Etzi hasiko da BECen Wind Europe elkartearen urteroko biltzarra. Energia eolikoaren arloan lan egiten duten enpresen elkartea da, eta adierazi du etorkizunean Euskal Herria haize errota flotagarrien zentro garrantzitsu bihurtuko dela; horregatik antolatu dute biltzarra BECen. EH Bizirik plataformak, berriz, adierazi du «gure naturan, ekonomian, historian zein kulturan» eragin zuzena izango dutela elkarte horretako enpresek Euskal Herriko mendietan egin nahi dituzten proiektuek. Hori dela eta, BECen atarian elkarretaratze zaratatsua egiteko deia zabaldu dute: asteazkenean bertan, 10:00etan.
Protestaren deitzaileek uste dute BECen elkartuko direla «berdez mozorrotutako burbuila ekonomiko berria elikatu nahi duten munduko enpresarien eta politikarien bozeramaileak». Izan ere, haien ustez, energia berriztagarria ekoizteko proiektu industrial handi horiek soilik multinazionalei eta inbertsio funts handiei ematen diete etekina, eta eskatu dute «natur baliabideen suntsipen sistematikoa» gelditzeko eta gizartearen parte hartzea bermatzeko proiektuen garapenean.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak onartzeko duen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala atzera botatzeko eskatu dute, plan horrek aurretik eskaera egina duten hainbat proiekturi bide emango bailieke. Kalkulatu dute 150 bat instalazio gehiago eraikiko liratekeela legea onartuko balitz eta proiektuen eskaerak onartuko balira.
Uste dute energia trantsiziorako eredua aldatu behar dela: «Premiazkoa da paradigma aldaketa: pertsonak eta natura sistemaren erdigunean kokatuko dituena, politika guztietan osasunaren kontzeptua txertatuko duena, eta, ondorioz, klima larrialdiaren testuinguruan balio ekologikoak erabakigarriak izatea kontuan hartuko duena». Haien ustez, ezinbestekoa da hiri eremuetan iturri berriztagarriak bultzatzea, baita energia ekoizpena deszentralizatuagoa izatea, hau da, ekoizpen gune handietan zentratzen ez den produkzio eredu bat sustatzea.
Asteazkeneko protestara dei egiteaz gain, apirilaren 13an Azpeitian (Gipuzkoa) egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia ere zabaldu dute.