Gero eta gertuago dago martxoaren 14a. Orduan hasiko da 23. Korrika, eta antolatzaileak buru-belarri ari dira lanean. Gaur lan horren emaitzaren zati bat aurkeztu dute, Eibarren (Gipuzkoa): ondu dituzte Harro herri kanta eta haren bideoklipa. Abestiaren gidaritzaz Maite Arroitajauregi Mursego arduratu da; bideoa, berriz, Amaia Badiolak egin du.
Eibarko Juan Gisasola musika eskolan eman dituzte xehetasunak Arroitajauregik berak eta Ane Elordi Korrikaren arduradunak. Abestiari dagokionez, Arroitajauregik nabarmendu du «pertsona askok» egindako lanaren emaitza dela. Eta emaitza horren nondik norakoak xehatu ditu. Esan du berak egindako lanen artean desberdina iruditzen zaiola, gutxi baitira enkarguz egindako lanak: «Horrek geure buruari muga batzuk jartzera eraman gintuen, baina horrelako kantuekin egon ohi diren inertzia edo ohiturak kolokan jartzera ere bai: Korrika egiteko ez dago modu bakar bat, ez dago kanta bakar bat; bideak baditu gorabeherak eta bihurguneak».
Arroitajauregiren esanetan, abestiak 6-7 zati ditu; kantaren barruan hiru kanta daude, baita «minisintonia moduko zerbait» ere.
Halaber, Arroitajauregik adierazi du kantuak 6-7 zati dituela, kantaren barruan hiru kanta daudela eta «minisintonia moduko zerbait». Horiek horrela, kantu «berritzailea» iruditzen zaio: «Atea zabaldu diegu accelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari».
Estiloari erreparatuta, berriz, «pop-barroko kantu bat» atera zaiela uste du: «Letratik abiatu ginen pop kantu bat egiteko, eta behin hezurdura eta melodia nagusia argi samar genituenean hasi ginen konponketak proposatzen eta jolasten, askotariko ideiak botatzen eta eztabaidatzen, %100 ados egon garen arte».
Bideoklipa ere bai
Baina gaurko ekitaldian, abestia ez ezik, bideoklipa ere plazaratu dute. Elordik azaldu duenez, bideoa Amaia Badiola Elgezabalek egin du, eta, batez ere, aurreko aldietako artxiboko irudiez osatuta dago: «23 aldik eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren Korrikan mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak... baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere». Gainera, iruditzen zaio denbora igarotze horrek euskararen erresistentzia ere irudikatzen duela.