German Payok (1949, Salamanca) barre egiten die arazoei, pentsamenduei, eta barre egiten dio bizitzari. Umorea eta hezkuntza lotu ditu astelehenean hasi eta atzo arte EHUko Udako Ikastaroetan. Ikasleei esan die beti aurkituko dituztela triste sentitzeko arrazoiak, baina ezin dutela joko horretan erori. Irribarrea ahotik kendu gabe erantzun ditu BERRIAren galderak.
Umorea osasuntsu bizitzeko tresna garrantzitsua da?
Ikerketek baietz diote: barre egiten baduzu, osasuntsuago izango zara. Bihotzekoetan adituak diren erietxe batzuetan, umore probak egiten dizkiete pazienteei. Frogatua dago: bizitza umorez hartzen duten pertsonak lehenago sendatzen dira, eta, askotan, ez dira erietxera itzultzen. Ezkorrak diren gaixoek denbora gehiago behar dute sendatzeko, eta berriro gaixotzen dira. Ezkorra den pertsonak hirugiharra ezin duela jan pentsatuko du; baikorrak, berriz, buruan izango du oraindik mendi buelta bat egiteko gai dela. Pentsamendu positiboek asko laguntzen diete gaixoei.
Umorearekin ingurukoei ere lagundu diezaiekegu?
Batzuetan bai, baina ez beti. Badirudi pertsona batzuek triste bizitzea aukeratu dutela, eta haiei, nahita ere, zaila da laguntzea. Gaizki daudenek euren bidea aldatu daitekeela ikusten badute, hor bai, badago laguntzeko aukera. Osasuna, dirua, lana eta abar galdu ditzakegu, baina inork ez digu umorea, gainontzekoak maitatzeko ahalmena eta barre egiteko gaitasuna kenduko.
Pertsona bakoitzak umore desberdina du?
Bai, noski. Gainera, umorea ez da erraz identifikatzen: oso erraza da hamar pertsona desberdin jantzita doazela ikustea, baina hamar pertsona horien umoreak bereiztea zaila da. Pertsona bakoitzak bere nortasuna duen bezala, bere umorea du. Jakin egin behar da norberaren umorea identifikatzen eta ezagutzen, horren arabera bakoitzaren umore gaitasunak zabaltzeko. Pertsona batzuen umorea gorputzarekin adierazten da, besteena pentsamenduan ezkutatua dago; batzuena burutsua da, eta besteena, zentzugabea. Norbaitek umorerik ez dugula esaten badigu, argi eta garbi esan behar diogu hori ez dela horrela: umorea badugu, baina agian ez albokoaren berdina.
Lanean, umorea eta seriotasuna uztartu daitezke?
Nire ustez, barrea, umorea, seriotasuna eta ongi eginiko lana bateragarriak eta desiragarriak dira. Umorea ez da pailazoarena egitea soilik, goizean goiz irribarre batekin agurtzea ere umorea da. Seriotasuna, berriz, lana ondo egitea da: egitekoak ongi prestatzea eta orduan iristea, adibidez. Beraz, nahiko argi dago lanean zein bizitzan, oro har, umorea eta seriotasuna, biak izan behar ditugula kontuan. Ikasle batek kontatu zidan: oso langilea zen, egun osoa etxean zein etxetik kanpora lanean pasatzen zuen, eta inork ez zion eskerrik ematen. Beraz, gauetan ispiluaren aurrean jartzen zen, eta bere buruari onena zela eta asko balio zuela esaten zion. Hobeto sentitzen zenean, barre egiten zuen. Egiten zuen lanaren seriotasuna eta bere buruari barre egitea uztartzen zituen emakumeak.
Beraz, geure buruaz barre egitea ona da autoestimurako.
Noski, baina horretarako onartu egin behar dugu nor garen eta nolakoak garen; maitatu egin behar dugu geure burua, konplexurik gabe. Horrekin, bitxikeria bat gogoratu zait: ingeleseko irakaslea naiz, eta behin, 3 urteko haurrei eskola ematen ari nintzela, hau galdetu nien: zenbat urte ditudala uste duzue? Denak barrez hasi ziren. Azkenean, ume ausart batek esan zidan: zuk, gutxienez, 8 edo 9 urte dituzu. Barre egin nuen, beste pertsona baten iritzia zelako. Zeure burua irudikatzerakoan, zeure ikuspuntua soilik izan behar duzu gogoan, besteen ustez zarena alde batera utzi behar duzu. Gizarteak panpina ilehori baten itxura izatera bultzatzen bazaitu, aterki bat jarri behar duzu, iritzi horiek guztiak han irrista daitezen.
Haurren irakaslea zarela esan duzu. Erraza al da haurren errespetua lortzea zure lanerako tresna umorea denean?
Sen ona umorearen aurretik jarri behar dugu beti. Momentu batzuetan ezin da umorea erabili; hori ikusi eta onartu egin behar da. Lankide batek ezin zien aurre egin ikasleei: atsegina izateari utzi, eta sorgin baten moduan portatzea erabaki zuen; egunero beltzez jantzita joaten zen gela horretara. Batzuetan, horrelakoak egin behar dira. Ahal duzunean, umorea erabiltzen duzu irakasteko, baina ezin bada, ezin da: aurrean ditugun pertsonen arabera moldatzen jakin behar dugu. New Yorken [Ameriketako Estatu Batuak], gaixoak animatzen ibiltzen den pailazo bikain bat dago; hark ere ez ditu beti tontakeriak egiten. Kontatu zidanez, gaixoak ez badu barre egiteko gogorik, eta beste modu batera lagundu behar bazaio, eskutik heldu eta ari begira egoten da, indarrak emateko.
Ikastaro batzuetan, umorea sexuarekin uztartzen duzu. Zer azalpen du horrek?
Barre egitean gorputza lasai dago, ez du estresik sentitzen, eta oso ongi funtzionatzen du. Eta sexuarekin zer gertatzen da? Gauza bera. Bikotearekin duzun harremanean bi elementuok osagarri bihurtzen badira, «zubi efektua» gertatzen da, sentsazio hori bikoitza da. Beraz, maitasuna egin aurretik barre egin; ahal bada, bitartean, eta ondoren, barrez jarraitu, baita dena gaizki irteten bada ere: osasun fisikoarentzat eta sozialarentzat oso ona da.
Arazo guztiak umorez hartzea lortu dezakegu?
Pertsonaren eta egoeraren arabera. Batzuek barre egiten diete gaixotasun larrienei, nazien garaian ere bazeuden kontzentrazio esparruetan azken uneraino umorea mantendu zutenak. Nire ustez, bai, arazo guztiei egin diezaiekegu barre, baina garrantzitsua da barrea arazoa duen pertsonaren barruan sortzea, barrutik irtetea, inork ezin zaitu behartu barre egitera, nahi ez baduzu.
Euskal herritarrak lehorrak direla esaten da, eta errua, askotan, eguraldi tristeari egotzi izan zaio.
Ez ditut euskal herritar asko ezagutzen, baina bat dut gogoan. Joan den urtean oso ikasle umoretsua izan genuen, oso ongi pasatu genuen harekin. Hark, ordea, bere umoreari nota jartzean, bost bat ipini zuen. Agian, euskaldunen pertzepzioa eta nirea ez dira bera. Hori bai, behin lotsa galduz gero, guztiek dute umorea. Eguraldiari dagokionez, badakigu eguzkiak animatu egiten duela pertsona: Europako iparraldeko herrialdeetan beste inon baino suizidio gehiago gertatzen dira, eta ez da kasualitatea. Hala ere, barre egiteko gaitasuna garunean dago; bakoitzak erabaki dezake zoriontsu izan edo ez.
German Payo. Irakaslea eta umorean aditua
«Maitasuna egin aurretik, barre egin; ondoren, barrez jarraitu»
German Payok astelehenean hasi zuen umorea eta hezkuntzari buruzko ikastaroa EHUko Udako Ikastaroetan; atzo amaitu zen. Lau egunotan, umorea lanerako eta bizitzeko beharrezko tresna dela erakutsi die irakasleak ikastaroetara bertaratu direnei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu