Makroeskualde bat behar dela adierazi du Urkulluk

Frantziak eta Portugalek Espainian dituzten enbaxadoreekin bildu da lehendakaria. Parisi eskatu dio Atlantikoko konexioak «azkartzeko»

Jean-Michel Casa eta Iñigo Urkullu, atzo, Madrilen. IREKIA.
Iosu Alberdi.
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Frantziak Europako Batasunarekin hartutako konpromisoaren arabera, Bordele eta Akize (Okzitania) batuko dituen abiadura handiko trenaren igarobidea 2030erako egin behar zuten. Parisek, baina, beste plan batzuk ditu, eta jakinarazi du gutxienez 2042ra atzeratuko dela proiektua; ondorioz, baita euskal Y-a Europa iparraldearekin lotzeko aukera ere. Egoerak kezka eragin du Eusko Jaurlaritzan, eta Iñigo Urkullu lehendakaria indarrak batzen ari da ardatz atlantikoaren alde. Azken urratsa Frantziak eta Portugalek Espainian dituzten enbaxadoreekin biltzea izan da. Atlantikoko makroeskualde baten beharra adierazi die.

Ikusi gehiago:AHTa: lobbyak, epeak eta arriskua

Urkulluren esanetan, beharrezkoa da Parisek energia eta trenbide konexioak «azkartzea», Europan zeharreko Garraioaren Oinarrizko Sarean jasotako konpromisoei men eginda. Lehendakariak Frantziako presidente Emmanuel Macroni berari zuzendu zion eskaera lehenik, gutun bidez, eta orain aurrez aurre azaldu dio Frantziak Espainian duen enbaxadore Jean-Michel Casari. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Frantziako Garraio ministro Clement Beaunerekin bilkura bat lotzeko konpromisoa adierazi dio hark lehendakariari.

Eskaeran indar egin eta Frantziari presio egiteko, Urkullu ahalik eta babes gehien lortzeko lanean aritu da azken hilabeteetan. Martxoaren amaieran, Nafarroako eta Akitania Berriko presidenteekin elkartu zen euroeskualdearen biltzar orokorrean, eta hirurek bat egin zuten AHTaren Atlantikoko ardatza osatzea garrantzitsua dela eta Parisi ezarritako egutegia betetzeko eskatu beharra dagoela.

Aurrez, lehendakariak ideia bera transmititu zuen Galiziako, Asturiasko eta Kantabriako presidenteekin bilduta. Ideiarekin bat egin du Portugalek Espainian duen enbaxadore Joao Mira-Gomesek ere, Portugal Europa iparraldearekin lotzeko bidea delakoan. Gainera, etorkizun hurbilean Europako Batasuneko Garraio komisarioarekin ere bildu nahi du Urkulluk gaiari buruz aritzeko.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren asmoak, baina, AHTaren etorkizunetik harago doaz. Mira-Gomesi eta Casari Atlantikoko makroeskualde bat egituratzeko beharra adierazi die, eta horretarako babesa eskatu. Lehenak erantzun dio proiektua babesteko prest leudekeela; bigarrenak, Parisek ez lukeela arazorik ikusiko, Espainiak EBko presidentetza hartzean gaia agendan txertatuko balu —urte honen bigarren erdian izango da—.

Oreka bila

Eusko Jaurlaritzaren arabera, makroeskualdeak «Portugalgo, Espainiako eta Frantziako Atlantikoko eskualdeak» hartuko lituzke, baita Irlandako ipar-mendebaldea eta Gales ere; hango ministro nagusiak ere babesa adierazi dio Urkulluren planteamenduari. Helburua da Europako eskualdeen arteko oreka berregokitzea, Urkulluren hitzetan: «Erabakiguneak Europako Batasuneko ekialdera mugitzea benetako arrisku bat da Atlantikoko eskualdeentzat».

Bide horretan, «lobby instituzional» bat eratzen ari dela adierazi die Urkulluk enbaxadoreei, askotariko eragileekin elkarlanean. Lehendakariaren asmoa da bertan batzea beste lurralde batzuetako erakundeak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.