik dago, eta hari bultzada eman nahi dio EH Bilduk.

Independenteen zain

Egunotan, EH Bilduko ordezkaritzak bilerak egin ditu bai independenteekin bai PSNrekin. Independenteen kasuan, hitz onak jaso dituzte; begi onez hartzen dute gehienek proiektua, baina, zalantzan dauden ordezkari horien botoak lortu ezean, galdu egingo dute lehia.

Atzo arte, PSNk ez zuen bere posizioa argitu. «Guk bileretan sozialistei helarazi diegu abstentzioak edo euren hautagaitzak Navarra Sumari lehendakaritzara heltzeko modua emango diola».

Azken emaitzak mankomunitateaz haragoko irakurketa politikoa du. Datorren astean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko agintaritza osatzeko bozketa egingo da. Udal esparruko bi erakundeok eskuinaren eskuetan gelditzeak ondorioak izan ditzake parlamentuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.