«Manifestazio nazionalera» deitu du EH Bilduk azaroaren 18rako

«Euskal Herriak auzi nazionalen inguruko eztabaidan egon behar duelako» egingo du mobilizazioa koalizioak, Bilbon. Otegik lan isila eskatu du inbestidura negoziaziorako

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, atzoko agerraldian. BERRIA.
xabier martin
2023ko irailaren 19a
00:00
Entzun
EH Bilduk «kalera» ateratzeko deia egin die herritarrei, azaroaren 18rako, Bilbon. «Manifestazio nazionala» egiteko garaia dela uste du koalizioko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, Espainian «eztabaida zentral bat» abiatu baita jada «lurraldetasunaren inguruan». Azaroaren 18rako, Pedro Sanchezek gobernua osatuaizango du Madrilen ala zabaldua izango da hauteskundeak berriro egiteko deia. Hala ziurtatu zuen Otegik atzo, eta herritarrak kalera ateratzeko garaia dela azaldu, «arazo nazionalei irtenbide demokratikoa ematearen alde».

Izan ere, koalizio abertzaleko buruak esplikatu zuen Espainiako eskuina eta eskuin muturrakalera aterako direla laster, baina ez amnistiaren aurka soilik, «baita 78ko erregimenaren alde ere». Otegik esan zuen euskal herritarrek «rol zentral bat» jokatu behar dutela «jada abian» den eztabaida garrantzitsu horretan, «eredu autonomikoa erabat agortuta» ikusten baitu, eta Sanchez Moncloara eramateko «funtsezkoak» izango baitira «indar plurinazionalak». Hori guztia kontuan hartuta deitu du manifestazio handi batera EH Bilduk, baina azken urteetan sasoi berean Bilbon egin dituen deialdiekin lotuta; «Euskal Herriak arazo nazionalentzako irtenbide demokratikoa» eskatu behar du, Otegiren ustez.

Inkesta interesatuak

Otegik erreparatu zien indar plurinazional horien artean dago JxC, eta, amnistia eskatzeaz gain, Kataluniako gatazka politikoa gainditzeko aldebakartasunari uko ez egiteko helburua finkatu berri du, PSOErekin abian duen negoziazioari begira. Otegik esan zuen ez duela ezer Puigdemont Generalitateko presidente ohiari esateko, baina, oro har, baduela mezu bat: «Guk isiltasun zuhur bati eusten diogu. Urregile baten lana egiten ari gara, baina pilota PSOEren teilatuan dago. Hobe dugu zarata gutxi eta lan asko egiten badugu». EH Bilduk inbestidurako negoziazio horietan egin dituen eskaeren inguruko galderari erantzunez, koalizioko buruak ziurtatu zuen «ohiko politikan lerro gorriak» jartzea normala dela, baina hori ez dela EH Bilduren «estiloa».

Bestalde, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak garrantzia kendu zion koalizioak Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeak irabaziko lituzkeela islatu duen El Mundo egunkariaren inkesta bati. Otegiren arabera, inkesta horren helburua da «EAJri esatea PPrekin batera joan behar duela». Horregatik, uste du galdeketa horrek «sinesgarritasun gutxi» duela, nahiz eta garbi utzi zuen EH Bildu garaile izan daitekeela hamar hilabete barru. «Gu zirimiri bat gara; ez gaude obsesionaturik gobernatzearekin», erantsi zuen.

Edonola ere, koalizioko buruak bi aukera besterik ez ditu ikusten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak deitu behar dituen bozetarako: batetik, «aliantza politiko agortu bat dago, zuri-beltzean eta ezinean» ari dena, eta, bestetik, «herritarren benetako arazoekin hobeto konektatzen duen alternatiba bat».

EAJ eta PPren arteko bilera

Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramailea eta Cuca Gamarra PPko Kongresuko bozeramailea elkartu egin ziren atzo, Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioari loturiko negoziazioa zela eta. Bileraren ostean Estebanek berretsi zuen EAJk ezetza emango diola Feijoori. «Oso argi esan genuen: ez dugu parte hartuko Voxen botoak behar dituen batuketa parlamentario batean», gogorarazi zuen Estebanek, hauteskundeen biharamunean esandakoa errepikatuz. Azaldu zuen atzoko batzarrean, aurrekoetan bezala, ez zutela edukiei buruz eztabaidatu ere egin. Eta kazetarien galderei erantzunez jakinarazi zuen EAJko presidente Andoni Ortuzar eta PPko buru Alberto Nuñez Feijoo hilaren 7an batzartu zirela inbestiduraz hitz egiteko, eta joan den astean ere hitz egin zutela, telefonoz.

Hain justu ere, Sanchez Moncloara eramango lukeen negoziazioaz hitz egin zuen Ortuzarrek atzo Radio Euskadin; ohartarazi zuen «nahia eta errealitatea» ez direla nahastu behar, eta aditzera eman zuen negoziazioa ez doala EAJk nahi bezain azkar.«Urduritasun gerra bateko fase bat» ikusten du jeltzaleen buruak, eta gako bat eman zuen egoera ulertzeko: «Nork du beldur handiagoa hauteskundeak berriz egiteko?».

Batera edo bestera, EAJko presidenteak abisu argia eman zionPSOEri, alderdi horrek «soilik inbestiduraz» hitz egin nahi omen du eta, «eta ez legealdiaz». Hau da, nabarmendu zuenez, Sanchez Espainiako presidente egin aurretik EAJk jakin behar du zertarako izan nahi duen presidente. «Soilik eskuinak ez gobernatzea ez baita nahikoa arrazoi». Erantsi zuen azaldu behar duela Euskal Herriko eta Kataluniako gatazkekin zer egin nahi duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.