Hogei urte bete du Maite zaitut kanta ospetsuak. Euskal Herriko txoko guzti-guztietan milaka ume, guraso, gazte eta adineko dantzan jarri dituen abesti hori izango da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei herriak egingo dien omenaldiaren abiapuntua eta izenburua. 2025eko maiatzaren 3an ospatuko da, BEC Bilbao Exhibition Centren. Festa erraldoi horretara 14.000 pertsona biltzeko erronkari heldu dio pailazoen omenaldia antolatzeko xedez sortutako kultur elkarteak, Maite Zaitut-ek. Etzi jarriko dituzte salgai sarrerak online, 11:00etan, nikeremaitezaitut.eus atarian. Modu fisikoan ere eskuratzeko modua egongo da, Durangoko Azokan.
Festa handia iragartzeko eta horren nondik norakoen berri emateko, Lasarte-Oria (Gipuzkoa), pailazoen sorterria, aukeratu dute festaren sustatzaileek. Amagoia Mujika Telleria Maite Zaitut kultur elkarteko kideak azaldu duenez, «pailazoen kanta askotan agertzen den eman eta jaso dinamika horren bueltan, herritar talde bat hasi ginen pentsatzen: haiek asko eman digute guri, eta gure zalantza zen haiek gugandik jaso ote duten merezi duten guztia».
Hausnarketa horretatik abiatuta iritsi dira herri omenaldi erraldoiaren ideiara. «Esku askok jositako ikuskizun dibertigarri eta hunkigarria izatea da asmoa. Denok barruan dugun haur hori kanpora ateratzea, sudur gorria janztea, pailazoen unibertso magikora beldurrik gabe jaustea», erantsi du Mujikak.
Musikariak, dantzariak, bertsolariak...
Unibertso hori lortu nahian arituko dira musikariak, abeslariak, dantzariak, antzerkigileak, artista plastikoak, bertsolariak eta beste diziplina batzuetako artistak. Oraindik ez dute egitaraua zehaztu, baina ehunka lagunek parte hartuko dutela adierazi dute. Festa horretan «guk, herriak, euskal irritarrok, pailazoei ozen esango diegu 'maite zaitut' », erantsi du Maite Zaitut kultur elkarteko kideak. Sustatzaileek, badaezpada, argitu dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots ez direla eszenatokian izango. Oraingoan herria izango da ikuskizunaren aktore, eta haiek, ikusle.
Pailazoen ibilbideari errepasoa egin diote gaurko aurkezpenean, eta 37 urteotan euskal kulturari eta gizarteari utzitako altxorra aitortu nahi izan diete. «1987an ekin zioten pailazoek beren ibilbideari. Urte horietan guztietan belaunaldi askorengan utzi dute arrastoa. Jendarte oso bat eraikitzeko zimenduak jarri dituzte, euskarara etorri direnei besoak zabaldu dizkiete, pertsonak lehenetsi dituzte beti mapen aurrean, eta aniztasunaren bandera guztiak zabaldu dituzte lau haizeetara», gogorarazi du Mujikak. «Haien kantak entzuten ditugunean, mundua hobea izan daitekeela sinesten dugu. Hori pribilegioa da, eta gure herrian daukagu».
«BEC edukiontzi bat besterik ez da, eta horri poetika, emozioa eta bizipoza ematea erronka handia da»
AGURTZANE INTXAURRAGAIkuskizunaren zuzendaria
Agurtzane Intxaurragak, ikuskizunaren zuzendari artistikoak, aitortu du «ikaratuta» dagoela erronkari begira: «Itzelezko erronka da BECen gisako areto bat betetzea. BEC edukiontzi bat da, eta horri poetika, emozioa eta bizipoza ematea erronka handia da».
Ikuskizunean diziplina anitzetako artistek parte hartuko dute, eta musika izango da motorra. Pailazoen ibilbide oparoan 500 kanta sortu dituzte, eta horietatik Maite zaitut eta beste hamar abesti aukeratu dituzte. «Horiek baliatuta, saiatuko gara eszenatokian bilduko diren artista eta diziplina anitz horiei guztiei zentzu bat ematen». Gaiei dagokienez, haien ibilbidean mundu ikuskera bat sortu dute: «Bizitzari eta euskarari kantatu diote, baina ez dituzte gai zailak alboratu. Heriotza, minbizia eta migrazioa bezalako gai konplexuak ere jorratzen ausartu dira, eta gu ere horiek guztiak azaltzen ahaleginduko gara».
BECen, Lasarteko plazan bezala
Xabier Zabala urteetan pailazoekin batera aritutako musikaria arduratuko da, hain zuzen, musikaz eta kanten egokitzapenaz. Intxaurragak jakinarazi duenez, «musikaren oinarrian harizko talde bat eta bateriaz, gitarraz eta baxuaz osatutako beste talde bat egongo dira». Oinarri hori hartuta, hamaika kantari, aktore eta dantzari izango dira taula gainean. «Nire erronka nagusia da ordubete eta hogei minutu iraungo duen omenaldiko 14.000 ikusleak Lasarteko plazan baleude bezala sentitzea».
Ane Labaka bertsolari lasartearra izango da omenaldiaren gidoilaria. Labakak gogora ekarri du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek zenbateko garrantzia izan duten bere bizitzan eta ume askoren bizitzan, baita mundua ikusteko moduan ere. «Nola bihurtzen da pasioa gidoi, nola maitasuna festa erraldoi, haragizko eskertza, herri omenaldi? Ezinezkoa da, badakigu. Beraiek ere bazekiten ezinezkoa zela, eta egin zuten. Guk ere egingo dugu», agindu du.