Sara Majarenas preso ohia 2028ko apirilaren 6ra arte egongo da inhabilitaturik erabat sufragio pasiborako, eta, beraz, Hauteskunde Batzordeak erabaki du EH ezin duela EH Bilduren hautagai izan Astigarragan (Gipuzkoa). Erabakia Dignidad y Justiciaren salaketa baten ondorioa da: elkarte horrek fiskaltzari ohartarazi dio Majarenasek ez duela bete osotasunean inhabilitazioaren zigorra, eta haren hautagaitza baliogabetzeko eskatu dio.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Dignidad y Justiciaren salaketa bat artxibatu zuen aurreko astean, ETArekin lotutako delituengatik espetxean egondako 44 hautagaien auzia dela eta. Auzitegiak ez zuen delitu zantzurik ikusi hautagaitza horiengatik, eta zerrenda horretan zegoen Majarenas bera. Hark inhabilitazio zigor osoa bete gabe edukitzea ez du jo Madrilgo auzitegiak «lege urratze larri» gisa.
Baina auzitegiaren fiskalak Majarenasen inhabilitazioaren berri eman dio Hauteskunde Batzordeari, erabaki bat har dezan. Madrilgo auzitegiak dio batzorde horrek duela eskuduntza hautagaitza bat baliogabetzeko pertsona batek ez dituenean betetzen hautagai izateko baldintza guztiak.
EH Bilduren jakinarazpena
Euskal Herria Bilduk adierazi du koalizio abertzalearen hauteskunde zerrendak osatzen dituzten «hautagai guzti-guztiek» indar politiko horren «Kode Etikoa» izenpetzen dutela. Hautagai denek idazki bat sinatu behar dutela azaldu du EH BIlduk, egiaztatzeko beren «eskubide zibil eta politiko guztiak osorik» dituztela eta «Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren 6., 177. eta 178. artikuluetan aurreikusitako hautaezintasun-arrazoietako batean ere ez daudela».
Idazki horiek Hauteskunde Batzordeari bidaltzen dizkio koalizioa, hauteskunde-zerrendekin batera. «Batzorde horrek balioztatu zituen EH Bilduk Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako udalerri eta hauteskunde-barrutietan aurkeztu dituen hauteskunde zerrenda guzti-guztiak».
Horiek horrela, Majarenasek sufragio pasiborako erabateko gaitasungabetze hori zuenik «ez zekien», EH Bilduren arabera. Kolazioak gogoratu du «Hauteskunde Batzordeak aldarrikatu» zuela haren hautagaitza, «ofizioz irregulartasunik antzeman gabe, eta beste hautagai-zerrendetako ordezkariek ere salatu gabe».