Itoizko urtegia. 25 urte obren kableak moztu zituztenetik

«Maitasun ekintza bat izan zen»

Itoizko urtegiko lanen egitura nagusia baliogabetu zuten Itoitzekiko Solidarioak taldeko zortzi kidek gaurko egunez duela mende laurden, pareta altxatzeko porlana garraiatzen zuten sei kableak moztuz. Hamar hilabetez eten zituzten obrak. Kartzela eta klandestinitatea iritsi ziren gero. «25 urte geroago, errepresaliatu politikoak gara».

Solidario bat kable bat mozten, Rotaflex batekin, eta beste bat hari begira. JAGOBA MANTEROLA.
Igor Susaeta.
Agoitz
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Julio Villanuevak (Iruñea, 1958) entzuna dauka bonbardaketa bat pairatzea baino «askoz ere larriagoa» dela urtegi bat egitea. «Bonbardaketa baten ondoren berpizkundea etor daiteke, baina, urtegi bat eginda, uraren azpian geratzen da historia». Estreinakoz etorri da Itoizko urtegiko (Nafarroa) pareta nagusira, eta handik ikusten den putzu erraldoiari begira dago. Peio Lusarreta ere bai (Agoitz, Nafarroa, 1969). «Lehengo paisaia atxikia dut buruan».

1985ean eman zuten, aurreneko aldiz, urtegiaren proiektuaren berri. Hura egiteko obrak 1993an hasi zituzten, eta 2004an urez betetzeari ekion zioten: bederatzi herri ito zituen, eta hiru babesgune natural desagerrarazi. «Sekulako atentatu ekologikoa eta soziala izan zen», Lusarretaren esanetan. 1995ean eratutako Itoitzekiko Solidarioak taldeak helburu zuen proiektuaren obrak bertan behera uztea, eta 1996ko apirilaren 6an, duela 25 urte gaurko egunez, urtegiaren pareta nagusia altxatzeko erabiltzen ari ziren porlana garraiatzeko 800 metro luzeko sei kableak moztu zituzten talde hartako zortzi kidek.

Ekintza horren ondorioz, hamar hilabetez eten behar izan zituzten eraikuntza lanak. Solidarioetako bi ziren Lusarreta eta Villanueva. Kable mozketan parte hartu zuten beste seiak hauek ziren: Urko Irati Hernandez, Iñaki Erbiti, Txomin Yubero, Iñigo Trepiana, Ibai Ederra eta Iñaki Garcia Koch —2017ko urtarrilaren 4an hil zen, eta solasaldian hura une oro izan dute gogoan Lusarretak eta Villanuevak—. «Ez naiz sobera poetikoa, baina bere unean esan genuen maitasun ekintza bat izan zela egindakoa, eta, egia esan, laburbilduz hori esan daiteke», adierazi du aurrenekoak. «Emaitza bikaina izan zen», bigarrenak. Mozketak, obren etenaz gain, zera ekarri zuen: egileen bi hilabeteko kartzelaldia, prozesu judizial bat, lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra, eta, besteak beste, ia hamarkada bat klandestinitatean igarotzea. Hori guztia izan dute hizpide Villanuevak, Lusarretak eta orain dela mende laurden egindako ekintzaren lekuko bakanenetakoa izan zen Ana Unanue (Zestoa, Gipuzkoa, 1968) Euskaldunon Egunkaria-ko kazetariak.

[Youtube]https://youtu.be/s37EEC1iBrE[/Youtube]

Moztutako kable zati bat du eskuetan Lusarretak. «Ekintzaren ondoren, kable zatiekin trapitxeatu zen Agoitzen», kontatu du, umorez. Paretaren azpian kilometro bat pasatxora dago Agoitz, hain justu. «Kable mota horren metro batek 20 kilo pisatzen du». Hamar zentimetroko lodiera du, eta bai, pisutsua da elkarrizketara eraman duen pusketa. Villanuevaren ustez, «lan handi baten» ondorengo emaitza izan zen kable mozketa. «Gure ekinbidearen ondorio logiko bat izan zen ekintza. Pixkanaka, gero eta gehiago ari ginen ezagutzen obra: makineria, obra bera, tokiak... Bagenekien kableak zirela obraren bihotza, horiek gabe ezin zutela ezer egin». Horretaz konturatu ziren kableetatik zintzilikatu ziren beste batean obrak eten behar izan zituztelako. Aurreko hilabeteetan egindako beste ekintza batzuen bidez, solidarioek lortua zuten obrak pare bat orduz, gehienez egun batez, gelditzea, eta uste zuten orduko hartan obrak hilabete batez etetea lortuko zutela, «gehienez». Baina kable horiek munduko lau galdarategitan soilik egiten zituzten orduan, 1996an. Solidarioek ez zekiten hori ekintza egin zutenean, baina, hain zuzen, arrazoi horrengatik egon ziren obrak hamar hilabetez etenda.

Ekintza prestatzen hasi ziren solidarioak. Langileen eta zinpeko guardien arteko walkie-talkie bidezko komunikazioak atzeman zituzten, eta modu horretan jakin ahal izan zuten Aste Santuan lanak etengo zituztela. Hori aintzat hartuta, larunbat santuan egitea deliberatu zuten. «Bagenekien behean ez zela inor egongo. Oso arriskutsua zen, tona asko lurreratuko zirelako. Gure kezka nagusietako bat zen kalteturik ez egotea», eman du azalpena Villanuevak. Antolatzen hasi ziren. Erabaki behar izan zuten, adibidez, zer makina erabili kableak mozteko. Gasolinazko Rotaflex batzuk hautatu zituzten, eta egin zituzten entrenamendu saioak txatartegi batean, burdin puska handiekin eta.

«Alderdi komunikatiboak» garrantzi handia zuen solidarioentzat. «Ikusten genuen ekintza ez bagenuen ongi komunikatzen guretzat kaltegarria izan zitekeela. Garai hartan dena biolentziarekin nahasten zen», argudiatu du Villanuevak. Desobedientzia zibilaren jokalekuan, ekintza zuzenak egiten zituzten Itoitzekiko solidarioek, eta ekintzak egiten zituzten tokietan gelditzen ziren, behin horiek gauzatuta. «Baina hori komunikatu egin behar zen. Pertsona batzuk modu estrategikoan kokatu genituen mendian, sekuentzia guztiak graba zitzaten. Irudi horiek ongi atera behar ziren, eta handik atera behar zuten». Atera zituzten. Gainera, kazetari eta argazkilari batzuei pasatu zieten abisua.

Ana Unanue ahalegintzen da urtegira ez joaten. Egin aurretik, bizikletarekin ibiltzen zen urak ito dituen parajeetan. «Urtegiak mapa aldatu zigun». Kableak nola moztu zituzten ikusi ahal izan zuen, kazetari gisa. «Ekintzaren bezperan topaketa bat egin genuen, eta hortik barna eman genuen gaua». Bere burua ekologistatzat du, eta abagunea «urduri eta arduraz» bizi izan zuen. «Niretzat garrantzia zuen irudiak izateak, ekintza garbia izan zela erakusteko. Oso ongi pentsatua zegoen». Kableei eusten zien hormigoizko paretara igo ziren solidarioak, eta 07:15 inguruan egin zuten ekintza. Pare bat minutu iraun zuen. Unanuek gogoan du mozketaren argazkiak «korrikalari batzuek» atera zituztela, menditik.

«Torturatzat» har daiteke

Behin ekintza bukatuta iritsi ziren lekura guardia zibil batzuk eta zinpeko bi guardia. Unanuek oroitu du zinpekoak argazki karrete batzuk txikitzen eta belatzen hasi zirela, «beren onetik aterata», pentsatuz ekintzako argazkiak zirela lurrean topatutakoak. «Norbaiti bururatu zitzaion argazki karrete pila bat eramatea», aipatu du, ideia goratuz. Ondoren gertatu zena «torturatzat» har daiteke, Villanuevaren arabera. «'Non dago 36a?', errepikatzen zuten zinpekoek. Errebolberraz ari ziren». Kableak zaintzen ari zen zinpeko guardia bakarra menperatu eta lotu zuten solidarioek, ekintza oztopa ez zezan, eta aldean zeraman arma etxola baten gainean utzi zuten. Villanuevari tinpanoa lehertu zion, ostiko batez, ekintzaren ondoren bertaratutako zinpekoetako batek. «Tortura izan zela esan dezaket. Ikusten zenuen nola ari ziren ondokoa jipoitzen, eta bazenekien jipoia jasotzen hurrengoa zu izango zinela», gogoratu du Lusarretak. «Lurrean etzanarazi zituzten, eta gupidarik gabe jo», Unanuek. Solidarioen oihuak urrutitik aditzen ziren. «Jipoia ikaragarria izan zen. Hura grabatu izan balute, zigorra aldatuko zuketen, eskandalu bat izango baitzen», Lusarretak.

Minutu eskas batzuk lehenago, dena zen poza. Kazetariarentzat,«adrenalina guztia» askatu zuten ekintza bukatu zenean: saltoak, oihuak... Hirurek gogoan dute zer zalaparta egin zuten kableek lurra jotzean, eta nola su txinpartak atera ziren. «Ematen zuen suziriak botatzen ari zirela», esan du Unanuek, eta nabarmendu solidarioek «umore ukitu bat» eduki zutela hasieratik. «Desconstrucciones Itoiz [Itoiz deseraikuntzak] idatzia zuen buzoak zeramatzaten ekintza egin zutenean». Iruditzen zaie ondo atera zela ekintza, baina Villanuevak azpimarratu du gaizki ere atera zitekeela, «konplexua» baitzen.

Egin aurretik bazekiten zer gerta zitekeen ondoren. Abokatuari apustu bat irabazi zioten. «Hark esaten zuen, legea eskuan, ez gintuztela kartzelatuko [barreak]. Bistan da apustua irabazi genuela», adierazi du Villanuevak. Orduan pentsatzen zuten estatuak «zigor eredugarri bat» jarriko ziela, espetxeratuko zituztela.

Horretaz kontziente izanda ere, aurrera jarraitzea erabaki zuten. «Zilegitasun guztia genuen, estatuak emanda, gainera. Ez da ahaztu behar garai hartan Auzitegi Nazionalak ilegaltzat eta nulutzat jo zuela urtegia». Hori deliberatu zuen 1995eko irailean, baina obrak eteteko 24.000 milioi pezetako —144 milioi euro— bermea exijitu zion Itoizko Koordinakundeari. «Kalkulatu zuen lanak eteteagatik enpresek ez zituztela irabaziak edukiko, eta, beraz, konpentsatzeko, dirutza hori eskatu zion koordinakundeari», azaldu du Villanuevak. «Lapurreta itzela da!», esaten zuten solidarioek. «Txantxetan esaten genuen gu, nolabait, Auzitegi Gorenaren beso eragilea ginela. 'Esan badu ilegala dela, gu gelditzera gatoz'. Bistan da ez zuela horrela hartu [barreak]; ez zuten umorerik izan».

Solidarioak uste du «estatu afera bat» izan zela ondorengo orduetan gertatutakoa. Behin baino gehiagotan errepikatu du solasaldian. Unanuek kontatu du, horren harira, hain zuzen, igande gauean Euskaldunon Egunkaria-ko Iruñeko bulegora sartu zirela. Lapurtu zituzten argazki karreteak, argazkiak, Itoizko Koordinakundearen txosten tekniko bat —1985ean sortu zuten, proiektuari buruzko lehen berriak izan eta berehala—, grabagailuak... Unanuek bi karrete gorde zituen bularretakoan solidarioek ekintza bukatu zutenean, eta iruditzen zaio bulegoko lapurreta lotuta zegoela urtegian gertatu zenarekin. «Ez dut hau esateko oinarririk, baina garai hartan iturri polizial onak zituen kazetari batek esan zidan CESIDen [Espainiako zerbitzu sekretuak] kontua izan zela».

ETAren jardunarekin lotuz

Agintariak ahalegindu ziren solidarioen ekintza ETAren jardunarekin lotzen. Javier Otano (PSN) Nafarroako Gobernuko lehendakariak «estrategia politiko-militar» jakin bat izatea leporatu zien; eta Cesar Milano Espainiako Gobernuko ordezkariak (PSOE) esan zuen KAS Koordinakunde Abertzale Sozialistaren «pantaila bat» izan zitezkeela. Era berean, obrak etetearen ondorioz urtegia egiten ari ziren beharginak langabezian gelditzea solidarioei egozten zieten. «Botereak langileak baliatu zituen gure aurkako gorroto bat pizteko. Handik astebetera, baina, langile horiek guztiek lana zuten. Nafarroako Gobernuak kokatu zituen. Langabezian zeuden besteei ez zitzaien hori gertatzen...», argitu du Villanuevak.

1996ko ekainaren 7ra arte, bi hilabetez, behin-behinean kartzelatuta egon ziren solidarioak. Epaiketa 1998ko martxoan hasi zen. «Guztiz politikoa izan zen. Zigor eredugarri bat jarri nahi ziguten, baina hori lortzeko, legalki, arazo bat zuten: guk ekintza egin genuen tresna normal batekin; ez genuen erabili ez leherkaririk, ez erretzeko substantziarik. Orduan, egindako delitua kalteak ziren», azaldu du Lusarretak, eta Villanuevak gehitu kable mozketagatik beragatik ezarri zieten zigorra hiru asteburuko kartzelaldia izan zela. Lusarretak segitu du. «Ezin zuten hori onartu. Beraz, beste nonbait jarri zuten fokua». Ekintza egiteko, zinpeko guardia lotu zuten, «lau minutuz», eta, azkenean, hori aintzat hartuta eta «aspaldiko jurisprudentziaren batekin», Iruñeko Auzitegiak bahiketa egotzi zien, 1998ko apirilaren 16an kaleratutako epaian: lau urte eta hamar hilabeteko kartzelaldia. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen 1999ko irailean. Gainera, ekintzarekin sortutako kalte ekonomikoengatik eta erantzukizun zibilarengatik, bi milioi euroko isuna ordaintzera zigortu zituzten. «Erantzukizun zibila ordaintzen ari gara oraindik. 25 urteren ondoren, errepresaliatu politikoak gara; edo hala sentitzen gara, bederen», zehaztu du Lusarretak.

Iruditzen zaio ureztatzearen «aitzakiapean» egin zutela urtegia. «Horren ondorio zuzena da», Villanuevarentzat, Nafarroako ubidea. «Zorpetze ikaragarri bat eragin dio Nafarroari. Oraindik ere ordaintzen ari gara kudeatzeko modu zikin hori. Nekazaritza industriala, kimikoa, transgenikoa ekarri du. Lau eskutan biltzen da, eta ikaragarrizko energia kantitatea xahutzen du».

Urtegiaren paretaren gainean mintzo dira 2021ean solidarioak. Eraikitako harresiak eragin zuen, Lusarretaren ustez, agintariek «konpentsazio politika bat» bultzatzea Agoitzen eta haren inguruetan. «Gozoki pozoitu bat zen. Azken konpentsazio gisa, Gamesaren enpresa saldu ziguten. 200dik gora langile izan zituen, baina joan den egunean itxi zuten. Horrek erakusten du, nolabait, Itoizko afera amortizatua dagoela».

Paretarik ez zuten nahi solidarioek, baina pareta bat dago duela 25 urte kableak moztu zituzten lekuan. «Bertsio ofiziala urtegia da, eta gurea saltzea kostatzen zaigu. Baina Itoizko Koordinakundeak atera zuen lehen leloa indarrean dago oraindik: Itoizko urtegirik ez, eskualdean bizitzeko alternatiba bat bai. Bizitzeko alternatiba bat eman beharrean, ito egin gintuzten». Lusarretak. Berriro errepikatuko luke 1996an egindakoa: «Sufritu egin dugu, baina, bestalde, asko ikasi dugu. Nire bailaraz maiteminduta nago oraindik». Villanuevak desobedientzia zibila aldarrikatu du, nahiz eta jakin «gero eta zailagoa» dela horren bidez ekintzak egitea errepresioa pairatu gabe. Umoreari heldu dio urtegiari begiratzen dion bitartean: «Hustu arte ez dugu itxaropena galduko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.