Kattalingorri elkarteak jakinarazi du maiatzean LGTBI komunitateko kideen aurkako hiru eraso fisiko izan direla Iruñean. Hirurak izan dira homosexualen kontrakoak, baina oro har lesbianek, bisexualek, transek eta intersexualek ere jasaten duten bortxa salatu du: «LGTBI komunitateko letra bakoitzaren aurkako erasoen jarioa etengabea da». Datorren ostiralean, maiatzak 17, LGTBIfobiaren aurkako eguna izango dela eta, halakoen aurka protesta egitera deitu dute.
Elkarteak gogora ekarri duenez, lehen erasoa Iruñeko hilerriaren inguruetan izan zen: bi gaztek oihukatu zuten «maritxu guztiak hil» egingo zituztela, eta beste gazte bat jipoitu zuten; udaltzailek atxilotu zituzten. Bigarrena autobus geltokiko komunetan gertatu zen: gazte batek homosexual bati eraso zion, eta bi pertsonen arteko liskar bat zelakoan, biak atxilotu zituzten. Hirugarrena asteon bertan izan da, hilerriaren inguruetan hori ere; azken hori, dena den, gorroto delitutzat hartu dute poliziek.
Kolpe fisikoak ez ezik, «duintasunaren aurkako erasoak» ere jasaten dituzte batez ere transek, eta tartean trans umeek, Kattalingorrik nabarmendu duenez, «baita Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen dituzten elkarteen partetik ere». Erasoak pairatu dituztenei elkartasuna adierazi die elkarteak: «Ez dira pasatuko». Era berean, poliziei galdegin die halakoetarako protokoloak ondo aplikatzea: «Ezin da onartu erasotzailea biktima baino hobeto tratatzea eta justifikatzea. Justiziaren eta indarrean den legediaren zerbitzura egon behar dute, ez ezein ideologiaren zerbitzura, are gutxiago bidegabea bada».
Hala, datorren ostiralean LGTBIfobiaren egunaren harira mobilizatzera deitu dute. Iruñean, manifestazioa egingo dute 19:00etan, Baratxurien plazatik abiatuta. Bilbon ere iragarri du protesta E28 koordinakundeak: 18:30ean elkartuko dira, Arriaga plazan.