Goizueta, Arano (Nafarroa) eta Hernani (Gipuzkoa) herrien artean parke eoliko handi bat eraiki nahi dutela jakinarazi du Sustrai Erakuntza fundazioak. Elkarte horren arabera, enpresa pribatu bat ari da proiektua sustatu nahian —ez dute zehaztu zein—, eta Nafarroako eta Gipuzkoako lur eremu handi bati eraginen dio. Fundazioak gehitu du proiektua Madrilen ari direla tramitatzen, «azpiegituraren tamainagatik eta bi autonomia erkidegori eraginen dielako».
BERRIAk jakin duenez, eraikiko balute, inoiz Euskal Herrian egin den egitasmo eolikorik handienetako bat litzateke Urumea ibarreko mendietan paratu nahi dutena: 100 megawatt inguruko potentziako instalazioa litzateke. Orain arte eraiki dituzten zentral eolikorik handienak 50 megawattetik beherakoak dira denak.
Kasu honetan, Espainiako Gobernua ari da tramitatzen egitasmoa, eta enpresak jada eskatu du eskubidea sare elektrikoarekin lotzeko, eta, aldi berean, fidantza batzuk jarri ditu proiektua sustatzeko. Hurrengo pausoa proiektua garatzea eta jendaurrera aurkeztea litzateke. Esanguratsua da egitasmoa kokatuko litzatekeen udalerrietako ordezkariek ez dutela haren inguruko informaziorik jaso oraindik, ez Hernanin, ez Aranon, ez Goizuetan.
Sustrai Erakuntzak ohar batean salatu duenez, parke eoliko handi hori diseinatzeko tenorean, ez dute «plangintza demokratikorik» egin, eta ez dituzte aintzat hartu «gizartearen premiak»: «Nola antolatu eguneroko joan-etorriak, nola arindu eta ordezkatu nekazaritzako eta abeltzaintzako industria eredua, nola sustatu lurraldeen arteko oreka handiagoa, nola birplanteatu industria eredua, nola hartu enplegua eta erreprodukzio lanak banatzeko neurri erradikalak, eta hori guztia biodibertsitatearen eta gure ekosistemen zaintza eta babesa integratuz».
Balantze «kezkagarria»
Nafarroan martxan jarritako proiektu energetikoen balantzea «kezkatzeko eta larritzeko modukoa» dela gaineratu dute oharrean. «Era desordenatuan hedatu dituzte, eta, horren ondorioz, laborantzako eta biodibertsitateko milaka hektarea galtzen ari dira». Adibidetzat jarri dute Adios herrian eraiki nahi duten parke fotovoltaikoa: «Horrek berekin ekarriko du laborantzarako lursail gehienak okupatzea. Horrez gain, baimendu egin dira egun instalatuta dagoen potentzia bikoiztuko duten proiektuak. Urtez urte beherantz doa Nafarroako kontsumo elektrikoa, baina hala ere eutsi egin zaio energia fosilen kontsumoari, eta CO2 gasen emisioa handitu egin da».
Proiektuei «galga» jartzea galdegin du Sustrai Erakuntzak. Salatu du, hala ere, Nafarroako Gobernua «miopia energetiko eta klimatikoak jota» dagoela, eta «multinazional elektrikoak elikatzen» dituela.
Sustrai Erakuntzak nabarmendu du ezen energia berriztagarriei lotutako makroproiektuak, «krisi globalari aurre egiteko alferrikakoak» izateaz gain, «gizartea amildegiaren ertzean jarriko duten konponbide faltsuak» direla: «Etekinen bilaketa eroa, baliabideen kontrolaren aldeko gerra ekonomikoak, behar energetikoak kudeatzeko subiranotasuna herriei ukatzea, oligopolioen botereari eustea, tokiko nekazaritza eta abeltzaintza suntsitzea, planetaren muga biofisikoak ez errespetatzea... Horren guztiaren aurrean, lanean jarraitzea eta mobilizatzea besterik ez zaigu geratzen».
Makrozentral eoliko bat egin nahi dute Urumea aldean
Goizueta eta Hernani artean eraiki nahi dute ehun megawatt inguruko potentziako zentrala. Madrilen ari dira tramitatzen egitasmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu