Poliki, baina gelditu gabe. Halaxe dabil Ikaskilo, hezkuntza komunitateko barraskiloa. «Urrats txikiak eginez, gauza handi eta ederrak lortzen ditu», Sortzen elkartearen arabera. Hala irudikatzen dute euren eskola eredua ere: ibilera motelekoa, atzean inor ez uzteko konpromisoa duelako. Hori berretsiko dute aurtengo Sortzen jaian ere. Maiatzaren 20an eginen dute, Iruñeko Antoniutti parkean.
Festaren ikurra eta leloa aurkeztu zituen Sortzen-ek atzo, Antoniuttin bertan eginiko agerraldi batean. «Iazko jaiaren protagonista izan zen Ikaskilo barraskiloak lagun berria izanen du aurten: Euskarakilo barraskiloa». Hori izanen da aurtengo ikurra, slow eskolaren balioei euskararen aldeko aldarria gehituta. «Auzo bizi onaren eskola eta hezkuntza burujabetza, hori da gure ametsa. Eta ametsa euskaraz ere badela aldarrikatzera datoz Ikaskilo eta Euskarakilo», azaldu zuen Sortzen elkarteko ordezkari Aiora Epeldek.
Hortaz, gertuko hezkuntza publikoa, plurala eta burujabea aldarrikatzeaz gainera, euskararen aldeko mezua indartuko dute aurtengo festan: «Lurralde osoa hartuko duen ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, eta, bazterketa ororen gainetik, D eredua zabaltzea. Euskara hedatzen, zaintzen, garatzen eta erabiltzen segitzeko determinazio osoa dugu». Iazko ereduari jarraikiz, bestalde, aurtengo Sortzen jaia ez du eskola bakar batek prestatuko. «Eskola anitzetako hezkuntza komunitateko kideek antolatuko dute jaia, gurasoek gehienbat, auzolanean eta lantaldeka». Maiatzeko festaz harago, gainera, hainbat ikuskizun eta ekitaldi antolatuko dituzte datozen hilabeteetan, hezkuntza komunitate horiekin elkarlanean.
EgunOn! izanen da aurtengo leloa, eguneroko hartu-emanetan lehen hitza euskaraz esateak duen garrantzia azpimarratzeko: «Egun on, mundu guztiak eguna euskaraz hasteak duen garrantziaren irudikapen gisa», Epelderen esanetan.
Maiatzaren 20an ospatuko dute Sortzen-en festa, Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu