Atxiloketak

Manifestaziora deitu du U14 kolektiboak atxiloketak salatzeko

Larunbatean eginen dute, Baionan, 19:00etan, herriko etxetik abiatuta. Haien aldarrikapenak «estigmatizatzeko eta kriminalizatzeko enegarren saiakera» direla salatu dute, eta galdetu dute «zein aldetan» dagoen bortizkeria eta «nork sortzen dituen tentsioak».

Joan den uztailaren 14an Donibane Lohizunen egin zuten protesta. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 16a
16:41
Entzun

Frantziako Poliziak lau gazte atxilotu zituen atzo goizean Urruñan eta Hendaian (Lapurdi), uztailaren 14an Frantziako egun nazionalaren harira Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin zuten manifestazioan Jean François Hirigoien auzapezarekin izandako istiluen ondorioz. Arratsaldean laurak libre gelditu ziren, eta Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak BERRIAri jakinarazi zion lautik hiru lege ohartarazpen batekin atera zirela; horietako bi Frantziako bandera lapurtzeagatik, eta beste bat autoritate publikoaren ordezkari bati —Jean François Hirigoien Donibane Lohizuneko auzapezari— eraso egiteagatik. «Neurri alternatibo bat» dela erran zuen prokuradoreak, eta berak jakinarazi ziela auzipetuei. Hirigoienek salaketa ezarri bazuen ere, kasua «itxitzat» eman zuen, eta baieztatu zuen ez dela «atxiloketa gehiago egonen».

Agiri batean, atzo goizean gertatutako atxiloketak salatu ditu uztailaren 14ko mobilizazioa antolatu zuen U14 kolektiboak, eta manifestaziora deitu du larunbat honetarako, 19:00etan, Baionako herriko etxetik abiatuta. Iazko uztailean izandako gertakariak gogora ekarri dituzte, eta auzapezari egotzi diote, beste behin, istiluak sortu izana. Horien arabera, manifestariek banderola bat ezarri zuten herriko etxean, zeinetan «Hau ez da Frantzia, ez Espainia, Euskal Herria da» irakur zitekeen. «Aldarrikapena ez zen Donibane-Lohizuneko auzapezaren gustukoa izan, eta Jean-François Hirigoyen banderola modu bortitzean kentzen hasi zen. Tentsioak gora egin zuen manifestarien eta auzapezaren artean», esplikatu dute. «Azken hau, bere bulegora itzuli zen frantses banderaren koloreetako lepokoa janztera, eta ateratzean, keinu iraingarri bat egin ziren bertan ziren herritarrei. Orduan ikusi ahal izan genuen zenbateraino mespretxatzen dituen euskal kultura eta nortasuna defendatzen duten herritarrak».

Uda garai hartan sortu zituen erreakzioak ere nabarmendu dituzte, Frantziako eskuinari gertakariak «manipulatu» nahi izatea leporatuta. U14 kolektiboaren iritziz, uztailaren 14an gertatutakoa eta ondoren etorritako erreakzio soka kolektiboak plazaratu nahi zituen aldarrikapenak «estigmatizatzeko eta kriminalizatzeko enegarren saiakera» izan zen. Eta, atzoko atxiloketen ondotik, galdetu dute ea «zein aldetan» dagoen bortizkeria eta «nork sortzen» dituen tentsioak. «Zein aldetan da bortizkeria frantses poliziak, goizeko 6:00etan, beren ideiak defendatu besterik egin ez duten gazteak atxilotzen dituelarik? Zein aldetan da bortizkeria joan den astelehenean Hazpandar gazteak beren gaztetxe okupatutik kanporatu dituztelarik neurrigabeko polizia operazio baten bidez? Zein aldetan da bortizkeria Donibane-Lohizuneko bestetan, pertsona bat jipoitu zutelarik euskaraz mintzatzeagatik? Zein aldetan da bortizkeria Frantziako Konstituzio Kontseiluak euskararen irakaskuntza oztopatzen duelarik eta frantses Hezkuntza Nazionalak euskaraz idatzitako brebeta eta baxoaren kopiak zuzentzea ukatzen duelarik? Zein aldetan da bortizkeria luzaz euskara debekatua izan zelarik eta gaur egun ere, ofizialki ezagutua ez delarik?». Kolektiboak argi du erantzuna: bortizkeria Frantziako Estatuak erabiltzen du haien kontra, «eta bere morroiak eta bere poliziak igortzen ditu errepresioa erabiliz euskal gazteen nahiak oztopatzeko».

Horregatik, «borrokan» segituko dutela iragarri dute, eta «inposatuak zaizkigun Frantziaren sinboloei desobeditzen eta Euskal Herri libre bat aldarrikatzen» segituko dutela adierazi dute, larunbatean eginen duten manifestaziora deituta.

EH Bairen sostengua

Dozenaka pertsonak egin zuten protesta, atzo egun osoan, Lapurdiko lau gazteen atxiloketak salatzeko. Eguerdian, 150 bat pertsona elkartu ziren Baionako komisariaren aitzinean Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbleak deituta, eta arratsaldean 200 bat pertsona batu ziren Pausun (Lapurdi) atxiloketak salatu eta atxilotuei babesa erakusteko. EH Baik ere «sostengu osoa» adierazi zien atxilotuei. «Jakobinoa eta nazionalista den estatu frantsesak, itsu-itsuan errepresioaren bidea segitzea aukeratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.