Sei urteren ostean, bueltan da Sortzen jaia. COVID-19aren pandemiak behartuta, bertan behera utzi zuten Nafarroako D ereduko eskola publikoen aldeko festa, baina ordura arte urteroko tradizioa zena berreskuratu nahi du Sortzen elkarteak. Maiatzaren 18an eginen dute, Iruñeko Takonera parkean. «2019an egin genuen azkena», azaldu du Aitziber Garmendiak, elkartearen izenean. Orduko hartan, gainera, euri jasa zakar baten pean egin behar izan zuten festa, eta ekitaldi asko bertan behera utzi behar izan zituzten. «Laguntza eskatu behar izan genuen, gastuei aurre egiteko», gogoratu du. Ordutik, jai eta ekitaldi xumeago batzuk antolatu izan dituzte, Antsoaingo Udalaren laguntzari esker (Nafarroa), baina uste dute garaia heldu dela euskal eskola publikoak merezi duen festa handia ospatzeko: «Beharra ikusten dugu hezkuntza komunitatea batzeko, bakoitza bere irlan egon beharrean», esan du Garmendiak aurkezpenean.
Sortzen-eko kideak esplikatu duenez, D ereduko ikastetxe publikoetako komunitateak «saretzeko» aukera da euskal eskola publikoaren aldeko festa, baina, horrez gainera, diru iturri ere bada, hainbat egitasmo eta proiektu gauzatu ahal izateko: «Diru laguntzen menpe egiten dugu lan, eta inoiz ez dakigu zenbat diru egokituko zaigun urte bakoitzean, deialdira aurkeztutako talde kopuruaren araberakoa delako. Diru iturri egonkorrago bat lortu nahi genuke». Horretarako bide bat da Sortzen jaia.
Ekitaldiak, egun osoz
Maiatzaren 18an Iruñean egin asmo duten festaren nondik norakoak azaldu ditu Sortzen-eko Martin Zirizak: «11:30ean hasiko da festa, Nafarroako Antzerki Eskolan. Bertan, Euskara Antzokira ikuskizuna eskainiko dute zenbait eskolatako ikasle talde batzuek». Horren ostean, kalejira bat abiatuko da antzerki eskolatik Takonera parkerainoko bidea gozatzeko. Haur jolasak ere eskainiko dituzte parkean, goizean.
14:00etan, bazkaria eginen dute parkean, Ondalan kooperatibak antolatuta. Nafarroako D ereduko eskola publiko guztietan salgai izanen dituzte bazkari horretarako tiketak. Kantuz talde batek gozatuko du bazkalostea, eta 17:00etatik aurrera bi kontzertu eskainiko dituzte Takonerako agertokian. Antolatzaileek, baina, ez dute zehaztu zeintzuk izanen diren oholtza gainera igoko diren taldeak.
Hamaika proiektu abian
Horrez gain, Sortzen Puntua ere paratuko dute Takoneran, eta bertan, elkarteak abian jarritako proiektuei buruz hitz eginen dute antolatzaileek. Horien artean, asmo handienekoa da Euskararen Normalizazio Plana, eta oinarritzat du hainbat eragileren arteko lankidetza. Ikasleen egunerokoan eragin nahi dute —eskolaz kanpoko jardueretan, jantokian, jolastokiko harremanetan, gurasoentzako espazioetan, kulturan edo metodologian, besteak beste—, «euskararen ahozko gaitasunean eta erabileran salto kualitatibo bat emateko». Jauzi.eus izeneko egitasmoa ere martxan jarri dute berriki: euskarazko eskolaz kanpoko jardueren bilatzailea, eta baita Denon eskola, guztiondako eskola egitasmoa ere, SOS Arrazakeriarekin elkarlanean. Egiturazko arrazakeria eskolan lantzeko eta jatorria atzerrian duten familiak D eredura hurbiltzeko proiektua da hori.
Erlazionatuta
Egitasmo horiez gain, aholkularitza zerbitzua eta formakuntza eskaintzen ditu Sortzen-ek, eta hori guztia finantzatzeko bide bat da Sortzen jaia. «Gure lanaren inguruko informazioa emanen dugu maiatzaren 18ko jaian, Sortzen Puntuan, baina horrez gain, bazkide berriak lortzeko kanpaina ere abiatuko dugu», azaldu du Zirizak: «Gure helburua da Sortzen-en koordinazio, komunikazio eta sustapen lanak finantzatzeko diru iturri independenteak areagotzea eta prekaritatetik ateratzea».
Bukatzeko, festaren antolaketan parte hartu duten guztien lana eskertu dute Zirizak eta Garmendiak, baina gogorarazi dute, jaiaren data hurbildu ahala, boluntario gehiago beharko dituztela, prestaketa lanetarako: «Laguntza oro ongi etorria izanen da», esan dute.
EGITARAUa
- 11:30.Euskara Antzokira ikuskizuna, Nafarroako Antzerki Eskolan.
- 11:30. Haur jolasak, Takonera parkean.
- 13:00. Kalejira, Nafarroako Antzerki Eskolatik, Takonera parkeraino.
- 14:00. Bazkaria, Ondalankoopek prestatua.
- 15:30. Kantuz.
- 17:00. Kontzertuak.
- 19:00. Eremua jasotzea eta garbitzea.
- Egun osoan: Tonbola, barra, Saldiasko talogileak, puzgarriak Makusi gunean eta Sortzen Puntua.