Maite Lafourcade Baionan sortu zen, 1934an. Ezkondu eta berehala, abiatuak zituen zuzenbide ikasketak bertan behera utzi zituen; gustu hura, haatik, buruan nonbait atxikiko zuen, zeren senarrarengandik bereizi eta ikasketei laster berriz lotu baitzitzaien. Bizitza guztian euskal zuzenbidea landu du, erretretara sartu ondotik ere. Atzo zendu zen, 91 urterekin.
Ikasketa prozesuan sartu, eta unibertsitate ibilbide luze eta aberatsa egin zuen: Zuzenbide Pribatuko eta Zuzenbidearen Historiako Goi Mailako tituluak atera zituen Parisko Unibertsitatean; doktoretza tesia idatzi zuen Luis XVI.a erregearen garaiko Lapurdiko ezkontza kontratuez; Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasle izan zen Baiona, Angelu eta Miarritzeko Diziplina Anitzetako Fakultatean ez ezik baita sortu eta zuzendu zuen Euskal Ikasketen Ikerketa Zentroan ere... Erretretara sartu ondoan, segitzailerik ez baitzuen, euskal zuzenbidea irakasten jarraiki zuen Euskal Ikasketak egiten zituzten ikasleei.
Boterea etxeetan
Tesi lana egiten hasi zelarik, Euskal Herriko zuzenbidearen inguruko interesa piztu zitzaion: harritu zen, berak fakultatean ikasitakoarekin antza gutxi zuelako. Nora Arbelbide kazetariak Eusko Ikaskuntzaren Eusko Newsen egin zion elkarrizketa batean, hala definitu zuen euskal zuzenbidea: «Gizarte eredu bat zen. Etxeetan oinarritua zen boterea, Euskal Herri osoan. Euskal gizartea mendeetan zehar nola antolatu zuten erakustera ematen du zuzenbide horrek. Inguruan ikusten ez zen espiritu bat azaltzen du. Zuzenbidea ez zen indibidualista».
Zenbat eta gehiago ikertu, orduan eta liluratuagoa zegoen Lafourcade, orduan eta gehiago jakin nahi zuen aurkitu berri zuen sistema hartaz, «antolakuntza sozial orekatu, ez-dogmatiko eta igualitarista hartaz»: «Jabegoa kolektiboa zen, eta zatiezina; ez zegoen estatuaren inolako kontzepziorik...».
Bazen, ordea, arreta bereganatu zion beste ezaugarri bat. Haren ustez, emazteen ikuspegitik ere interesgarria zen euskal zuzenbidea: ber elkarrizketan, azaldu zuen ez zegoela ezberdintasunik bi sexuen artean, «ikuspegi juridikotik begiratuta». Hain zuzen ere, «etxeko zaharrenak zuen etxea eskuratzen, gizon ala emazte; ezadostasun bat baldin bazegoen senarrarekin, emaztearen hautuak zuen balio».
Jabetu zen Iparraldeko eta Bizkaiko sistema juridikoak bat zetozela, bat zirela: «Inolako batasun politikorik izan ez arren, zuzenbide printzipioak berberak ziren Bizkaian eta Iparraldean, xehetasun batzuk gorabehera». Hala jakinarazi zion Adrian Zelaia Ibarra irakasleari: «Gure kanpoko historiak ezberdinak izanagatik ere, sustrai zaharreko herri bateko kideak gara, eta gure arbasoek eutsi egin zioten beren zuzenbide sistemari, zuzenbide sistema zibilizatuago bat gogor bultzaka izan arren: erromatarrena».
Baina Euskal Herriko sistema juridiko hori ezezaguna zela jabetu zen Lafourcade, ez zela horren inguruko ikerketarik, bibliografiarik, irakaslerik... Horregatik, sistema horren inguruko ikerketak egiteaz gain, sistema horri buruzko informazioaren eta ikerketen zabaltzeko lanean ere gogor saiatu zen.
Urteetan, unibertsitateetatik kanpo ere lanean aritu zen, Eusko Ikaskuntzan adibidez, zuzenbidearen alorrean betiere. 2006an, Eusko Ikaskuntzaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientziaren saria eman zioten. Garai hartako epaimahaiak «aitzindari» gisa definitu zuten Lafourcade euskal zuzenbide pribatuaren ikerketan. Saria babesten duten unibertsitateetako eta erakundeetako ordezkariek gehitu zuten «mugalaria» eta «errebeldea» ere bazela. Gabriel Insausti poeta, ikertzaile eta irakaslearen arabera, «ez litzateke gehiegizkoa Lafourcaderen ibilbidea kontrabandista batena dela esatea, berezko lekua mugan aurkitzen duen ezagutzaren benetako mugalari batena».
Frantziako Palma Akademikoen ofiziala ere izan zen, eta Frantziako merituaren eta dedikazioaren urrezko gurutzea eman zioten.
EAJ alderdiko kidea ere izan zen; 2011n, Sabino Arana fundazioaren saria jaso zuen. Arratsaldean alderdiak hedatu duen oharrean, hala oroitu dute Lafourcade: «Unibertsitarioek ezagutzen ez zuten euskal zuzenbide bat aurkitu zuen, irakatsi ziotena ez bezalakoa. Bere tesia bururaturik, hain bidegabeki ezagutzen ez zen eskubide horri eskaini zion bere karrera».