Maleta hutsik duela joanen da

Javier Esparzak iragarri du ez dela berriz aurkeztuko Nafarroako bozetara, «ziklo bat amaitu» delakoan. Helburuak bete gabe esanen du agur, UPN oposizioan betikotuta.

Javier Esparza UPNko presidente eta oposizioko burua Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE.
Ion Orzaiz.
2023ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Beisbolean, strike esaten zaio bateatzaileen hutsegiteari. Batearekin pilota jo ezean, strike; hiru strike eginda, kalera. 2015ean, UPNren izenean batea astintzera atera zen estreinakoz Javier Esparza (Iruñea, 1970), baina haren ukaldiak airea jo zuen, eta ihes egin zion presidentetzaren pilotak. Ordutik, beste bitan saiatu da Nafarroako lehendakari izaten: 2019an eta 2023an. Denetan kale. Hirugarren strike horren ostean, agurra iragarri du: legealdia amaituta, ez da izanen UPNren zerrendaburu 2027ko hauteskundeetan. Balantzea egiteko tenorean, garaipenak eta trofeoak urri dira Agoizko alkate ohiaren bagajean, eta alderdiaren beraren etorkizuna ilunago ikusten da gaur, Esparzak lema hartu zuenean baino.

Nafarroako eskuinaren bozgorailu nagusian egin du iragarpena UPNko presidenteak: Diario de Navarra-ri emaniko elkarrizketa batean. Iragan azaroan, egunkari horrek berak filtratu zuen Enrique Maia ez zela izanen UPNren hautagaia Iruñeko alkatetzarako. Maiak haserrea adierazi zuen filtrazioagatik, eta, are, erabakia atzeratzen saiatu zen, baina azkenerako amore eman behar izan zuen, eta urtarrilean ofizialdu zen Diario de Navarra-k bi hilabete lehenago iragarritakoa.

Esparzak, baina, nahiago izan du polemika orori izkin egin, eta erabaki pertsonal gisara aurkeztu du bere agurra: «Bizitzan zikloak izaten dira, eta nik nirea bete dut jada. Ez naiz izanen Nafarroako Gobernurako hautagai». Hala ere, agurra ez da izanen ez erabatekoa ez berehalakoa: UPNren parlamentuko bozeramaile karguari eutsiko dio Esparzak legealdi honetan, eta alderdiko presidente izanen da apirilean egitekoa den kongresura arte gutxienez.

Batzar horrek eskuin erregionalistari tenperatura hartzeko balioko du. Orduan ikusiko da Esparzak alderdiko buruzagitzari eusteko asmorik duen ala ez, norainoko babesa duen militanteen artean, eta, karguari eustekotan, UPNn bizefalia gailenduko den, lehen aldiz, alderdiko presidentea ez baita Nafarroako Gobernurako hautagaia izanen, eta alderantziz.

Historikoki, eredu horren aurka azaldu dira UPNko presidente guztiak, beren lidergoa kolokan jar zezakeelakoan. Yolanda Barcinak argi eta garbi esan zuen bizefaliak «arazoak baino ez» lituzkeela eraginen, eta alderdian boterea banatzearen aurka hitz egin izan dute Miguel Sanzek eta Esparzak berak ere. Ikusgai da jarrera hori malgutuko duten, azken hamarkada ia osoa gobernutik at eman ostean—2027ko bozak iristen direnerako, hamabi urte beteko ditu UPNk oposizioan—.

Porrotaren errua, PSNri

Diario de Navarra-k argitaratutako elkarrizketan, ohiko diskurtsoari eutsi dio Esparzak, autokritikarik egin gabe: 2015eko, 2019ko eta 2023ko bozen irabazletzat dauka bere burua, eta emaitza horietaz «oso harro» azaldu da, alderdi eskuindarrak lortu baitzuen boto gehien. Areago: Esparzaren irudiko, gaur egun Nafarroako Gobernuko lehendakari ez bada, errua ez da berea, PSNrena baizik. «Egungo Alderdi Sozialistarekin, ez ziratekeen lehendakari izanen ez Miguel Sanz ez Yolanda Barcina», adierazi du.

Izan ere, UPNren presidenteak uste du PSOE dela azken urteetan «aldatu» dena, eta horrek «inflexio puntu bat» eragin duela Iruñean eta Madrilen. «Bere garaian, gobernu egonkorrak osatu ahal izan ziren Nafarroan, izan PSN buru zutenak, UPNren babesarekin, izan UPNko lehendakaria zutenak, PSNk babestuta». Ordutik, baina, sozialistek «marra gorri bat» zeharkatu dutela uste du Esparzak: «PSOEk erabaki du zilegi dela EH Bildurekin itunak sinatzea».

Emaitzei buelta eman ezinik

Sozialisten estrategia aldaketa agerikoa eta ezin ukatuzkoa izanagatik ere, horrek ez du, bere horretan, UPNren gainbehera esplikatzen ahal. 2015ean, adibidez, UPNren eta PSNren botoak batuta ere, ezin izan zuten aldaketa politikoa galarazi. Orduko hauteskunde horietan, lau eserleku galdu zituzten erregionalistek, 19tik 15era jaitsita. UPNk 1987az geroztik lortutako emaitzarik kaskarrenak izan ziren horiek.

Gainbehera azaltzeko, faktore asko aipatu zituzten analista politikoek: Yolanda Barcinak aurreko legealdietan ezarritako murrizketak eta horiek eragindako mobilizazioak, Nafarroako Kutxa desagerrarazi izana, dieten eskandalua, PSNren eta UPNren arteko tirabirak... Handik zortzi urtera, baina, argi dago Javier Esparza ez dela gai izan emaitza horiek hobetzeko. Ez bakarka, ezta koalizioan ere.

Hain zuzen, 2015eko porrotaren ostean, Navarra Suma koalizioa sustatu zuen UPNko buruak. Uste zuen abertzaleei eta ezkerrari Nafarroako Gobernuko ateak ixtea lortuko zuela eskuineko boto ia guztiak zerrenda bakarrean trinkotuta. UPNk, PPk eta Ciudadanosek osatutako eskuineko fronte horrek, ordea, ez zituen erdietsi Esparzak iragarritako emaitza bikainak, eta 20 legebiltzarkide lortu zituzten 2019ko bozetan. Horietatik, baina, 15 soilik ziren UPNrenak. Koalizio hark, gainera, beste albo kalte bat izan zuen: eskuinera erabat lerratuta, PSNrekin itunak sinatzeko aukera lurperatu zuen Esparzak, eta horrek erregionalisten bakartzea eragin zuen.

Horregatik, hain zuzen, Navarra Suma dinamitatzea erabaki zuen Esparzak, eta UPNren siglekin aurkeztu zen 2023ko hauteskundeetara. Sanzen estrategiari jarraikiz, saiatu da PSNrengana hurbiltzen, Barcinaren garaian galdutako zentraltasun politikoa berreskuratu nahian. Alta, horretan ere huts egin du Agoizko alkate izandakoak. 2015ean lortutako emaitza kaskarrak hobetu ezinik eta oposiziora kondenatuta, abiapuntura itzuli da UPN. Esparza hasia da erreleboa prestatzen, baina etorriko denari maleta huts bat utziko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.