Maiatzaren 23an bozkatuko du Nafarroako Parlamentuak Foru Hobekuntzaren aldaketa

Nafarroako Kontseiluak oniritzia eman dio trafikoa berezko eskumen gisa jasotzeko aldaketari. Gorenaren epaiaren ondotik, transferentzia segurtatu nahi dute.

Apirilaren 26an, Felix Taberna presidenteorde lehena eta  Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroa.
Apirilaren 23an, Felix Taberna presidenteorde lehena eta Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politiketako ministroa. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2024ko maiatzaren 10a
15:55
Entzun

Nafarroako Kontseiluaren onespena du gobernuak. Apirilean, Foru Hobekuntzan errepide zaintza Nafarroaren berezko eskumen gisa jasotzeko akordioa hitzartu zuten Iruñeko eta Madrilgo gobernuek. Orain Nafarroako organo aholku-emaile gorenak ondorioztatu du aldaketa hori «bloke konstituzionalaren barruan» dagoela, eta, aldeko iritzia jasota, urratsez urrats, bidea libre dute aurrera jarraitzeko: Nafarroako gobernuaren kontseiluak maiatzaren 15ean onartuko du, eta maiatzaren 23an bozkatuko dute parlamentuan. 

Gehiengoa ziurtatuta dago, eta babes zabalarekin aterako da aurrera. Gobernuko hiru bazkideek ez ezik, UPNk ere adierazi du aldeko botoa emango dutela. Dena den, ez da hori azken helmuga izango. Izan ere, handik Madrilgo gobernuari bidaliko zaio, eta, ondoren, Espainiako Gorteetan bozkatu beharko dute aldaketa. PPk gehiengo osoa du Senatuan, eta Kongresuak izango du azken hitza.

Ikusteko dago parlamentuan PPk zer bozkatzen duen. «Oraingoz, ezkutatu egin dute zer asmo duten, edo ez dute aditzera eman», esan du Felix Taberna presidenteorde lehenak.

Uste baino azkarrago

Goizean jaso du ebazpena gobernuak, eta berehala prentsaurrekora deitu du Tabernak. Urtarrilean kalkulatu zuen urte amaierarako espero zuela dena burutzea. Alta, uste baino azkarrago doaz: «Bi gobernuen borondate onak eta erakundeen arteko lankidetzak modua eman dute erreforma azkar, eraginkor eta sendo egin ahal izateko», goraipatu du. Tabernak eskertu egin du kontseilua «oso azkar» ibili izana.

Iazko uztailaren 1ean, indarrean sartu zen Nafarroari trafiko eskumena itzultzeko prozesua, baina, abenduan, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen transferentzia, dekretu bidez egin zela iritzita. Gorenak argudiatu zuen Nafarroako Foru Hobekuntzan jasota ez zegoen eskumen bat zela, eta eskubide historikoen artean ere ez zegoela. Aitzitik, Nafarroako Gobernuak uste zuen Foru Hobekuntzan eskumena jasota zegoela eta dekretu bidez egin zitekeela; izan ere, aurrekariak bazeuden eta Gorenak berak bide hori baieztatu zuen.

Epai horrek sortutako blokeoa gainditzeko asmoz, Foru Hobekuntza aldatzeko bideari ekin diote. Tabernak nabarmendu du «albiste ona» dela kontseiluaren oniritzia jaso izana, Nafarroako erakunde jurisdikzional gorena delako. Gogora ekarri du prozesua amaitzen denean «hirugarren erreforma» izango dela. Aurreko aldaketak 2001 eta 2010 urteetan egin ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.