Makil dantza Donostian, aspaldiko ezagunen artean

Goia jeltzalea da aginte makilari eusteko faboritoa, inkesten arabera. EH Bilduren alkategai Izagirre izango da haren lehiakide sendoena

Juan Karlos Izagirre Eneko Goiari aginte makila ematen, 2015ean. J.C. RUIZ / FOKU.
xabier martin
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Marisol Garmendiak PSE-EEren Donostiako alkategai izateko primarioak irabazi zizkion Odon Elorzari, eta, horrekin batera, hiru alkateren arteko lehia bazterturik geratu zen Donostian; aginte makila hartutako hiru hautagai horiek Eneko Goia, Juan Karlos Izagirre eta Elorza bera izango ziren, baina ezagun zaharren arteko makil dantza hori biren artekoa izango da soilik: Goia eta Izagirreren artekoa. Inkesten arabera, PSE-EEko alkategai Garmendia pixka bat urrutirago legoke garaipenetik.

Gauzak horrela, Donostiak Gipuzkoako egoera bera islatuko luke: EAJ eta EH Bildu hazkunderako bidean leudeke, eta koalizioa litzateke gehien haziko litzatekeen indarra. Egungo alkate Goiak, ordea, ez luke arazo handirik agintean jarraitzeko, azken inkesten arabera. Pandemiak ekarritako konfinamenduen kudeaketak eta turismoari lotutako arazoak izan dezakete garrantzia emaitzei begira. Bestalde, boto emaileen joerek argi erakusten dute PSE-EE behera doala, Elorza alkate ohiaren gehiengoak oso atzean utzita, eta EH Bildu, Donostian ere, EAJren alternatiba gisa kokatzen ari dela 2019ko hauteskundeez geroztik.

«Lehenengo eta bigarrengo indarrak direnak hala izango dira bozen ondoren ere, baina beren posizioak sendoagoak eginez, gainera», esan du Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko doktoreak. Donostian ez da Gipuzkoan bezain estua izango bien arteko lehia, baina lurraldeak islatzen duen abertzaleen nagusitasuna islatuko du hiriburuak ere.

«Bi alderdiek osatutako jokaleku batera goazela Gipuzkoan ikusten da argien, eta Donostian ere hori bera islatzen ari da. Podemos oso txiki geratzen ari da, eta PP bitxikeria bihurtzen». PSE-EE ahal duen moduan eusten ari zaio egoerari, EAJk eta EH Bilduk ohikoak dituzten baino eremu sozial zabalagoetan ari baitira botoak lortzen azken urteotan, eta Donostiak oso argi islatzen du egoera berri hori, garai bateko PSE-EE indartsuaren jaitsierarekin.

«EAJk eta EH Bilduk gaitasuna izan dute euren posizioak modulatzeko eta hain abertzaleak izan ez diren hautesle poltsetara iristeko», azaldu du Arrietak. Bata zein bestea alderdi «oroharrapatzaile» gisa jokatzen ari direla uste du; gobernatu nahi duen alderdi gisa, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.