Azpeitiko alkatea

Nagore Alkorta: «Maila guztietako azpiegitura berriztagarriak beharko dira, baina lurralde plan bati erantzunez»

Azpeitiko alkatearen iritziz, Statkraft enpresak ez du berme nahikorik eman Piaspeko proiektu eolikoa bideragarria dela ziurtatzeko. Jaurlaritzari eskatu dio energia berriztagarrien lurralde plan sektorial bat ontzeko, gizartearen parte hartzearekin.

Nagore Alkorta, Azpeitiako alkatea. MAIALEN ETXANIZ / UROLA KOSTAKO HITZA
MAIALEN ETXANIZ / UROLA KOSTAKO HITZA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko maiatzaren 23a
13:21
Entzun

Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan (Gipuzkoa) egin asmo duen Piaspeko parke eolikoari alegazio bateratuak aurkeztu dizkiote hiru herri horietako udalek, atzo ohar bidez jakinarazi zutenez. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote aurretiazko baimena uka diezaiola proiektuari, eta 26 puntutan bildu dituzte horretarako argudioak. Azpiegiturak 32 milioi euro inguruko kostua luke, eta 2027an jarri nahiko lukete martxan, urtean 84,7 gigawatt-ordu sortzeko. Nagore Alkorta (Azpeitia, 1978) Azpeitiko alkatearen iritziz, enpresak ez du berme nahikorik eman proiektuaren bideragarritasuna justifikatzeko.

Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalek Statkraft enpresak Piaspen egin nahi duen azpiegitura eolikoaren kontrako alegazioak aurkeztu dituzue. Zergatik?

Kontua da Statkraft enpresak eskaera bat egin duela aurretiazko baimena eta ingurumen inpaktuaren deklarazioa lortzeko. Eskaera horretan, Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarri ditu Piaspeko proiektua bera eta enpresak egin duen ingurumen inpaktuaren azterketa. Jendaurrean jarri diren dokumentu horiek ikusita, hiru udalek erabaki dugu alegazio batzuk aurkeztea. Alegazioek bi eremu nagusi dituzte: bata, hirigintza arlokoa; hau da, herri bakoitzeko hirigintza antolamenduan duen eraginari buruzkoa. Bestea, ingurumen arlokoa; hegaztiei eta begetazioari zer kalte eragingo liekeen, zaratak zer eragin izango lukeen eta abar.

Azpeitiari dagokionez, hirigintza antolamendurako plan orokorrak bikoiztasun bat adierazten du. Alde batetik esaten du proiektua printzipioz bateragarria dela. Planak baimenduko luke aerosorgailuak jartzea aurreikusitako eremuan, betiere interes publikoko deklarazioa lortuz gero. Gertatzen dena da beste baldintza batzuk daudela, ingurumenarekin lotutakoak, eta eremu horiek deklaratuta daudela interes paisajistikoko eremu edo korridore ekologiko modura. Orduan, bateraezinak izan daitezke. Ingurumen aspektu horien balorazioa Eusko Jaurlaritzak egingo du orain.

Zer argitu beharko du Eusko Jaurlaritzak balorazio horretan?

Eusko Jaurlaritzak esango du eremu horretan baldintza horiek egoteak zer ondorio izan behar dituen. Printzipioz, interes paisajistikoaren edo korridore ekologikoaren kalifikazio hutsak ez du bateraezina egiten proiektua, baina adierazten du zailtasun gehiago dituela bateragarria izateko. Orduan, alegazioetan zera esaten dugu, enpresak ingurumen azterketa bat egin duela, baina azterketa hori ahula dela, sakontasun handiagoa behar duela Eusko Jaurlaritzak balorazio bat egin ahal izateko. Elementu asko falta zaizkio. Horrez gain, ikusten dugu bai Errezilen eta bai Zestoan kasuan hirigintza antolamenduak ez direla bateragarriak. Horregatik esaten dugu ez dagoela bermerik proiektua bideragarria izateko.

«Larrialdi klimatikoaren kudeaketak ezin du herri bakoitzeko hirigintza planaren esku egon»

Alegatu dituzuen beste puntuetako bat da ez dagoela oinarririk azpiegiturari aurreikusten zaion produkzio energetikoa justifikatzeko.

Proiektuak bideragarritasun bat izateko, eremu horretan haize maila jakin bat sortu behar da. Talde erredaktorekook esaten digute ez dagoela ziurtatuta baldintza eoliko nahikoa dagoenik. Zalantzan jartzen dugu benetako azterketa zehatz bat izan gabe horrelako proiektu bat tramitatzea.

Zergatik diozue halako proiektuak onartu aurretik beharrezkoa dela berriztagarrien lurralde plan sektoriala onartzea?

Klima larrialdian gaude, eta benetako arazo bat daukagu, baina arazo horren kudeaketa ezin da herri bakoitzeko hirigintza planaren esku egon. Uste dugu estrategia orokor bat behar dugula. Benetan aztertu behar da zein diren beharrak eta horiei erantzuteko estrategia zein den. Estrategia hori erregulatzeko, beharrezkoa da energia berriztagarrien lurralde plan sektorial [LPS] bat izatea, eta plan hori herritarren parte hartzearekin egin beharko litzateke. Horretan, Eusko Jaurlaritzak etxeko lanak egiteko ditu, argi eta garbi. Oso berandu dabil. Horretaz aparte, noski, beste neurri batzuk ere hartu beharko dira, gure kontsumo ohiturak aldatzeko eta energiaren alorrean har daitezkeen beste erabaki batzuk hartzeko. Baina 2002ko plana da orain daukaguna, eta ez da energia berriztagarriena: eolikoena da. 22 urte geroago, non dago plan hori? Gure ustez, ezinbestekoa da. Egia esan, hasierako onarpenean gelditu zen LPS proiektua, 4.000 alegaziorekin. Guk ez daukagu beste informaziorik. Ez dakigu arlo hori nork hartuko duen, baina badakigu etxeko lan handia izango duela.

Berriztagarrien lurralde plana azken fasean dago? Behin betiko onarpena izango du hemendik gutxira?

Ez nuke esango azken fasean dagoenik. Hasierako onarpenari aurkeztu zitzaizkion 4.000 alegazio horiei formalki erantzunda ere, ikusi beharko da hasierako dokumentuan funtsezko aldaketak egingo diren ala ez. Aldaketa handia bada, dokumentua hasierako onarpen fasera itzuli beharko da, gutxienez. Beraz, ez nuke esango azken fasean dagoenik. Nire ustez, hasieratik abiatu beharko litzateke LPSa.

Berriztagarrien proiektuei buruzko «eztabaida publikoa irekitzea» eskatu duzue. Eztabaida baten faltarekin lotzen dituzu 4.000 alegazio horiek?

Bai, nire ustez eztabaida bat falta da, eta hausnarketak ez du ekarri behar enpresa pribatuen interesen arabera egindako LPS bat. Herri eragileekin egindako hausnarketa baten bitartez egin behar da plana. Datuei buruz hitz egin behar da, eta benetan zehazten denean zenbat energia behar duen herri honek, orduan, behar horri erantzuteko LPS bat egin beharko da. Eta ezin da beste alde batera begiratu. Maila guztietako azpiegitura berriztagarriak beharko dira, baina lurralde estrategia bati erantzunez, eta ez enpresa bakoitzak egiten dituen eskaera puntualei erantzunez. Hori ez da estrategia egokia. LPSak ezarri beharko du azpiegiturak non egin behar diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.