Majarenasen iragana baliatu nahi izan du Izarren aitaren defentsak

Preso ohiaren alaba hiltzen saiatu zen gizonaren aurkako epaiketa hasi da Valentzian. 30 urteko espetxe zigorra galdegin dute fiskalak eta akusazioak, eta eskaera bi urtera jaitsi du defentsak

Erasoaren egunean, etxeko atea hautsi behar izan zuten poliziek, Izar barrutik ateratzeko. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE.
Maite Asensio Lozano.
Valentzia
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Garrantzirik gabeko xehetasunetan korapilatuta, behar bezala ulertzen ez ziren galderak egiten, eta auzi saioan nahasmena eragin nahian, Sara Majarenasen alaba hiltzen saiatu zen gizonaren aurkako epaiketaren protagonista bihurtu zen atzo defentsako abokatua, epailea ernegatzeraino. Haren estrategiaren ildo nagusietako batek porrot egin zuen, halere: euskal preso ohiaren iragana argudio gisa erabili nahi izan zuen, baina epaileak moztu egin zion; gutxienez bost aldiz ahalegindu zen defentsa ETArekin lotutako galderak egiten, eta epaileak denetan jo zituen itaunok desegoki. Valentziako Probintzia Auzitegian (Herrialde Katalanak) hasi zen atzo epaiketa; fiskalak eta akusazioak 30 urteko espetxe zigorra galdegin dute haurraren aitarentzat, Stytianos Messinezisentzat, Izar alaba hiltzen saiatzea ez ezik, amari lesio psikikoak eragitea ere egotzita. Indarkeria matxista kasu bat dela berretsi dute: Majarenasi min egiteko eraso zion gizonak alabari.

2017ko urtarrilaren 15ean gertatu zen erasoa, Izarrek 2 urte eta hamar hilabete zituenean. Haurra amarekin bizi zen Picassenteko kartzelan, baina asteburuetan atera egiten zen, aitarekin egoteko. Baimen horietako batean egin zion eraso gizonak, Benifaio herrian zuen etxebizitzan: Majarenasekin telefonoz hitz egiten ari zela, bi labankada eman zizkion umetxoari; «hiltzen ari da» esan zion amari, eta etxetik alde egin zuen, alaba barruan utzita. Ondoren, bere burua entregatu zuen Udaltzaingoan. Poliziek etxera sartzea lortu zuten, eta haurra oso larri eraman zuten erietxera; bost aste egin zituen ospitaleratuta.

Akusatuak lehen unean aitortu zuenez egindakoa, atzo ere onartu zuen alabari eraso ziola, eta «damututa» dagoela adierazi zuen. Defentsak aringarri guztiak ezartzea galdegin du, eta zigor eskaera bi urtera mugatu du, erasoaren unean Messinezis «burua joanda» zegoelakoan, baina atzoko saioan abokatuak ez zuen tesi horretan sakondu. Akusatuaren deklarazioa trakets samarra izan zen, gaztelaniaz mintzatzeko zailtasunak baititu greziarra eta egiptoarra da jatorriz, baina adierazi zuen Majarenasen «familiaren presioak» eragin zuela erasoa, erlazio txarra zutelako.

Bikote harremana, okertzen

Halakorik ukatu zuen Sara Majarenasek, baita haren gurasoek ere, Donostiatik bideokonferentziaz egindako adierazpenetan. Preso ohiak azaldu zuen sei urtetako bikote harremana izan zuela Messinezisekin, baina 2016ko azaroan ohartu zela zerbait aldatzen ari zela: «Aurrez ere zigortu egiten ninduen, hilabeteak egin zitzakeen deitu edo bisitan joan gabe; gero barkamena eskatzen zidan, eta nik justifikatu egiten nuen. Azarotik aurrera gero eta ohikoagoak izaten ziren bere haserrealdiak, etsaitasunez tratatzen ninduen». Garai hartan, alabaren etorkizuna izaten zuten mintzagai: aurki zen Izar 3 urte bete eta espetxetik ateratzekoa, eta amak aitaren alboan nahi zuen, baina Messinezisek arazo ekonomikoak zituen, eta lan bila atzerrira joatea aztertzen ari zen. «Etorkizuneko planak erori egin ziren. Orduan konturatu nintzen nolako harremana nuen. Eta haurra harekin joaten zenean, beldurrez geratzen nintzen».

Hain justu, Majarenasek nabarmendu zuen ama-alabak tratamendu psikologikoan daudela erasoa gertatu zenetik, eta gogora ekarri zuen trauma osteko estresa duela Izarrek: «Botikak hartu behar ditu lo egiteko, ez du ulertzen gertatu zaiona, eta konfiantza falta handia du, batez ere gizonengan». Defentsaren galderen txandan iritsi zen tentsiorik handiena. Une batean, akusatuaren abokatuak iradoki zuen Majarenasek berak bultzatu zuela erasoa, espetxe baimenak eskatu ahal izateko, eta gero Majarenasi galdetu zion ea «maitasunagatik» hil ote zezakeen aitak alaba; epaileak kargu hartu zion abokatuari, nabarmen haserre.

Erasoaren egunean jardundako udaltzainek eta guardia zibilek ere deklaratu zuten atzo. Erasotzailea atxilotu zuen udaltzainak berretsi zuen Messinezis sinetsita zegoela alaba hilik zela: «Behin baino gehiagotan esan zuen berak hil zuela». Erantsi zuen gizona ez zegoela «urduri», eta antzera mintzatu zen beste polizia bat: «Ez zuen damurik agertu». Umearen erreskatearen berri ere eman zuten: erasotzaileak etxeko giltzarik ez zuenez, eta atea sendoa zenez, zulo bat egin behar izan zuten Izar handik ateratzeko.

Gaur, perituak

Gaur perituek deklaratuko dute. Horiekin amaitzekoa zen epaiketa, baina bi deklarazio atzeratu direla eta, beste saio bat egin beharko da oraindik ez dute egunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.