Manifestazio nazionalera deitu dute larunbaterako Donostian, Palestinari elkartasuna agertzeko

Gernika-Palestina ekinaldiak deitu du mobilizaziora. Jaurlaritzak 500.000 euro jarriko ditu iheslarientzat.

Palestinari elkartasuna agertzeko manifestazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA/ FOKU
edurne begiristain
2023ko urriaren 17a
13:31
Entzun

Gernika-Palestina deialdi herritarrak manifestazio nazionalera deitu du larunbaterako Donostian, Palestinari elkartasuna erakusteko. Deitzaileek agiri batean azaldu dutenez, Gazako «sarraskia» gelditzeko eta konponbide politikoa eskatzeko egingo dute mobilizazioa. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik.

Palestinari elkartasuna agertu diote Euskal Herriko pertsona ezagun ugarik manifestu batean. Besteak beste, kulturan, hezkuntzan, kirolean, feminismoan eta kazetaritzan erreferente diren hainbat lagunek sinatu dute idazkia. Sinatzaileen artean hauek daude: Itziar Ituño, Xabier Madariaga, Eñaut Elorrieta, Maialen Lujanbio, Nekane Balluerka, Fernando Bernues, Izaro Andres, Nora Aurrekoetxea, Juanito Oiartzabal eta Agus Hernan. Sinatzaileek «kezka» agertu dute Palestinatik eta Israeldik iristen diren berriekin: «Bi aldeetako zibilen heriotzak zeharo mingarriak dira eta bake aukeratik urruntzen gaituzte, dagoeneko 75 urtez luzatzen den gatazka honetan». Gogoratu dute Gazaren gaineko bonbardaketa ehunka hildako eta milaka zauritu eragiten ari dela, horietako asko umeak, eta argindarra, ura eta bestelako hornigaiak falta dituztela. Idazkian esaten dute «ondorio humano, sozial eta politiko larriak» dituen larrialdi humanitario bat dela, eta uste dute ez dela onargarria. Hori dela eta, gerra amaitzeko eskatu dute.

Manifestua sinatu duten norbanakoek bost eskari egin dituzte. Batetik, berehalako su-etena eskatu dute, eraso guztiak amaitzea eta zibilen bizitza eta segurtasuna bermatzea. Bigarrenik, Gazaren gaineko «setioa» eta Palestinako lurraldearen gaineko «mehatxua» bukatzea galdegin dute, bai eta laguntza humanitarioa bertara iristea ahalbidetzea ere. Palestinako eta Israelgo herritarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute, halaber. Laugarrenik, konponbide baketsua eta negoziatua bilatzeko deia egin diete alde guztiei, hain justu ere, nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte «zorrotzean» oinarritzen den konponbide bat eskatu dute. Azkenik, premiazkotzat jo dute elkarrizketa prozesu bat abiatzea, bake «justu, egonkor eta iraunkorra» helburu duena.

Euskal Herritik Palestinako herriari elkartasuna agertzeko deia egin dute manifestuaren sinatzaileek: «Sarraskia geldiarazteko gizarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe da: mobilizazioa».

Jaurlaritzak jarraipen mahai bat eratuko du

Palestinako gatazka piztu zenetik hamar egun bete diren honetan, Eusko Jaurlaritzak sailen arteko mahai bat sortu du gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoei erreparatzeko. Egoeraren «larritasuna» eta gatazkaren bilakaera kontuan hartuta erabaki du gobernuak mahaia sortzea.

Mahaiaren helburuak bi izango dira, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Soziala eta 2030erako Agenda saileko idazkariak jakinarazi duenez: batetik, giza krisiari aurre egiteko «Euskaditik egin daitezkeen ekarpenak» baloratzea eta bideratzea, eta, bestetik, gatazkaren ondorioz gerta daitezkeen barne ondorio sozioekonomikoei erantzuna ematea. Mahaia sortzeko erabakiaren oinarrian dago biztanleria zibilaren aurkako «indarkeria, terrorismo eta gerrako ekintza oro» gaitzesteko erabakia, bai eta nazioarteko zuzenbidearekin eta Nazio Batuekin lerrokatzea ere, Fernandezek azaldu duenez. Ildo horretan, nazioarteko bitartekaritza eta konponbide negoziatuaren alde egin du Jaurlaritzak.

Gaur eratu duten mahaia Lehendakaritzaren menpe egongo da, eta bertan parte hartuko dute gobernuko ondorengo sailek: Segurtasun, Gizarte Politika, Hezkuntza, Osasun, Enplegu, Jasangarritasun, Etxebizitza eta Ogasun arloetako arduradunek eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariordetzako kideek. Datorren asteartean elkartuko da lehenbizikoz, 17:00etan. Bilera horretan hartuko duten lehen erabakia izango da UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak egindako larrialdi deialdiari erantzutea, eta horretarako 500.000 euro bideratuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.