Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko eskola publikoetako irakasleak grebara deitu zituzten, eta deialdiari eustea erabaki dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin gaur goizaldean izan dituzten negoziazioen ondoren. Kalean erakutsi dute gero beren aldarrikapenen indarra; Bilbon, 11:30ean, manifestazioa atera da Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzatik. Txalo eta suziri artean abiatu dute mobilizazioa.
Gaurkoa zenbatuta, bost eguneko grebaldia egin dute langileek. Gaurko, biharko eta etziko deitu dute grebara aste honetan. Hurrengoan, berriz, astearterako eta asteazkenerako egin dute deia. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek egin dituzten deialdiak, eta 27.000 irakasle inguru deitu dituzte grebara.
Manifestazioaren hasieran, adierazpenak egin dituzte sindikatuetako ordezkariek. «Hezkuntza Sailak kalea harrarazi digu beste behin ere», azaldu du Steilaseko ordezkari Haizea Arbidek. Esan du Jaurlaritzak ondo dakiela zein den bide zuzena «blokeoa» hausteko, eta espero dutela urratsak egingo dituela hori lortzeko. «Negoziazio erreala» aldarrikatu du alde horretatik: «Ez fikziozkoa».
LABen izenean Aritz Villar mintzatu da. Salatu du Eusko Jaurlaritzak azken orduko negoziazioetan egindako proposamenari «zehaztasuna eta edukia» falta zaizkiola: «Bermeak falta ziren». Gogoratu du greba bertan behera uzteko ezinbestekoa dela sindikatuek mahai gainean jarri dituzten eskeei erantzutea. Hori gertatzen ez bada, «kalea hartuko» dute berriz ere.
ELAko Miren Zubizarretak nabarmendu du gaur ere langile askok jo dutela grebara, eta, partaidetzari dagokionez, urtarrileko eta otsaileko grebetan jasotako datuen antzekoak bildu dituztela gaur berriro: «%75etik gorakoak».
Zubizarretaren ustez, horrek argi erakusten du irakasleek abian duten mugimenduaren sendoa dela eta borrokan «tinko» jarraitzeko asmo argia dutela. Zubizarretaren hitzetan, sindikatuak grebak bertan behera uztera «behartzen» saiatu zen atzo Jaurlaritza, eta sindikatuekin «banaka» biltzeko estrategia erabili zuela; jokabide hori deitoratu du ELAko ordezkariak. «Sindikatu batzuk estrategia horretan erortzeko zorian egon ziren, baina zorionez ez zen akordiorik lortu».
CCOOko ordezkari Sonia Aldabek ere berretsi egin du Jaurlaritzaren jarrera itxia izan zela: «Atzo berriro ere argi eta garbi geratu zen Hezkuntza Sailak ez duela negoziatu nahi». Azaldu du horregatik ez zutela akordiorik lortu ia hamar orduko bilera egin eta gero: Jaurlaritzak aurkeztu zien proposamenak ez zuen jasotzen langileek eskatutakoaren «gutxienekoa ere».
Askotariko aldarriak ozendu dituzte manifestazioan. Horra entzunenetarikoak: «Irakasleak borrokan», «Hitzarmena eguneratu», «Euskara lehen lerrora», «Erosahalmena berreskuratu», «Lan osasuna bermatu», «Eusko Jaurlaritza, lan zamak arindu»...
Manifestazioak Kale Nagusia zeharkatu du Arriaga aurrera iritsi arte. Han, Nafarroa kale osoa hartu dute manifestariek, eta Arriaga antzokiaren parean jarritako agertokian egin dute amaiera ekitaldia.
Bukaerako hitzaldian, bosgarren egunez greba egin duten irakasleak zoriondu dituzte sindikatuek, eta Hezkuntza Sailari «itxurakerian» eta «fede txarrez» aritzea leporatu diote: «Sailak badaki zein eduki jarri behar dituen mahai gainean gatazka hau konpontzeko, eta atzo ez zuen horrelakorik egin». Sindikatuen iritziz, Hezkuntza Sailaren helburu bakarra «grebak bertan behera uztea» izan da: «Bost axola zaizkie greba egitera bultzatu gaituzten eskaerak».
Sindikatuek gogorarazi dute hamabost urte daramatzatela lan hitzarmena eguneratu gabe: «Horrek eskoletan gure lana modu egokian egitea galarazten digu». Irakasleen eskaera nagusiak aipatu dituzte: lan zama eta burokrazia gutxitzea, langileen gazteberritze planari ekitea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegua egonkortzea eta abar. Alor horietan guztietan «edukiak eta zehaztapenak» eskatu dituzte.
Sindikatuek uste dute greba dinamikak «mugiarazi» egin duela Jaurlaritza, eta, horregatik, bide horretatik jarraitzeko deia egin diete irakasleei: «Greba eta mobilizazioa da bidea, ez dugu bestelako aukerarik. Orain da garaia». Bihar eta etzi egingo dituzten mobilizazioetara dei eginez bukatu dute ekitaldia.
Sindikatuek emandako datuekin alderatuta, apala da grebak izan duen jarraipenaren harira Jaurlaritzak emandakoa: esan du irakasleen %46k egin dutela greba.
Hiru hiriburuetan
Biharko, berriz, hiru manifestazio dituzte antolatuta: Bilbon, Arriaga plazatik abiatuta; Gasteizen, Bilbo plazatik hasita; eta Donostian, Bulebarretik aterata. Guztiak 11:30ean hasiko dira. Eta ostegunean, Donostian, Bulebarretik aterako da 11:30ean.
Urtarrilean eta otsailean, lau egunetan egin zituzten lanuzteak eskola publikoetako irakasleek. Orduko hartan mobilizazio dinamika zabalagoa izan zen: Haurreskolak partzuergoko langileek eta eskoletako garbiketa eta sukalde zerbitzuetakoek ere egin zuten greba. Igaro asteotan, ordea, sektore horiek akordioak lortu dituzte Jaurlaritzarekin.
Ikusi gehiago