Manifestazioa eginen dute Bilbon, ur azpiko tunelaren kontra

50 kolektibo baino gehiagoren babesa jaso du deialdiak. Subflubialari Ez plataformak salatu du proiektuak ez diela herritarren benetako beharrei erantzuten eta kalteak eragingo dituela.

Subflubiala Ez plataformaren prentsaurrekoa, iazko irailean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Subflubialari Ez plataformaren prentsaurrekoa, iazko irailean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko otsailaren 3a
14:45
Entzun

Subflubialari Ez plataformak manifestazioa eginen du Bilbon otsailaren 8an, Bilboko itsasadarraren bi aldeak ur azpitik lotzeko autobidearen proiektua gelditu dezatela eskatzeko. 50 kolektibo baino gehiagoren babesa jaso du Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako proiektuaren kontrako protesta deialdiak. Plataformako kideen iritziz, ez die herritarren «benetako beharrei» erantzuten, eta, gainera, ingurumenean, gizartean eta ekonomian «inpaktu larriak» eraginen ditu.

Prentsaurrekoan adierazi dute ibaipeko autobideak ez duela lagunduko berotegi efektuko gasen emisioak murrizten, ibilbidea laburragoa izanen bada ere auto partikularraren erabilera sustatuko duelako. Horrez gain, «helburu klimatiko ofizialen aurka» doala erran dute. «Foru aldundiak berak, Eusko Jaurlaritzak, [Espainiako] Estatuko Gobernuak eta Europako Batasunak ezarritako mugikortasun jasangarriko helburuak urratzen ditu, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak (IIA) aitortzen duen bezala».

Proiektuak izanen duen kostu ekonomikoa ere ezbaian jarri dute, obrak hasi aitzin jadanik %10 emendatu dela argudiatuta: 450 milioi eurotik 500 milioira pasatu dela erran dute.

Eta gizartean izanen duen eragina ere gaitzetsi dute, tunelen sarreretatik hurbil dauden eremuetan «zarata, kutsadura eta bibrazioak» jasan beharko baitituzte obrek irauten duten bitartean. «Ibaipekoa martxan jarri ondoren, kutsadura etengabe areagotuko da. Gainera, Artatzako parkean, hain justu aldundiak berak Artatza, Pinueta eta Itzubaltzetako biztanleentzako lehen mailako birika berdetzat hartzen duen tokian, kalte larria izango du, eta inguruko ikastetxeetan eta biztanleen bizi kalitatean ere bai», salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.