ATZEKOZ AURRERA

Makila bihurtu da haria

Lizarrak alkate euskaldun eta abertzalea dauka 80 urteren ostean. Fortunato Agirre 36ko gerran hildako alkatearen alabek eta bilobek hunkituta hartu dute alkate berriaren izendatzea

Koldo Leoz, Mikele, Mirentxu eta Estibalitz Agirrerekin makilari eusten. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Kristina Berasain Tristan.
Lizarra
2015eko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Mirentxu eta Mikele Agirre ahizpa bikiek, jaio aurretik ere, memorian iltzatuak dituzten une latz ugari bizi izan dituzte, baina gaurkoa egun berezia da, ahaztuko ez dutena. «Oso hunkituta gaude, pozarren; gure aita ere horrela egongo zen gaur». Fortunato Agirre 1936ko irailean hil zuten faxistek. «Taxoaren», dio Mikele Agirrek. «Buruan bi tiro eman zizkioten. Gu handik 34 egunera jaio ginen».

Fortunato Agirre (EAJ) Lizarrako alkate euskaldun eta abertzalea izan zen errepublika garaian, eta hura hil eta 80 urtera, haren lekukoa hartu du Koldo Leozek (EH Bildu). Agirre ahizpak elkarrekin iritsi dira udaletxera, senarrek lagunduta. Lizarrako Geroa Baiko zerrendan doaz; leku sinbolikoan, haien konpromiso politikoa irmoa bada ere. Iruñean bizi dira egun, baina hiriburuan ere egun historikoa izan arren, jaioterrian eta lehen pertsonan bizi nahi dute aldaketaren une esanguratsu hori. Leoz atarian ditu zain. Ongietorria eman die, eta elkarri besarkada eman diote.

Leoz ere neska-laguna eta alabarekin etorri da. «Mirari dauka izena txikiak; nire amak Milagros zuen izena». Koldo Leozek urtebetean galdu zituen ama eta aita, duela 18 urte. Mirentxuk eta Mikelek ez zuten aita ezagutu. Bai, ordea, Leozen gurasoak. Harietan bezala elkarri lotu egiten diren bi kontakizun pertsonal.

Ikusmina handia da Lizarran. Euskal abertzaletasunaren iruditerian, hiri sinbolikoa. Saioa hasi aurretik, txoko batean, hitzak eta pasarteak trukatzen ari dira. «Aita euskalduna zen. Gramatica Vasca liburua beti izan dugu etxean, eta gu ere ekin genion ikasteari, baina aditzekin korapilatu ginen». Leozek barre egiten du. San Fermin ikastolan ikasitakoa dela erantzun die: «Irakasle ikasketak ere euskaraz egin nituen; Nafarroan gaur egun oraindik ere euskara hutsean egin daitezkeen ikasketa bakarrak».

Aita ezagutu ez bazuten ere, haren memoria eta pentsamendua babesten eta zabaltzen eman dute bizitza bi ahizpek. Nafarroan Fusilatutako Senideen Elkartean aritu dira urteetan, eta memoria historikoan egindako bidean aitzindari izan dira. Eta inoiz ez dute ahaztuko Memoria Historikoaren Legea onartu zen eguna, edo aitaren gorpuzkiak hilerrian lurperatu ahal izan zutenekoa. Ezta Lizarrako Udalak ere duela bi urte, aitaren heriotzaren 75. urtemuga betetzen zen egunean bertan, egin zuen omenaldia. Fortunato Agirre aurreneko atxilotuetakoa izan zen, lehen-lehena izan ez bazen; uztailaren 18an, altxamenduaren egunean bertan, eraman zuten preso, arratsaldez, eta 72 egunen buruan hil zuten. Lizarran 38 lagun hil zituzten garai hartan. Udaleko bi langile tartean: Clemente Ros eta Federico Leza.

Fortunato Agirre 1931n aukeratu zuten zinegotzi, eta handik bi urtera alkate. 35 urte zituen. Koldo Leoz alkate berriak 36 urte ditu egun. Mirentxuk eta Mikelek hizketan jarraitzen dute. Aita hil ondorengo urte ilunak nola ez dituzten ahaztuko: «Amari kalean, behin, honela esan zioten: 'Erroak ere akabatu behar zituzten'». Orduan Donostiara joan ziren bizitzera.

Espainiako II. Errepublikaren garaian aitak ikastola martxan jarri zuela ere gogoratu dute. «Gero ikastola itxi, euskarazko liburuak plazan erre, eta euskara debekatu zuten». Estibaliz Agirre biloba orduantxe iritsi da. Harentzat ere egun hunkigarria da. EH Bilduko zerrendan 22. lekuan doa: «Nik ere gazte nintzela galdu nuen aita, eta haren omenez noa zerrendan; EAko zinegotzi izan zen zortzi urtez».

Bozketaren unea

Udal aretoa lepo dago. Bozketa, isiltasunean, eta gero, txalo zaparrada. EH Bilduko hautagaiak hamar boto lortu ditu, bere alderdiarenak (5) Ahora Orainenak (3) eta Geroa Bairenak (bi). Koldo Leozek euskaraz egin ditu lehen hitzak, eta gogoan izan du Fortunato Agirre: «Bere garaietatik gaur egun arte bidea egin dizutenei esker anitz eta zorionak! Inor ez dadila beste inoiz baztertuta izan bere pentsamenduagatik». Leozen alaba txikiari «aita» esaten entzun zaio. Hura izan da une horretako beste protagonista.

Dantzariek aurreskua dantzatu diote alkateari, eta, ondoren, lore sorta jarri dute gerran hildako alkate abertzalearen omenez udaletxe atarian duela bi urte jarritako plakan. Mikele Agirrek bere bizitzaren mantra den esaldia aipatu du: «Hil egin zituzten, baina ez zuten pentsatu hildakoek bizirik zeuden senitartekoak zituztela, eta haiek memoria zutela». Belaunaldiz belaunaldi, eskutik eskura igaro den memoriaren haria makila bihurtu da Lizarran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.