Espainiako Vox alderdian urak nahasita daude, eta haren eraginak Nafarroara iritsi dira. Parlamentarietako batek, Maite Nostik, alderdia utzi du. Dena den, eutsi egingo dio parlamentari karguari.
Espainiako zuzendaritzak hautatu zuen hautagai izateko. Nosti 37 urtez izan da mediku osasun sistema publikoan.
Diario de Navarra egunkariari emandako azalpenen arabera, egungo alderdiak «apur bat aldatu egin du bere ideologia». Ez du gehiago zehaztu nahi izan, barne erregimeneko kontuak direla argudiatuta. Parlamentari aktari zergatik eutsi dion galdetuta, esan du kargua «berea» dela eta orain talde mistora pasatuko dela. Onartu du agian transfuga gisa hartuko dela bere kasua. «Nik nire ideiak defendatuko ditut hemendik aurrera ere, eta haiek defenda ditzatela eurenak». Egun ez dago inor talde mistoan.
Nahiz eta azalpenik ez eman, baliteke asteleheneko eledunen batzordean jazotakoarekin zerikusia izatea. Terrorismoari buruzko adierazpena bozkatzerakoan, Nostik testua babestu zuen, baina alderdiak adierazpenaren kontra egin nahi zuen. Adierazpen horrek atzo egin zen ekitaldi ofiziala babesten zuen. UPN, PP eta Vox ez ziren bertaratu Nafarroako Gobernuko Terrorismoaren Biktimen Europako egunean antolatutako ekitaldi horretara.
Elkarte izateari utziko dio
Dena den, litekeena da bere erabakiak ondorioak izatea. Egun, Vox ez da parlamentu talde bat, elkartea baizik. Araudiak eskatzen du elkarte batek gutxienez bi kide izan behar dituela, eta, Nostik utzi egin duenez, Jimenez pasatuko da talde mistora, Nafarroako Parlamentuko iturriek zehaztu dutenez.
Hala, Nosti atxiki gabeko parlamentari izango da aurrerantzean, 2011-2015 legealdian Geroa Baiko bi parlamentariekin gertatu bezala —Aralarrek EH Bildurekin bat egin eta Nafarroa Bai koalizioaren hausturaren ondorioz, Aralar-NaBai taldea utzi zuten Manu Aierdik eta Patxi Leuzak—. Horrek esan nahi du legebiltzarreko hainbat kargu galduko dituela. Nolanahi ere, aukera izango du batzorde batean parte hartzeko, eta Ekonomia eta Ogasun batzordean parte hartzea erabaki du Nostik —batzorde horretan eztabaidatzen dira zerga neurriak eta aurrekontuak—.
Baliteke erabakiak ondorio gehiago izatea, baina parlamentuko zerbitzu juridikoek aurretik txosten bat egin beharko dute. Biharko osoko bilkura hasi aurretik, Parlamentuko Mahaia bilduko da Nostiren eskaria aintzat hartzeko. Biharko saioan, Vox-eko jarlekuan eseriko da.
Maite Nostik 2023ko ekain erdialdera hartu zuen parlamentari kargua, eta, urte horretako datuen arabera, sei hilabete eta erdian 35.154 euro gordin kobratu zituen —25.972 euro garbi—.
Parlamentuan legealdi honetan eztabaida egon da, Vox-eko bi parlamentariek maiz bere funtzioa bete ez dutelako eta, justifikaziorik gabe, batzordeetara joan ez direlako. Legealdiko lehen sei hilabeteetan, Nosti eta Emilio Jimenez parlamentariek ez zuten parte hartu antolatutako lau jardueratik batean: ez ziren joan 119 batzordetatik 21era, eta kale egin zuten parlamentutik kanpo egindako 22 bisita instituzionaletatik hamazazpitan.
Absentismo horri buruz galdetuta, Nostik berak aipatu du parlamentuko batzordeetako lanak ez duela askorako balio: «Zer nahi duzue esatea? Batzorde askok ez dute ezertarako balio, soilik balio dute laguntxoak euren arazoak azaltzera etor daitezen», esan zuen bere garaian.