Maixan Arbelbide Ipar Euskal Herriko militante feminista historikoa zendu da

Ipar Euskal Herrian ez ezik, Frantzian gaindi ere urte luzez ibilia da Maixan Arbelbide, borroka feministan engaiaturik betiere. Abertzalea eta ekologista ere bazen.

Maixan Arbelbide militante feminista historikoa zendu da. GABRIELLE DUPLANTIER
Maixan Arbelbide militante feminista historikoa zendu da. GABRIELLE DUPLANTIER
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko urriaren 28a
10:00
Entzun

Azken hatsa eman zuen atzo Maixan Arbelbide Ipar Euskal Herriko militante feminista historikoak (1933, Heleta, Nafarroa Beherea), 91 urterekin. Bizi osoan borroka feministan aritu izan da, Ipar Euskal Herritik kanpo ere bai, Frantzian, hainbat emazte taldetan lanean. Feminista ez ezik, abertzalea eta ekologista ere bazen Arbelbide: Abertzaleen Batasunaren kide izan zen, eta Bizi mugimenduaren sortzaileetarik bat. Atzo arrastirian hurbilekoek hedatu zuten mezuan, «beti borrokatzeko prest» zela adierazi zuten.

Ehorzketak asteazkenean iraganen dira, Heletako elizan (Nafarroa Beherea), 15:00etan. Artean, azken agurra egiten ahal zaio Hazparneko hil etxean (Lapurdi): astearte goizean, 10:00etatik 12:00etara, eta arratsaldean, 14:00etatik 18:00etara; eta asteazken goizean, bezperako tenore beretan. 

Feminismoak ardaztu bizia

Gazte-gaztetatik piztu zitzaion militantziarako grina Arbelbideri. 2016an BERRIAk egin zion elkarrizketan, bere feminismoaren jatorria kontatu zuen: «Horrekin begiak ireki nituen. Ama feminista zen jadanik, eta entzuten nion beti hari. Haren inguruko batzuek erraten zuten emazteak behar ziola gizonari obeditu. Hori ez zuen gustuko». Orduz geroztik, beti jarraiki dio.

14 urterekin aita baserrian laguntzen hasi, eta, laster, serora sartu zen kongresu batera. Bertan, jadanik, zenbait jardunalditan parte hartu zuen emazteen egoeraren inguruan, eta gaiaz irakurtzen hasi zen orduan. Beharrean ziren familiengana abian ziren, laguntza ekartzera. Baina borroka molde hori biziki akigarria zitzaion, eta elizan ari ziren emazteen bizi baldintzak hobetzeko sindikatu baten sorreran abiatu zen; ordea, ezin izan zuten proiektua bururaino eraman.

Komentutik atera zen gero, eta neskame izan zen garai batez. Seiehun bat langileko zapata lantegi batean ere aritu zen; greba batean parte hartzeagatik kanporatu zuten. Finean, Pauera (Okzitania) iritsi zen, aseguru etxe batean lana atzeman baitzuen, eta bertan egon zen hamabost bat urtez, militatzen. Beranduago baizik ez zen itzuli Ipar Euskal Herrira.

Nora Arbelbide kazetariaren izeba zen Maixan Arbelbide; «Ttantta». Ilobak irriz oroitu du «beti kexu zen» emazte hura, eta jarraiki: «Pentsatzen dut ukan duela bizi bat aski berezia. Serora sartu zen, eta serora izatea ez da apez izatea, ez dira ber eskubideak, ez ber boterea. Eta, azkenean, komentutik atera zen. Denbora eman dut ulertzeko, baina uste dut anitz sufritu zuela emazte izateagatik jasaten zituen errepresioengatik». Hatsarretik emazteak gizartean duen lekuaren inguruan hausnartzen ibili zen, kaleko militantzian, nolabait errateko, eta baita tradizioaren ikuspegitik, noiztenka. Adibide gisa, haren ilobak gogoratu du Agur jaunak kantuari alternatiba atzeman ziola, feminismotik: «Agur jaunak, eta emazteak» erraten zuen bertsioa zabaldu zen orduan Ipar Euskal Herrian gaindi.

1933an sortua zen Arbelbide, eta garaiak, gainera, zailtasuna ekarriko zion militantzia feministari, baina eutsi zion, eta bizia bukatu arte militatu zuen, garaiei egokituz beti. BERRIAk egin zion elkarrizketan, hain zuzen, kontatu zuen nola urteetan Internet erabiltzen ikasi zuen, eta nola denbora iragaten zuen bertan, informatzen: «Ene gogoa da, halaber, barreiatzea jendeak egiten dituenak». Haren ilobak ongi ulertzen du erranaldi hori, eta lekukotasuna erraz ekarri du: «Ezin nituzke zenbatu egunero bidaltzen zizkigun dokumentuak».

2022an, Nora Arbelbidek salatu zuen Patrick Poivre d'Arvor PPDA hoteleko gelara sartu zitzaiola eta eraso egin ziola, kazetarien mintegi batean zegoela. Frantzian, beste 50 emazte PPDAren kontra mintzatu ziren, eta oihartzun handiko afera izan zen. Arbelbidek erran du bere izebari «hastapenetik» kontatu ziola dena, eta «sostengu handikoa» izan dela beti.

PAF taldeari lotua

Familiatik at, hainbat jendek gurutzatu du Maixan Arbelbideren bidea militantzia sarean. PAF talde feministari oso lotua egon da urteetan, adibidez. Nathalie Riobe militanteak halaxe oroitu du: «Segituan lotu zitzaion mugimenduari. Gehiago hurbildu ezin izan den arte, hitzaldi eta eztabaida bakoitzean agertu da, ibiltzeko zailtasunetan egonik ere. Eta, etxean gelditzera beharturik izan zenean, mezu elektronikoak bidaltzen zizkigun etengabean irakurketa gomendioekin». Hala gisan ilobari.

Bukaera arte militatzen duten horietakoa zen, eta pentsamendua garaiari egokitzen jakin dutenetakoa: «Generoaren eta queer nortasunaren gaiak iritsi zirelarik, hain erraza ere ez zitzaion; bere adinarekin bazuen lotura. Baina lehena zen ulertzen entseatzeko, eta lehena ere aliatzeko, eta borrokatzeko». Riobek erran du «engaiamendu feministaren figura» oso inportantea izan dela horiendako, eta PAFetik at, Arbelbidek bazuela alde «independente» hori zeinak bultzatzen baitzuen elkarte bakarrarekin konpromisoa hartu beharrean feminismotik eramandako proiektu orotan inplikatzeko: Emazteek Diote talde feministan aritu zen luzaz, erraterako. Jende anitzengan eragina ukan zuen, hots, eta haren ilobak PAFeko beste militante baten mezua jaso du goizean: «Anekdotikoa da, berdin, baina uste dut ongi erakusten duela nolako emaztea zen: 'Bere grina ekartzen zuen, hark erraten zuen gisan, eta sistemaren salatzen aritu da beti, makilaz lurra joaz'».

Azken urteetan, militantzia ekologistan ere sartu zen. Bizi mugimenduaren sortzaileetarik bat izan zen. Duela zortzi urteko elkarrizketa berean, hau erran zuen feminismoa eta ekologismoa lotzeko: «Ekologismoak eta feminismoak bizitzaren errespetua defendatzen dute. Dinamika hori biziaren dinamika da». Feminismoaren, abertzaletasunaren, ekologismoaren eta langileen eskubideen borrokatik, bere egin zuen dinamika da biziarena. «Bizia borroka bat da; bizian borrokatzea, niretzat, lorpen bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.