Filosofoa

Markos Zapiain: «‘Maite zaitut, fonema’, esan zezakeen Txillardegik»

Jose Luis Alvarez Enparantzak hizkuntzalaritzaren arloan egindako ekarpenari buruzko lana ondu berri du Zapiainek; ezinbestekotzat dauka haren pentsamendua gogora ekartzea.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2025eko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Txillardegi hizkuntzalari liburua plazara atera berria du Markos Zapianek (Irun, Gipuzkoa, 1964), Elkar argitaletxearekin. Bigarren Hezkuntzan filosofia irakasten egin du lan ibilbidea, eta propio ikasle gazteei Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hizkuntzalari eta idazlea nor izan zen jakinarazteko egindako lanketa bat izan zen liburuaren abiaburua. Txillardegik hizkuntzaren filosofian egin zuen ekarpena aztertu du, eta bere oinarri filosofikoak kontuan hartuta euskara biziberritzeko egin zituen proposamen nagusiak. Pentsamendu horietan hizkuntzaren inguruko ideia oso ederrak daudela uste du Zapiainek. «Txillardegirentzat, hizkuntza olerki baten moduan sortzen du herriak, ez logikaren arabera». 

Zure ustez, zer dakite oraingo gazteek Txillardegiren inguruan? Zer jakin behar lukete?

Gauza handirik ez dakite, zoritxarrez. Beharrezkoa da, eta ez bakarrik euskal literatura edo euskara irakasteko orduan: filosofian ere bai, hizkuntzaren filosofia indartsu bat zeukan Txillardegik. 

Liburuan aipatu duzu euskararekin zuen harreman «oinazetsua». 1929an jaio zen Txillardegi, Donostian, eta euskaldunak zituen gurasoak, baina etxean ez zuen euskararik jaso: gerora ikasi zuen. Horrek arrastoa utzi zion. Ageriko da haren hizkuntzaren filosofian ere?

Bai, modu oinazetsuan maite zuen euskara. Baina esan zezakeen «Maite zaitut, fonema» ere. Fonema ere maite zuen. Hamarraldiz hamarraldi, badu harreman apasionatu bat fonemarekin; hau da, ez euskararekin bakarrik, batez ere euskararekin, baina baita edozein hizkuntzaren ezaugarri unibertsalekin ere. Baina, bai, berak esaten zuen: «Sunbillako lagunek, Oñatiko lehengusuek, Igara eta Aieteko baserritarrek erabiltzen duten hori zer arraio da? Nire gurasoek badakite eta ez didate transmititu. Hemen badago zerbait oso-oso arraroa. Ikertu behar dut zer gertatzen den». Eta Txillardegiren ikerketaren ondorioa izan zen zerbait oso bidegabea gertatzen ari zela: herri baten heriotza. Zenbaitentzat herriak sortzen dira eta desagertzen dira, espezie naturalak sortzen dira eta desagertzen dira, inperioak ere sortzen dira eta desagertzen dira... Ez dugu esajeratu behar. Txillardegik, ordea, ez zuen horrela ikusten: ikusten zuen zerbait egin ahal dugula oraindik, gure erosotasuna sakrifikatuz gero. 

«Txillardegiren ikerketaren ondorioa izan zen zerbait oso bidegabea gertatzen ari zela: herri baten heriotza»

Hain zuzen ere, tentsioaren aldekoa da Txillardegi, ezta?

Bai, ez zaio iruditzen tentsioa saihestu behar denik aurrez aurreko harremanetan, kalean. Espainiarrek eta frantsesek sumatu behar dute hemen gaudela euskaldunak, eta horrek tentsioa sortzen badu, ba, aurrera. Gure egoera diglosikoan, iruditzen zaio hori dela borroka bide bakarra. 

Zer bide egin zuen hizkuntzaren filosofo moduan Txillardegik?

Berak kontra egin zien, batetik, jeltzaleen artean nagusi ziren zakuzale deitutakoei. Haiek esaten zuten: «Berdin dio zaldi zein caballo esan. Ez da hain garrantzitsua. Azken batean, zer da hizkuntza bat: zaku batean sartutako hitz bilduma bat». Bestetik, Txillardegik kontra egiten zien klasea herriaren gainetik jartzen zutenei ere; haiek pentsatzen zuten klaseak erabakitzen duela mundu ikuskera, eta ez hizkuntzak. Txillardegik pentsatzen zuen, ordea, hizkuntzak erabakitzen duela, batez ere, mundu ikuskera. Eta Txillardegik eta marxistek izan zituzten eztabaiden eraginaren oihartzun nabarmenak daude gaur egun, adibidez, GKSkoen eta Ernaikoen artean dauden eztabaidetan; esaldiak hitzez hitz errepikatzen dira askotan. Beraz, bai, Txillardegik orain dela 55 urte esandakoek gaurkotasun itzela dute askotan. Sasoi hartan polemika handia zegoen unibertsalisten eta erlatibisten artean ere; Txillardegik erlatibisten artekotzat zeukan bere burua, garai batean behintzat. Gero erlatibistak heriotza klinikoan egon dira hainbat hamarralditan, eta orain sekulako indarrarekin berpiztu dira; Txillardegik 1972an argitaratu zuen Hizkuntza eta pentsakera liburuak dakartzan hainbat arrazoi ikusten ditugu berriro Youtuben eta sareetan, adibidez. 

«Txillardegik eta marxistek izan zituzten eztabaiden eraginaren oihartzun nabarmenak daude gaur egun, adibidez, GKSkoen eta Ernaikoen artean dauden eztabaidetan»

Txillardegik ezagutza oso handia zuen garai hartako filosofoek ziotenaren inguruan. Hori agerian uzteko ahalegina ere egin nahi izan duzu?

Oso ondo ezagutzen zuen garai hartako hizkuntzalarien lana: Edward Sapir, Roman Jakobson, Ferdinand de Saussure... Gero, berak biologoei esker topatu zuenean hizkuntza ez dagoela matematiketan bakarrik, edo ordenagailuetan, edo giza mintzairan, edo mitologian, edo totemismoan, baizik eta bizitzan...

Biologiaren funts berean?

Hori da. Guk bagenekien idazten dugula, baina biologiak erakutsi digu idatzita gaudela.

Gure DNAn...

Hori da: testua gara. Molekulek bazekarten hizkuntza, eta hizkuntza, gainera, ez da metafora bat: hizkuntza bat da. Badauka nolabait ere azpiegitura sistematiko bat esanahirik gabea, baina esanahiak bideratzen dituena. 

Liburuan ondo jasota dago horretaz jabetzeak Txillardegiri eragin zion lilura, eta horrexegatik diozu, hain justu ere, fonema ere maite zuela?

«Maite zaitut, fonema», esan zezakeen perfektuki Txillardegik, «Maite zaitut, euskara» bezala. 

Liburuan propio aipatu duzu soziolinguistikaren arloan egin zuen ekarpena ere. Matematikaren bidez aztertu zuen. Haren ekarpena gaur egun Iñaki Iurrebasok egin duenarekin lotu duzu. Lotura argia da bien artean?

Bai, Txillardegik soziolinguistika matematiko bat asmatu zuen, gizarte diglosikoetan aplikatzekoa. Neurtu zuen gurea bezalako gizarte batean zenbat elkarrizketa gerta daitezkeen euskaraz, eta zenbat gertatzen diren derrigorrez gazteleraz. Baina berak ez zuen oinarri enpirikorik. Modu deduktiboan ondorioztatu behar izan zuen zer gertatzen zen, eta haren ondorioak bat datoz orain Iñaki Iurrebasok behetik gora, modu induktiboan, atera dituenekin. 

«Haren ondorioak bat datoz orain Iñaki Iurrebasok behetik gora, modu induktiboan, atera dituenekin»

Txillardegik argi eta garbi lortu zuen euskararen biziberritzea estatu baten egituratzearekin, eta haren ideia ezagunetarikoa da. Nola aurkeztu duzu hori?

Bai, eta hori ez zuen bota magoak untxia kapelatik ateratzen duen eran; sakon ikertu zuen historian zer gertatu den ikusteko, eta ia ez dago salbuespenik. Berak esaten du, adibidez, unbriera edo oskoera [hizkuntza italikoak dira biak] baino errazagoa, edo interesgarriagoa edo praktikoagoa ez zela latina, baina nagusitu zen Erromako estatuak bere hizkuntza propiotzat hartu zuelako, eta inperioa desagertu zenean, ahulduz joan zen. Israelen erabat hilda zegoen hebreera, baina estatuak bultzatu zuen modu serioan, eta orain bizi-bizirik dago. Txillardegik argi ikusten zuen hori: estatuaren jabe dena aurrera doa.

Tentsioaren aldekoa zen. Hala ere, hainbatetan liluratzeko gaitasunari erreparatu nahi izan zaio euskara zabaltzeko orduan, erdaldunak limurtzeari. Horrek, Txillardegik uzitako lezioen arabera, baditu ondorio batzuk, ezta?

Bai, Txillardegik esaten zuen hori ez dela nahikoa, estatuaren tresnez jabetu behar dela.

Usu, ordea, «inposizioa» eta halako hitzak agertzen dira euskara lehenetsi behar dela esaten denean, eta migratzaileen egoerari ere erreparatzen zaio, haien egoera zaurgarriari. Txillardegik ere jardun zuen gai horretaz. Zer mezu nabarmenduko zenuke?

Txillardegik errespetu maximoa eskatzen zuen etorkin ekonomikoentzat, miseriatik ihesi zetozenentzat, eta eskubidea beren hizkuntzari fidel izateko etxean, eta beren jatorrizko aberriari. Baina esaten zuen: «Euskaldunok ere errespetua merezi dugu». Simetria bat eskatzen zuen. Baina Txillardegik, bihotzez, erabateko enpatia eta elkartasuna erakusten dio etorkinen borroka antikapitalistari.

«Errespetu maximoa eskatzen zuen etorkin ekonomikoentzat, miseriatik ihesi zetozenentzat»

Zer bide erabil daitezke Txillardegiren lana ezagutarazten jarraitzeko?

Irakaskuntzan gero eta material gehiago dago Txillardegiren obraren inguruan. Ez legoke batere txarto Hizkuntza eta pentsakera eta halako liburuak gaurkotzea, Txillardegik berak egingo lukeen bezala, euskara batuaren arabera, eta online ipintzea.

 

´Txillardegi gogoan' aldarria ozentzeko deia

Txillardegi Udal Liburutegia izeneko herri ekimenak berritu egin du deia: Txillardegiren aitortza «publiko zein ofizialean» aurrera urratsak egiten jarraitu behar da. Onartu dute hainbat aurrerabide egin direla urteotan, baina aldarri nagusietako bat oraindik lortzeko dagoela gogoratu dute: «Tamalez, udal liburutegiari Txillardegi izena jartzea ez dugu lortu oraindik». Hain justu ere, Donostiako Udalari askotan egindako eskea da, oraindik gauzatu ez dena. «Agian, udal hauteskundeetan osatutako udal berriak bere legealdia amaitu aurretik aukera horri ateak zabalduko dizkio», adierazi dute eskabidearen alde ari direnek. Aurten Euskaraldia egingo dela gogoratu dute, eta hor euskararen alde egingo diren jardunbideek hauspotu egin dezaketela aldarria. Bide batez, Txillardegi gogoan aldarria ozentzen jarraitzeko laguntza eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.