BILBO. Joan den maiatzaren 21ean gertatu zen laneko istripua: EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako administrazio eta zerbitzuetako langilea bigarren eraikineko eskailera batzuetan behera erori zen, eta buruan hartu zuen kolpea. Harrezkero, Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) egon da koman, eta herenegun hil zen, LABek jakinarazi duenez.
Sindikatuak salatu du eskailerak ez zuela betetzen araudia, eta ez dela lehen aldia bertan istripu bat gertatzen dena. 2015ean beste lan istripu bat gertatu zen, eta ez zuten ezer aldatu, nahiz eta Euskal Herriko Unibertsitateko prebentzio zerbitzuak esan eskailerak ez zuela araua betetzen.
EHUk samina agertu du beharginaren heriotzagatik, eta «dolumin bihotzekoena» adierazi dio familiari. Zer gertatu den argitzeko ikerketa zabalik du EHUk, eta agindu du «ahalik eta azkarren eta zorroztasun handienarekin» amaituko duela. Edozelan ere, LABek iragarri du bilera egin nahi duela astelehenean EHUko prebentzioko ordezkariekin, eta aztertuko dutela zer protesta antolatu.
Maiatzetik koman zegoen EHUko langilea hil egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu