Ehunka lagun eta 50 traktore bildu dira gaur goizean Gasteizen, Araban jarri nahi dituzten proiektu energetikoen aurka protesta egiteko. Planta fotovoltaikoak eta parke eolikoak ez ezik, hor sortutako argindarra garraiatzeko eraiki beharreko tentsio handiko lineak ere «lurraldea jasaten ari den jazarpen sistematikoaren» adibidetzat jarri dituzte, eta proiektu handiak geratzeko eskatu.
UAGA nekazarien sindikatuak, Araba Bizirik taldeak eta Bionekazaritza elkarteak antolatu dute protesta, eta amaieran hiruren artean adostutako idazkia irakurri dute. «Araba ez dago salgai!» mezuarekin amaitu da testua, antolatzaileen arabera, lurraldea «interes egoista» batzuen menpe uztea baita energia proiektuen helburua. «Lurraldea birrintzeko prozesua, natura eta landa eremuetan energia masiboak dituzten zentralekin, industria berotegiekin, beharrezkoak ez diren trenbide paraleloekin eta, ziurrenik, etorriko diren beste proiektu batzuekin, interes bakarra dute, eta hori ez da komuna. Interes egoista da, benetako energia-trantsizio baten beharrarekin espekulatuz gezurrezko azpiegitura berriztagarriekin bonbardatzen gaituztenena, beren irabaziak mugarik gabe handitzeko».
Proiektu berriztagarriak «industrializazio plan indiskriminatu eta masibo» bat dira talde horientzat, eta «mendia asfaltotik bereizten ez den industrialde handi bihurtzeko mehatxua» dakarte. «Atzera-bueltarik gabeko eragina izango du lurrarekin dugun harreman moduaren aurka, eta ezinbestean hondatuko ditu mendiak, errekak, gailurrak, mendi-mazelak, pagadiak, larreak eta bertan bizi den eta hain beharrezkoa den bizitza».
Kritikak agintariei
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren «politika erratikoa» salatu dute, «aste batean adierazpen batzuk egin eta hurrengoan kontrakoa egiten baitu», eta are haserreago azaldu dira Amaia Barredo Ingurumen eta Nekazaritzako diputatuarekin, haien ustez «landa bizitzarekiko erabateko mespretxua erakusten baitu etekin ekonomikoak izan ditzaketen proiektu eta eragiketetan». Eusko Jaurlaritza ez da kritikatik libratu, energia berriztagarrien lurralde planaren bitartez «Araba eta Euskal Autonomia Erkidego osoa sakrifizio lurralde» bihurtzen dituelako.
Zentral eolikoen eta fotovoltaikoen proiektu guztiak geldiarazteko eskatu dute, eta «tokian tokiko energia berriztagarriari buruzko proiektu komunitarioak bultzatzeko».
Halaber eskatu dute nekazaritza eta abeltzaintza «bereziki» babesteko, «nekazaritza eta elikagaigintza politikako legea bera garatuko duten politika aktiboak indarrean jarrita».
Energia trantsizioaren alde azaldu dira, baina ez, ordea, enpresa handiek bultzatzen dutenaren aurka: «Trantsizio hori ezin da halakoa izan, baldin eta natura eta landa inguruneetan bizitza ezabatzea badakar. Gure lurraldea, espazioa eta bizitza kentzea besterik ez da, inbertitzaile horien onura esklusiborako».