CAFek Israelekin duen «konplizitatea» salatu dute Goierrin

Milaka manifestarik martxa bat egin dute Ordiziatik Beasainera, Israelekin harremanak dituzten euskal enpresen eta erakundeen «konplizitatea» salatzeko, CAF enpresarena «bereziki».

Ordizia
Ordiziatik Beasainera egin dute manifestazioa. GOTZON ARANBURU / FOKU
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 27a
13:59
Entzun

«Israel hiltzaile, CAF laguntzaile», «sionismoarekin negoziorik ez»... Palestinarekin Elkartasuna taldeak gaur Ordizian antolatu duen mobilizaziora bertaratu diren milaka pertsonek zuzen salatu dute CAF tren enpresa, Israelgo gobernuarekin dituen negozioak arbuiatzeko. Antolatzaileek adierazi dutenez, hiru helburu zituen gaurko manifestazioak, eta Israelgo Estatuarekin negozioak eta harremanak dituzten euskal enpresak eta erakundeak salatzea izan da horietako bat.

CAF jarri dute horren eredu nagusi gisa, Jerusalem ekialdean Israelek legez kanpo okupatuak dituen lurretarako tranbiak egingo dituelako. Trenak 28 kilometroko ibilbidea izango du, 1.800 milioi euroko kostua gutxi gorabehera, eta, 2017an, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak adierazi zuen proiektua legez kanpokoa dela, bere ebazpenen aurka egiten duelako.

Hortaz, CAFek Palestinako lurren «okupazioan eta kolonizazioan» duen rola arbuiatzeaz gain, enpresari eskatu diote uko egiteko Jerusalem ekialdeko tranbia proiektu horri. Gauza bera egin zuten duela bi aste, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina eman zionean CAFeko presidenteari, Andres Arizkorretari. Aldundiaren egoitzaren atarian protesta egin zuten hainbat manifestarik, eta Ertzaintzarekin istiluak izan ziren.

Hala ere, beste enpresa batzuk ere aipatu dituzte, M. Torres, Sener, ITP Aero eta Sapa, esaterako. Espainiako eta Frantziako gobernuek, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak eta beste hainbat erakunde publikok ere Gazan gertatzen ari denaren erantzukizuna dutela esan dute, baita horiek kudeatzen dituzten alderdiek ere, izan ezkerrekoak edo eskuinekoak.

Izan ere, instituzio horiek «bakearen alde» egiten dituzten adierazpenak «paper errea» baino ez dira antolatzaileentzat, palestinar erresistentzia «kriminalizatzen» dutelako eta Israelgo Gobernuarekin harreman «ekonomiko, politiko eta militarrak» izaten jarraitzen dutelako.

«Ibaitik itsasora»

Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari buruz ere jardun dira antolatzaileak mobilizazioa amaitzean. Uste dute «kolonizazioan eta apartheidean oinarritzen den entitate sionista horren desagerpenaren bidez eta deskolonizazio prozesu integral baten bidez etorri» behar duela Palestinaren askapenak, eta funtsezkoa iruditzen zaie «klase eta herri zapalduen arteko elkartasuna eta antolaketa internazionalista». Horrekin lotuta, mobilizazioan hainbatetan oihukatu dute «ibaitik itsasora, Palestina aurrera» eta «lapurtutako lurrak berreskuratuak izango dira».

Kontrara, uste dute Palestinaren askatasuna ez dela iritsiko «Israel zilegitzen duen nazioarteko komunitate deiturikoaren eskutik», eta dei egin dute Euskal Herrian «sionismoaren adierazpen guztien aurka» borrokatzera eta erresistentziarako «eskubide osoa duen palestinar herriari elkartasun aktiboa adierazten jarraitzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.