Mailukada bat PAI iltzatzeko

PAI programa egonkortzeko eta zabaltzeko legeak kalapita sortu du talde politikoen eta gehiengo sindikalaren artean. Hona hemen auziaren nondik norakoak ulertzeko zenbait gako.

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

PAI hezkuntza eredu bihurtzeko bidea urratzen hasi da Nafarroako Gobernua. Teorian, irakasleen lanpostuak «egonkortzeko» xedez onartutako lege proposamena da atzo legebiltzarrean onartutakoa, baina, egiazki, lan baldintzen esparrua gainditzen du auziak. Atzo PSNk eta Navarra Sumak adostutako arauak eta hartutako konpromisoek zuzeneko eragina izanen dute funtzionarioen kontratazio prozesuan, hezkuntza sistemaren antolaketan eta baita Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeen arteko harremanetan ere. Hona PAIren labirintoan ez galtzeko gakoetako batzuk.

ZER DA PARLAMENTUAN ONARTU DUTENA?

PSN taldeak aurkeztutako lege proposamen bat, funtzio publikoko 350 irakasle lanpostu egonkortzeko. Egiazki, harago doa: PAI ingelesez ikasteko programa blindatzeko eta betikotzeko lege bat da. Nola? Urteetan UPN, CDN eta PSNren gobernuek urratu nahi baina ezin izan duten bide bat zabalduta: lan deialdian eskakizun bihurtzea ingeleseko C1 maila.

ZEIN DA ARAZOA?

Arazoetako bat da ingelesa menperatzea ez zaiela eskatuko Ingeles espezialitateko irakasleei bakarrik. Baldintza orokorra izanen da, eta Espainiako 276/2007 Errege Dekretuak ez du halakorik baimentzen. Are: Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan esan dio Nafarroako Gobernuari ingelesa ez dela hizkuntza ofizial bat Nafarroan, eta, hortaz, ezin dela eskakizun izan lan deialdi orokor batean. Horrek kolokan jarriko du, hemendik aurrera, PAI programako lanpostu bat lortzen duten funtzionarioen segurtasun juridikoa: Espainiako Gobernuak, sindikatu batek edo diputatu talde batek auzitara eraman ditzakete deialdia eta lanpostuen esleipena.

LEGEZ KANPOKOA BADA, NOLA ONARTU DUTE?

Foru-lege proposamena onartzeko prozedurak ere kritika gogorrak jaso ditu. PSNk oinarritzat hartu du Miquel Icetak, Espainiako Funtzio Publikoko ministroak, 2021ean onartutako dekretu bat. Administrazio publikoko lanpostuak egonkortzeko aukera ematen du dekretu horrek, eta Nafarroako Gobernuak zirrikitua ikusi zuen hor, PAI programa blindatzeko. Alta, bide horrek badu epemuga: maiatzaren 30a. Hortaz, presaka ibili da PSN: lege proposamenak bi astetan egin du ibilbide parlamentario osoa. Denbora horretan, gainera, ahots kritiko guztiei entzungor egin die Hezkuntza kontseilariak: gehiengo sindikalari, sektoreko eragileei eta baita gobernu koalizioa osatzen duten beste taldeei ere. Nafarroako Kontseilua auziaren zio juridikoez prestatzen ari zen irizpenaren zain egoteari ere uko egin dio Txibiteren gobernuak.

LEGE BERRIAK ZERTAN ERAGINEN DIE IRAKASLEEI?

Ondorio nagusietako bat izanen da, Nafarroan, irakasle multzo paralelo bat sortuko dela, gainerako irakasleengandik bereizia. Betekizun berberak izanen dituzte batzuek zein besteek, baina eskubideak eta baldintzak ez dira igualak izanen: PAI programako lan deialdian plaza lortzen dutenak irakasle funtzionarioak izanen dira, baina Nafarroan bakarrik. Ezin izanen dute beste erkidegoetako lekualdatze prozesuetan parte hartu. Gainera, Navarra Sumak lege proposamenari eginiko zuzenketa baten ondorioz, PAItik ateratzeko bidea ere itxiko diete: behin lanpostua lortuta, ezin izanen dira beste eredu batera aldatu, horretarako baldintzak beteta ere.

ZERGATIK DU HAINBESTEKO ARRAKASTA PAI-K?

Auzo eta herri askotan ez dagoelako beste aukerarik. Yolanda Barcinaren gobernuak azkar batean ezarri zuen, eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren agintaldian, azeleragailua zapaldu zuten, ahalik eta ikastetxe gehienetan aplikatzeko —askotan, baliabiderik eta prestakuntzarik gabe ere—, euskarazko D ereduaren hazkundea eteteko. Gaur egun, 116 ikastetxe publikotan ezarria dago: lehen G eta A eredukoak ziren zentro gehienek PAI programa ematen dute orain, eta familia askori ez zaie besterik eskaintzen. Navarra Sumak eta PSNk, baina, harago joan nahi dute, eta foru lege berriak bidea emanen die programa are herri gehiagotara zabaltzeko eta, horrez gain, eredu linguistiko bihurtzeko, A, G edo D ereduen gisara.

PROGRAMA EDO EREDU IZAN, BA AL DA ALDERIK?

Bai. Hezkuntza ereduak sailkatuta daude irakas-hizkuntzaren arabera: A eta G ereduetan, gaztelania da irakas-hizkuntza. D ereduan, berriz, euskara. Navarra Sumak eta PSNk askotan hala aurkeztu badute ere, PAI ez da eredu bat, eta irakas-hizkuntza ez da beti ingelesa —ez da murgiltze eredu bat—. Programaren barruan dauden ikastetxeak behartuta daude zenbait irakasgai ingelesez ematera, baina zentro bakoitzak aukera du ingelesezko orduak bere kasa moldatzeko. Hala, Nafarroan badira A-PAI (gaztelania eta ingelesa, euskarazko ikasgaiarekin), G-PAI (gaztelania eta ingelesa) eta D-PAI (euskara, ingelesezko ikasgai batzuekin) motako ikastetxeak.

PAI EREDU BIHURTZEN BADA, ZER GERTATUKO DA?

Ez dago argi zer esan nahi duen Javier Esparzak, «PAI programa eredu bihurtzeko prozesua» aipatzen duenean, PAI programa ez baita uniformea, eta zaila izanen da aldaera guztiak eredu linguistiko bakarrean bateratzea. Steilas sindikatuak «kezka» azaldu du Hezkuntza Departamentuaren xedea izan daitekeelako «datozen ikasturteetan ingelesa hedatzeko, eta D eredua, ahal duten heinean, D-PAI bihurtzen hasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.