Manifestazioa Orkoienen, PSNren «politika euskarafoboen» aurka

Euskalgintzak salatu du ordenantza berriak «eskubiderik gabe» utziko dituela herriko euskaldunak. Alejandro Lopez alkateak esan du euskaldunek «pribilegioak» dituztela, zerbitzuak bi hizkuntzatan jasotzeagatik.

Orkoiengo euskararen ordenantza berriaren aurkako elkarretaratze bat. BERRIA
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 26a
15:00
Entzun

Iazko ekainetik, PSNko Alejandro Lopezek aginte makila du Orkoienen (Nafarroa). UPN eta Juntos por Orkoien taldeen botoak jaso zituen, eta EH Bildu oposizioan da, boto gehien jasotako zerrenda izanagatik ere. Agintera iritsita, hizkuntza politika aldatzeko urratsak egin ditu Lopezek, eta euskalgintzako eragileek gogor kritikatu dituzte urrats horiek. Alkateak behin baino gehiagotan aipatu du euskara «inposatu» egiten dela, eta euskararen udal ordenantza murritzagoa onartu nahi du. Horren kontra protesta egiteko, manifestaziora deitu du Orkoiengo Euskaltzaleak taldeak. Bihar eginen dute, 12:00etan, herriko pilotalekutik abiatuta.

Azken egunetan, sare sozialetan bolo-bolo ibili da Orkoiengo Udaleko osoko bilkuran grabatutako bideo bat. Bertan, Lopez alkatea azaltzen da, haur euskaldunek dituzten «pribilegioei» buruz hizketan: «Ludoteka bat dugu euskaraz eta gaztelaniaz, eta euskarakoak bietara joan daitezke, baina gaztelaniakoak gaztelaniazkora soilik joan daitezke; hau da, [euskaldunek] bi aldiz zerbitzu gehiago dituzte. Jada ez gara eskubideez ari: pribilegioez ari gara». Euskalgintzako eragile, talde politiko eta norbanako ugarik gogor kritikatu dituzte alkatearen hitzak. PSNk, ordea, babesa adierazi dio Lopezi: esan du haren hitzak «testuingururik gabe» zabaldu direla, baina gehitu du PSNk ez duela inoiz onartuko «euskararen inposizioa».

Orkoiengo Euskaltzaleak taldearentzat, berriz, larriagoa da arazoa: «Adierazpenak egiteaz gain, zoritxarrez, alkatea politika euskarafoboak aurrera atera nahian dabil. Horren lekuko, abenduan aurkeztu zuen euskararen ordenantzaren aldaketa murriztailea dugu, funtsean euskaldunok eskubiderik gabe utziko gaituena, eta alkatearen unean uneko borondatearen menpe». Horri aurre egin nahi diote biharko manifestazioarekin.

Protesta 12:00etan abiatuko da, Orkoiengo frontoitik, eta 13:00etan amaituko da, udaletxeko plazan. Han, adierazpen bat irakurriko dute antolatzaileek. Manifestazioa «jai giroan» egiteko deia zabaldu dute Orkoiengo Euskaltzaleek; horretarako, musika emanaldiak eta haurrentzako jolasak eskainiko dituzte, eta erraldoien konpartsak lagunduta eginen dute ibilbidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.