Udal eta foru hauteskundeak Gipuzkoa

Majarenas EH Bilduren zerrendatik at utzi du Hauteskunde Batzordeak

xabier martin
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Sara Majarenas preso ohia 2028ko apirilaren 6ra arte egongo da erabat inhabilitaturik sufragio pasiborako, eta, beraz, Hauteskunde Batzordeak erabaki du ezin dela EH Bilduren hautagai izan Astigarragan (Gipuzkoa). Erabakia Dignidad y Justiciaren salaketa baten ondorioa da: elkarte horrek fiskaltzari ohartarazi dio Majarenasek ez duela osorik bete inhabilitazioaren zigorra, eta haren hautagaitza baliogabetzeko eskatu dio.

Espainiako Auzitegi Nazionalak Dignidad y Justiciaren salaketa bat artxibatu zuen aurreko astean, ETArekin lotutako delituengatik espetxean egondako 44 hautagaien auzia zela eta. Auzitegiak ez zuen delitu zantzurik ikusi hautagaitza horiengatik, eta zerrenda horretan zegoen Majarenas bera. Inhabilitazio zigor osoa bete gabe edukitzea ez zuen«lege urratze larritzat» jo Madrilgo auzitegiak. Baina auzitegiko fiskalak Majarenasen inhabilitazioaren berri eman zion Hauteskunde Batzordeari, erabaki bat har zezan, eta atzo egin zuen.

EH Bilduren erantzuna

EH Bilduk esan du bere hauteskunde zerrendak osatzen dituzten «hautagai guzti-guztiek» izenpetzen dutela indar politiko horren «Kode Etikoa». Hautagai denek idazki bat sinatu behar dutela azaldu du EH Bilduk, egiaztatzeko «eskubide zibil eta politiko guztiak osorik» dauzkatela eta «Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoaren 6., 177. eta 178. artikuluetan aurreikusitako hautaezintasun arrazoietako batean ere ez daudela».

EH Bilduren arabera, Majarenasek ez zekien sufragio pasiborako erabateko inhabilitazioa zuenik, eta gogoratu du Hauteskunde Batzordeak aldarrikatu zuela hautagaitza, «ofizioz irregulartasunik antzeman gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.