Genealogia bat aldaketarantz

Aginte makilaren gaziak eta gozoak ezagutu eta partekatu dituzte Ainhoa Unzuk, Aizpea Otaegik eta Leixuri Arrizabalagak BERRIArekin.

Agirrezabalaga, Otaegi, Unzu
Ezkerretik eskuinera, Leixuri Arrizabalaga, Aizpea Otaegi eta Ainhoa Unzu, beren bulegoetan. A. LOIOLA / J. MANTEROLA / I. URIZ - FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2023ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Zaintzaren gaia agendaren lehen lerroan jarri du mugimendu feministak: zaintza ezinbestekoa da, egunero eta leku oro. Baita politikan ere; nahiz eta, beste hainbat eremutan bezala, ikusezin geratzen den, kudeaketak eta gai handien premiek lehentasunetatik aldenduta. Baina bada hausnarketarako gaia, batez ere, politikan diharduten emakumeen artean. BERRIAk Ainhoa Unzuren, Aizpea Otaegiren eta Leixuri Arrizabalagaren bizipenak jaso ditu, zaintza ardatzean jarrita, zentzurik zabalenean. Hurrenez hurren, Nafarroako Parlamentuan zein PSNn, Errenteriako Udalean (Gipuzkoa) eta Bizkaiko Diputazioan, nor bere sailean, lemazain dabiltza. Azken hamarkadako aldaketaren lekuko eta eragile izan dira. Ez dute ezkutatu zaurgarritasuna, eta lagundu die ahalduntzen hori partekatzeko lagunak izateak eta espazioak edukitzeak. Makuluei esker eutsi diote, eta horrek bihurtu ditu akuilu, gidatzen dituzten lantaldeentzat eta atzetik etor daitezkeenentzat.

Politikaren erritmoak

Olatuaren gainera igo eta eustea izan da lehen erronka hirurentzat.

Ainhoa Unzu 2014an sartu zen PSNren zuzendaritzan, eta 2015etik dago Nafarroako Parlamentuan. «Folio zuri batekin hasi ginen, zuzenean zezenetara!». Maria Txibitek PSNren gidaritza hartu zuenean sartu zen haren lantaldean, eta alderdia eraberritu zuten. Halere, aitortu du zailtasunak izan zituela legebiltzarrak ezartzen dituen erritmoak familiarekin, semeekin eta bizitzarekin uztartzeko. «Sartzen zara konpromiso batzuekin, badaude batzordeak, osoko bilerak, betebeharrak, elkarteekin egon behar da...».

Aurten egin berri dute aldaketa bat ordutegietan, kontziliazioari begira. Batzordeak 09:30ean hasten dituzte, Iruñetik ordu eta erdira bizi den jendea ere badelako parlamentuan. Arratsaldean ere hasierako orduak aurreratu dituzte: batzordeak 15:15ean hasten dira; lehen, beranduago hasten ziren. «Garrantzitsua da kontziliatzeko, eta baita parlamentuko langileentzat ere. 07:00etatik 22:00etara irekiko litzateke parlamentua beste batzuengatik balitz. Nahiago dut aurrera begira hitz egin, ez atzera begira».

Baina parlamentuko erritmoez gain, Unzuk bere gain du alderdiaren erritmoa ere. «Garrantzitsua da jendearekin egotea, entzutea. Ez baduzu entzuten, nola egingo duzu gero lana?». Kanpoko agenda horri dagokionez, mugak norberak jartzen dituela diote hirurek.

Aizpea Otaegi buru den udalak, Errenteriak, 40.000 biztanle ditu. Erritmoa gobernu taldeak markatzen du, egin nahi duen horren arabera, eta oso lotuta ikusten du politikagintza ulertzeko moduarekin. «Oso autoexijenteak gara, gauzak aldatu nahi ditugu. EH Bildun ardura hartzen dugunean, gauzak eraldatzeko da. Nik ezagutu ditut ordezkari politikoak langile publikoen ordutegia egiten dutenak. Horrek ez dauka kontziliazio arazorik, ez dago erritmo bizirik».

Otaegik onartu du autoexijentzia horrek «beti gertu» dagoen alkate izatera eraman duela. «Hori hala da, zaintza ardurarik ez dudalako. Alde horretatik, betetzen dut zaintza ardurarik ez duen gizonaren prototipoa». Ardura hori hartu du une jakin bati lotutako konpromiso politiko gisa.

Leixuri Arrizabalagak ere aitortzen du ezohiko ordutegien zama. «Guk zerbitzu publikoa ematen dugu: 365 egunez. Jendearekin eta eragileekin egon beharra daukagu, eta hori bakarrik egin liteke ohiko ordutegietatik kanpo. Erronkarik handiena hori da, eta uste dut hurrengo urteetan egongo dela jauzi bat, baina distopikoa da, ez? Alde batetik, erakunde publikoak ari gara berdintasun planak sustatzen, eta esparru publikoetan aplikatzen dira, baina arduradun politikoak sistemaren barruan gaude, betebehar batzuk dauzkagu, erantzukizun bat, eta oreka bilatzea beharrezkoa da».

Sarearen garrantzia

Hirurek aitortu dute: haien ardurei eta arduretatik eratorritako presioei euts diezaiekete, sare bat dutelako.

Politikan bizimodu pertsonala antolatzea oso zaila da. Unzuk dio emozionalki ere oso gogorra dela, «gorabehera handiekin». Agerraldi publikoek ematen diote bertigorik handiena. Eta bizitza pertsonala urre gorri moduan zaintzen saiatzen da: «Nik familia daukat, eta kuadrilla, baina haiei ez badiet eskainiko denbora, zer egiten dut hemen? Nire bizitza erreala hori da. Inguruaren %100eko babesa daukat, eta ezinbestekoa iruditzen zait; bestela, zaila da aurrera egitea. Hemen bolada baterako gaude». Parlamentu barruan ere inportantetzat du sare hori: «Emakumeok elkarren artean iritziak partekatzen ditugu, ez bakarrik alderdi barrukoekin. Sare ikusezin hori badaukagu».

Otaegi ezin eskertuago dago udalera iritsi zenean topatu zuen lantaldearekin. «Sartu nintzen taldean bazeuden emakume zailduak eta feministak, aurreko taldetik mantendu zirenak zinegotzi arduretan, eta hori sekulako babesa izan da. Nire hastapeneko bidea haien eskutik egin dut. Horrek dena aldatzen du: laguntzen dizu gertatzen dena irakurtzen, babes emozionala ematen dizu, zaurgarri ager zaitezke. Gero ikasten duzu joko zelaia zein den, erlatibizatzen, esparru pertsonaletik ateratzen eta egiturazkoak diren irakurketak egiten, baina hori ikasketa bat da. Hasieran babestua egotea oso garrantzitsua da, eta nik hori eduki dut; luxu bat izan da niretzat».

Bestetik, udaleko aginte tokietan emakumeak egoteak lanerako toki «atsegin» bihurtu duela zehaztu du: «Duela bi aste udaleko zerbitzu juridikoen bilera batera deitu genuen; zerbitzuetakoak, giza baliabidetakoak, teknikariak eta ni geunden, eta denak ginen emakumeak. Duela hamar urte argazki hori bera dena gizonek osatutakoa zen. Botere formala, gaur egun, udaletxeetan, emakumeen esku dago. Hamar urtean izan den eraldaketa ikaragarria da. Hori ez da guztia, baina asko da». Administrazioan ere eraldaketa prozesuetan murgilduta eta espazio horizontalak bultzatzeko ahaleginak egiten ari direla esan du, «oso hierarkikoa delako».

Arrizabalagak ere ezinezko jo du sarerik gabe aurrera egitea. «Kargu hau hartu ahal izan dut sare egonkor, hurbil eta handi bat dudalako; hori gabe ezingo nukeen. Nik badakit nire egoeran dauden hainbat emakumek ezin dutela, dirutza gastatzen dutela zaintzan; nik, sare horri esker, daukadan agenda bete dezaket, hori barik ezingo nuke».

Ume txiki bi ditu, eta adineko pertsona baten zaintzaile ere bada. «Amatasuna mugarri bat izan da, 36 urterekin. 2017an, alkate, burukide eta legebiltzarkide nintzen ume gabe, eta denera iristen nintzen. Txikiak heldu zirenean, esaten nuen: 'Gaitasuna galdu dut'. Ikasten ari naiz nola uztartu ardura hau eta amatasuna». Alderdiaren babesa ere izan duela nabarmendu du: «Nire kasuan, gizonek desokupatu egin dituzte beraien espazio erosoak, niri leku egiteko. Beti egongo naiz oso eskertuta».

Indarkeria

Biolentzia sinbolikoa pairatu dutela aitortu dute hirurek, indarkeria moduan antzematen ez den indarkeria hori, desprestigioa eta desautorizazioa artikulatzen duen hori.

Unzu: «Gizon batzuek emakume batzuei zuzentzean kirats matxista duen zera bat sumatu izan dut. Norbaitek, nahi gabe bezala, esaten du zerbait, ez dakit esaten zehatz zer, baina emakumeen artean komentatu izan dugu, eta konturatzen zara ez dela zure kontua bakarrik». Gertatu izan zaio gizonak gizonei gehiago mintzatzea berari baino. Parlamentuan, lantalde batean gertatutakoa ekarri du gogora: «Alderdi bateko gizon batek kontseilari bat zoriondu zuen, bere zuzendari guztiak emakumeak zirelako, eta hau esan zuen: 'Zure zuzendari guztiak emakumeak izateak erakusten du emakumeek, saiatzen badira, beste guztion aukera berdinak dituztela, zeren zuk daukazu talde bat soilik emakumez osatua'».

Adierazpen hark ahoa bete hortz utzi zuen, baina, Unzurentzat, larriena da pertsona horrek uko egin ziola komentarioa zuzentzeari, ez zuela ikusi indarkeriarik hitzotan, eta, gainera, bere taldeak babestu egin zuela. «Matxismoa ez da bakarrik eraso fisiko bat, euri fin bat da. Esaten dizute: 'Zer gertatu zaizu?'. Ba ez dakit azaltzen, sumatu dudan zerbait da». Ez du, halere, bizipen lazgarririk gogoan, baina aitortu du askotan erabaki izan duela isiltzea eta irenstea: «Matxismoa badago, eta zapoak irentsi behar dituzu».

«Ikusten duzu jasotzen ari zaren kritika ez dela bidezkoa, eta zaila da jendeak zu biktimismoan ez kokatzea, ez esatea: 'Feminismoaren diskurtsoa baliatzen ari zara biktimarena egiteko'».

 AIZPEA OTAEGIErrenteriako alkatea

Otaegik ere argi identifikatzen ditu, baina uste du ez dela erraza halakoez jendaurrean hitz egitea: «Ikusten duzu jasotzen ari zaren kritika ez dela bidezkoa, eta neurri handi batean emakumea zarelako dela, baina hau guztia esatea oso zaila da. Oso zaila da jendeak zu biktimismoan ez kokatzea, ez esatea: 'Feminismoaren diskurtsoa baliatzen ari zara biktimarena egiteko'. Baina nik zintzoki uste dut oposizioak niri buruz esan dituenak ez zituela sekula Julen Mendozari [aurreko alkatea] buruz esan».

Alkate izateko gaitasun falta leporatu izan diote, adibidez. «Guk gizonei ez diegu prestigiorik ematen, eta harreman sareak nabarmenki gizonen artean eraikitzen dira. Gureak dira elkartasunezko sareak, babes sareak... baina ez prestigiozkoak. Falta zaigu, babes eta elkartasun sareez gain, elkarri prestigioa emateko sarea eraikitzea. Gurea gehiago da superbibentzia sarea, eta gizonezkoena da elkarri prestigioa ematekoa».

Uste du gizonen artean indar handia duela honek: «Agian, ez dute konexio berezirik elkarren artean, baina elkarren ondoan egoteak euren pertsonaia puzten du, eta hobeto kokatzen du; beraz, elkarren ondoan egotea bilatzen dute, biei egiten dielako mesede. Bien balioa handitzen da. Emakumeok ez dugu hori ematen, eta, horregatik, gizonezkoek ere ez dute bilatzen gure alboan egotea». Eta hori transbertsalki gertatzen dela uste du, gizarteko esparru guztietan. «Gauza sotilak dira, baina nik sentitu dut norbait nire autoritatea kolokan jartzen ari zela, eta badakit pertsona horrek berak ez lukeela Julenen autoritatea sekula kolokan jarriko».

Arrizabalagak Gatikako (Bizkaia) Udaleko oroitzapen onak ditu. Gizonez osatuta zegoen orduko Gatikako jelkideen taldea, eta etxera joan zitzaizkion bila: «Nire etxera etorri ziren, eta esan zidaten: 'Bazabiltza jai batzordean, abesbatzan, dantzan... Hori bera egiten segi dezakezu, baina udaletik'. Nire alderdiak nigan sinetsi du. Hor ez naiz sekula kuestionatua sentitu, ez emakumea izateagatik, ez gaztea izateagatik».

Hori gero legebiltzarrean aldatu zela sumatu zuen: gaztea izatea oztopo gisa bizi izan zuen. 31 urterekin hasi zen han: «Bertan ezagutu izan ditut itzal handiko politikariak, eta ez naute aintzat hartu». Hamar urte egin zituen legebiltzarrean, eta hainbat berdintasun formakuntzari eta babesi esker ahaldundu egin zela esan du. Aurtengo udaberritik, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua denez geroztik, izan ditu bestelako bizipen batzuk ere: «Norbaitek esan dit kontuz ibiltzeko ordenagailua zabaltzean, online erosketak egiten harrapa nazakeelako, eta zainduko nauela. Hori Imanol Pradalesi inork ez dio esaten. Edo kirol ekitaldiren batean ere nire fisikoari lotutako komentarioak egin dituzte, eta ni diputatu gisa nago hor. Asko dago egiteko».

«Norbaitek esan dit kontuz ibiltzeko ordenagailua zabaltzean, online erosketak egiten harrapa nazakeelako. Hori Imanol Pradalesi inork ez dio esaten».

 Leixuri ArrizabalagaEuskara, Kultura eta Kirol diputatua Bizkaian

Zuzendu dituzte, halaber, politika tradizionalari lotutako zenbait jarduteko modu. Ezagutu dituzte ohiko jardun gisa alderdiei edo erakundeei zegozkien erabakiak deslekuetan eta desorduetan hartu izan diren garaiak. Beraiek gidatzen dituzten sailetan halakoak baztertu dituzte. Unzu: «Ez da etikoa erabakiak ez hartzea dagozkien tokietan. Eta genero aldagaiak erabateko eragina du. Gauza bakoitzak bere espazioa dauka. Non hartzen dira erabakiak? Bilerak ordu jakin batzuetan jarrita, bilera erabaki hori hartu behar duten pertsonek osatuta, eta dagokion erakundeetan edo espazioetan. Uste dut hor izan behar dutela, ez diskoteketan. Gauza horiek gertatu egin dira. Lehen egiten zen, hori ez dut ezagutu nik».

Desterratu hitza erabili du Otaegik, jardun horiek baztertuta daudela adierazteko: «Hemen desterratu dugu lan bilerak udaletxetik kanpo egitea. Eraikitzaileekiko bazkariak, adibidez. Hori udaletxe honetan desterratuta dago. Bilera bat egin nahi badute, idazkariari ordu bat eskatzeko esaten diegu, eta gustura hartuko ditugu. Konturatzen zara batzuk oraindik logika horietan funtzionatzen dutela. Duela hilabete bat jaso dut bazkari baterako gonbidapena, baina ni ez naiz inora bazkaltzera joango. Normalean horrelako proposamenak gizonengandik etortzen dira, eta sektore maskulinizatuetatik».

Mugimendu feminista

Aldaketak gertatzen ari dira, beraz, baita erakundeetan eta alderdietan ere. Horien guztien jatorrian mugimendu feminista egon dela aitortu dute hirurek, eta uste dute jada ez dutela atzera-bueltarik.

«Nafarroako mugimendu feminista geldiezina da», nabarmendu du Unzuk: «Politika publiko guztien atzean dago, egiten diren txosten guztiek behar dute genero eraginari buruzko txostena». Formakuntzaz galdetuta, berriz, ez dute halakorik jaso. «Zezenetara zuzenean bota gintuzten. Egia da politikan egoteko behar dela kemen bat. Mundu guztia da gai, baina mundu guztia ez da gai sentitzen».

Otaegiren iritziz, mugimendu feministak sekulako tresnak eman ditu: «Erruduntasuna bizi dugu, eta, mugimendu feministak emandako tresnei esker, gai zara zeure buruan eraikitzeko diskurtso bat, zeinetan badakizun egiturazko elementu batzuek eramaten zaituztela hori bizitzera; eta horrek laguntzen du, diskurtso hori eraikitzeak, eta bizi izandakoa hitzez adierazteko testuinguru bat izateak».

Formakuntzek ere lagundu diote ahalduntze horretan. «Zaintzaren ikuspegitik nire kezka taldean dago. Saiatu gara urte hauetan mekanismo formalak eta informalak jartzen gure dinamikan. Adibidez, astero zinegotzi guztien arteko koordinazio bilera egiten dugu, eta beti hasten da taldean partekatuz nola gauden. Horrek aukera ematen du taldearen osasun emozionala neurtzeko. Hau zapaltzeko makina bat izan daiteke, eta horrek laguntzen du humanizatzen. Uste dut ezin garela despistatu: alderdi humanoa eta emozionala zaindu behar dugu».

«Ez da etikoa erabakiak ez hartzea dagozkien tokietan. Uste dut erakundeetan hartu behar direla, ez diskoteketan. Gauza horiek gertatu egin dira».

 AINHOA UNZUNafarroako Parlamentuko lehen presidenteordea

Arrizabalagak ere aitortu du mugimendu feministaren rola: «Politika feministak agendan egotea lortu dute, eta erakundeak eta alderdiak interpelatu gaituzte. Beharrezkoa izan da». Formakuntza asko jasotzeko aukera izan du, eta horrek ahalduntzen lagundu dio: «Adibidez, zer garrantzitsua den gure agintariek lengoaia inklusiboa erabiltzea; edo irudietan, argazkietan gizonak bakarrik agertzen direnean, ez gaude ordezkatuta. Hortik hasi behar genuen. Kontziliazio politikak, berdintasun planak, barne mailan eta erakundeetan. Ordutegiak murriztu, egokitu...». Emakume gehiagok parte hartzea nahi bada, horiek denak egokitzen segitu behar dela esan du. Eta bide horretan bera ere ikasten ari dela aitortu du: «Sistema heteropatriarkal honek erakusten digu 'ez' esatea dela errebeldia ekintza bat ia-ia, eta ez da hori. Zu zeu zaintzeko, zeure burua errespetatzeko eta mugak jartzeko forma bat da. Errespetu osoz ezetz esaten ere ikasten ari naiz».

Kuotak

Azken bi hamarkadetan garatutako berdintasun legeei esker, alderdiak behartuta daude kuota parekideak betetzera eta emakumeen eta gizonen arteko oreka bilatzera: hauteskunde batzordeak ez ditu onartzen zerrenda ez-parekideak. Hirurak bat datoz esatean ez dela hori irtenbide bakarra, baina emakumeak plaza politikorako ateratzeko akuilu izan delakoan daude.

Azken hamarkadan nabarmena izan da emakumeek politikaren lehen lerrora egindako jauzia. Maria Txibite PSNko idazkari nagusi izendatzean sartu zen Unzu, eta gehiengoa zen emakumezkoa talde hartan. Otaegik, taldeaz gain, udal egituretan ere sekulako saltoa eman dela esan du. Eta Arrizabalaga EAJren Bizkai Buru Batzarreko kide ere izan da Itxaso Atutxa buru duen taldean, eta gehienak izan dira emakumeak hor. Hiruren ustez, errealitate horrek ez du atzera-bueltarik, baina badakite erresistentziak egon direla eta egongo direla.

Kuotak ezartzea garrantzitsutzat jo du Otaegik, baina azalarazi ditu zailtasunak: «Oso zaila da emakumeek zerrendan joateari baietza ematea. Esaten digute: 'Ez dut neure burua ikusten, ez naiz gai, handia geratzen zait'... Jendaurrean aritu beharrak ere pisu handia du. Kurioski, gizonezkoek ez dituzte arrazoi horiek jartzen mahai gainean, beren burua hor ikusten dute. Gehienek erantzuten dute lehen kolpean pentsatuko dutela, baina ez dute adierazten zalantza, izan baldin badezakete ere». Halere, aitortu du kuotenak ez duela guztia konpontzen: «Guk EH Bildun oso talde korala daukagu, ez du beti hitza alkateak edo bozeramaileak hartzen, baina joan den legealdian, alderdi jakin bateko emakume baten ahotsa ez nuen entzun ere egin lau urtean osoko bilkura batean. Behintzat, hor daude. Momentu batean iritsiko dira beraiek ere ahotsa altxatzera eta esatera ez dutela kuota bat izan nahi. Ikusgarritasun bat daukate, hor daude. Justiziazkoa iruditzen zait, egia esan».

Aurrera begira

Emanak daude egokitu zaizkien arduretara, eta politikak gauzak aldatzeko ematen dien aukera hori baliatzeko erantzukizuna dutela sinesten dute.

Unzuk argi du bolada baterako hartu zuela ardura. Nafarroan, legealdia hasi berri duten arren, bere lanbidera itzuliko delakoan dago, enplegu teknikari lanera. Baina unean unekoa bizi du, eta parlamentuan gidatzen dituen lantaldeak zein alderdian dituen ardurek okupatzen diote eguna.

Otaegik ere intentsitate handiz bizi ditu egunak, «eraldaketarako konpromisoak garamatzalako lan karga handiak hartzera, administrazioan gauzak aldatzea oso nekeza baita». Eta bide beretik segitu asmo du: «Alkate izateko eta gauzak eraldatzeko eman zaidan aukera hau zortzi urtez edukiko dut, gero hartuko dut atseden. Konpromisotik, horrela bizi dugula uste dut».

Arrizabalagak uste du politikan sartu ez balitz beste bat izango litzatekeela. Alderdi jeltzalearen eskutik egin du bidea, eta politikak ezartzen dituen erritmoen aurka ezin duela egin dio: «Erromantizismoa kendu egin behar da. Hau ez da erraza, beste lan asko bezala, erantzukizun handiko lana da, esposizio handiko lana, ordu asko, baina gero baditu gauza onak: aldaketak bultzatu ditzakegu eta horrek satisfazio handia ematen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.