Filosofoa

Daniel Innerarity: «Makinak entrenatu egiten dira, baina ez dira jolasten»

Gizakien eta makinen arteko kontratu sozial berri bat defendatzen du Daniel Innerarityk. Teknologiak «histeria» eragiten duen arren, zera argi du: «Arriskua gizakiak gara».

Daniel Innerarity, uztailaren 24an, Donostiako Miramar jauregian. GORKA RUBIO / FOKU
Daniel Innerarity, uztailaren 24an, Donostiako Miramar jauregian. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko abuztuaren 6a
05:00
Entzun

Adimen artifizialaren eta demokraziaren arteko loturaz hausnartu dute Donostiako Miramar jauregian, EHUren Udako Ikastaroetan. Daniel Innerarity filosofoa (Bilbo, 1959) izan da hizlarietako bat. Haren ustez, gizakien eta makinen arteko kontratu sozial berri bat sinatu behar da.

Adimen artifiziala mehatxua da demokraziarentzat, edo aukera bat da?

Orokorrean, gauzak ez dira izaten soilik mehatxu edo soilik aukera: bi aukera horiek ordezkatzen dituzten gauzaz inguratuta bizi gara. Adimen artifiziala tresna bat da, eta ildo batetik zein bestetik erabili daiteke. Arriskua ez da makinek gu ordezkatzea, baizik eta gizaki batzuek makinak erabiltzea gu ordezkatzeko. Azken finean, arriskua gizakiak gara.

Zein da adimen artifizialaren eragin politikoa?

Batetik, gizakion hizketa mota aldatzen du, sareengatik, plataformen existentziagatik, eta komunikazioaren azkartasunagatik, erraztasunagatik eta horizontalizazioagatik. Hori irabazi demokratiko bat da, guztiek izan dezaketelako sarbide errazagoa, baina, aldi berean, desorientazioa eragiten du, baita bigarren mailako beste arazo batzuk ere: erradikalizazioa, burbuilak sortzea.

Bestetik, erabaki kolektiboa eta herri autodeterminazioa oinarri dituen sistema bat da demokrazia, eta ordezkaritza mekanismoak ditu horretarako. Adimen artifiziala lagungarria da denetariko alorretan erabakiak hartzeko: zeini emango diogun mailegu bat, nola diseinatuko ditugun hiria eta trafikoa... Erabaki horien zati bat makinek har dezakete, baina beste zati bat gizakiok hartu behar dugu. Hobeto esanda: demokratikoena zera izango litzateke, gizakien eta makinen arteko ekosistema bat sortzea, eta ekosistema horretan bakoitza zertan den trebeena, ba, horretan arituko litzateke.

Hori da gizakien eta makinen arteko kontratu sozial berria?

Bai. Hori planteatzen ari naiz nire hurrengo liburuan. Atal luze bat izango du gizakien eta makinen arteko kontratu sozial berriari buruz, kontraktualismo zaharrarekin analogia eginez. Subjektuak gehituz joan da: emakumeak, herri kolonizatuak, natura... Orain beste urrats bat egin beharko luke, eta teknologia gehitu.

Hitzaldian azaldu duzunez, «histeria digitala» gailentzen da gizartean. Horrek zaildu egingo luke kontratu hori sinatu ahal izatea?

Garai histeriko batean bizi gara, arlo digitalari dagokionez. Teknologiak berak arazo politikoak konpondu ditzakeela pentsatzen genuen lehen, eta orain, berriz, pentsatzen dugu teknologia elementu antipolitiko bat dela funtsean. Ez da ez bata, ez bestea.

Gardentasuna non dago horretan guztian?

Balio handi bat da, eta oso konplexua. Gardentasun mota asko daude, edo, hobeto esanda, opakutasun mota asko daude. Nahita sortutako opakutasun bat dago, pribatutasun arrazoiengatik edo segurtasun nuklearra babesteko, esaterako. Opakutasun mota hori ez da antidemokratikoa. Sistemaren konplexutasunak berak sortutako opakutasuna ere badago. Asimetria asko sortzen ditu, teknikoek ulertu dezaketelako nola funtzionatzen duen, baina ez-teknikoek ez. Hirugarren opakutasuna zera da: sistema bat garatuko da, eta sistema horrek eboluzionatu egingo du, baina garapen eta eboluzio horiek ezin dituzte sistemaren sortzaileek ere aurreikusi. Hiru opakutasun motak eta eska diezaiekegun gardentasuna oso ondo bereizi behar ditugu. Lehen kasuan, ona izan daiteke gardentasunik ez izatea; bigarren kasuan, berriz, zuzendu egin behar dira adituen eta aditu ez direnen artean sortzen diren asimetriak, eta hirugarrena saihetsezina da hein handi batean.

Gizakiak sortutakoa gizakiak berak kontrolatu ezin izatea da teknologiak sortzen dituen beldur batzuen iturburua?

Gizakien historian, aurreikusteko aukera gutxien eman duen teknologia da ziurrenik adimen artifiziala, eta gizakiok kalkulatu egin nahi dugu, jakin nahi dugu zer etorriko den. Ez zaigu gustatzen ezin iragartzea, baina inguru hauetan bizitzen ikasi behar dugu. Donostian bizitzen ikasi dugu klima kaotiko honekin, eta asmatzen zer arropa jantzi. Antzekoa egin behar dugu teknologia horrekin.

Hitzaldian azaldu duzu adimen artifiziala esplizitura baino ez dela heltzen.

Bai. Adimen artifizialari modu esplizituan eman behar zaio informazioa, eta modu esplizituan azaldu behar zaio zer egoeratan egon daitekeen. Gauza ez-esplizituen portzentajea oso txikia da. Gizakiak oso mundu inplizituan bizi gara. Gizakiok zergatik eteten dugu elkar hainbeste elkarrekin hitz egitean? Batzuetan nik ez dut behar zuk esaldia bukatzea nik jakiteko zer esango duzun. Zuk galdetzen badidazu zer moduz nagoen, eta esaten badizut «hainbestean», informazio pila bat eman dizut, literaltasunean ez dagoena. Itzultzaile neuronal batek ez du ulertzen. Gizakioi geure adimenak errazten digu testuinguruaren berri izatea. Azkar jabetuko naiz nire erantzuna luzeegia ote den, zuk jartzen duzun aurpegiaren arabera.

Intuizioa hor kokatzen duzu?

Noski. Ezagutzarako prozedura ez-sofistikatu guztiak —intuizioa, esan gabe doana, testuingurua ulertzea— oso errazak dira gizakiarentzat. Guretzat zaila da zehaztasuna, prezisioa eta datuak maneiatzea. Makinek kontrakoa egiten dute. Haientzat errazena datu asko erabiltzea da, eta zailena, testuinguru zehatzak ulertzea. Adibidez, oso zaila da makina batek txiste bat egitea edo ulertzea. Gizakiok, denbora gehienean, ez dugu oso serio hitz egiten. Pertsona batek hizkuntza bat ondo ikasi du baldin eta hizkuntza horretan txiste bat egin eta besteek barre egiten badute. Txiste baten konplexutasuna oso handia da, eta hori da humanoena: ironia, zehaztasun falta, txistea, metafora.

Beraz, sofistikatuagoak dira gizakiak makinak baino.

Baliteke. Informazio oso gutxi duten gauzak ulertzeko gaitasun handia dugu gizakiok. Zehaztugabean oso ondo mugitzen gara. Makina batek jakin behar du zer etorriko den une oro; guk ez. Guk ez dugu jakin beharrik. Nola ikasten du ume batek hizkuntza bat? Araurik azaldu gabe. Jolasean. Nola ikasten du nagusi batek hizkuntza bat? Inola ere ez. Gure adimena deformatu da, eta arauak behar ditugu. Horrela ikasten den guztia oso gaizki ikasten da. Ondo ikasten den guztia jolasean ikasten da. Makinak entrenatu egiten dira, baina ez dira jolasten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.