Bostehun bat pertsonak parte hartu dute eskola erreformaren aurkako manifestaldian, goiz honetan, Baionako karriketan; Vincent Peillon Frantziako Hezkuntza ministroak sustatutako «eskolaren berreraikitze» proiektuaren aurka azaldu dira. Horrez gain, hainbat eskola eta ikastola greban dira gaur.
Datu ofizialen arabera, Pirinio Atlantikoetan bi eskolatik bat itxia da gaur. SNUipp (FSU) sindikatuaren datuek, berriz, iraskaleen %80k greba egin dutela diote. Kazeta.info-k emandako datuen arabera, sei ikastola itxiak dira, eta bertze hogeitan eskolak emanak izan dira, irakasle batzuk eskas baziren ere.
Peillonen erreformaren neurri nagusia lehen mailako ikasleen astea luzatzea da. Lau egunez lan egiteko partez, ikasleek lau egun eta erdiz lan egingo lukete; orain arte ez bezala, asteazkenetan egun erdi batean eskolak izanen lituzkete.
Horrez gain, eskola ordutegiak aldatu nahi ditu, enborreko eskolen ordu kopurua txikituta eta eskolaz kanpoko gaiak gehituta: kirola, kultura, musika... Jarduera horien antolatzea herriko etxearen gain geldituko litzateke.
Erreforma hau François Hollande hautagaiaren proposamen bat izan zen. Kanpaina denboran, Frantziako Estatuko irakasleek eta, halaber, Ipar Euskal Herrikoek ez zuten proiektua salatu. Orain, proiektuaren nondik norakoak ikusita, «berreraikitze» proiektuaren aurka altxatzen hasi dira bozak. LAB Irakaskuntza sindikatua, esate baterako, «ikasleen eguneko jarduna arintzen duen egutegi horren alde da, behar den bezala aplikatuz ikasleendako onuragarria delakoan. Baina egiteko moldea» ez zaio «batere egokia iruditzen».
«Egiteko molde» hori hitzartzerik gabe egin dela salatu dute sindikatuek. Bertzalde, herriko etxeek hartu beharko dute eskolaz kanpoko gai horien ardura, horrek dakarren kostuarekin. Herri ezberdinen ahalak ezberdinak direnez, LABek uste du «herriko etxeen arabera ikasleen arteko ezberdintasunak areagotuko» direla.
Sindikatuek, bertzalde, lan eta ikasteko baldintza hobeak eta erreformaren finantzabide handiagoa eskatu dute.