Euri uholdeen ondotik, Ortzadarra. Maiatzaren 12an izanen da Herri Urrats, Senperen (Lapurdi), eta ekitaldi koloretsua izatea nahi du Seaskak. Maiatzean, euriak zapuztu zuen 40. urteurrena, eta eremu murriztuan antolatu behar izan zuten besta, Araba gunera mugatuta. Orduan jasotako «sostengua eta elkartasun handia» eskertu dituzte aurtengo ikastolen bestaren aurkezpenean. Bereziki azpimarratu dute musika taldeen eta animazioetan parte hartu zutenen jarrera —elkartasunez dirua itzuli zuten guziek—, eta baita hornitzaileena ere.
Aurtengo aldia Seaskaren bosgarren kolegioa finantzatzeko izan zen; aurten ireki ditu ateak, Senperen bertan. Aurten bilduko den dirua Beskoitzeko (Lapurdi) ikastola berria eraikitzeko izanen da. Orain dela hamar urte sortu zen ikastola herri horretan, eta herriko etxearekin borrokan ari dira eraikuntza baimena eskuratzeko.
Neomak taldea izan zen maiatzean Herri Urratseko kontzertuetan parte hartu zutenetako bat, baina emanaldia behin baino gehiagotan eten behar izan zuten. Orduan pentsatu zuten aurtengo kantua egiteko lana haiei proposatzea, eta «hasiera-hasieratik» onartu zuten. «Luxutzat» hartu dute hori Herri Urratseko antolatzaileek. Abestia eta bideoklipa martxoaren hasieran aurkeztuko dituzte.
Ondoko asteetan, «giroa berotzeko» ekitaldiak antolatzen hasiko dira. Eguberrietako zozketa eginen dute, eta martxorako urteroko bertso saioa prestatzen ari dira; aurten, Korrika Kulturalarekin batera antolatuko dute. Horrez gain, urtarrilaren 25ean ETB1eko Go!azen telesail arrakastatsuaren hamargarren denboraldiko azken atalaren aurrestreinaldia eginen dute, aktoreak gonbidatuta. Sarrerak salgai dira jadaneko, Herri Urratsen webgunean.
Azkenik, maketa lehiaketa bat ere eginen dute aurten, euskaraz abesten duen talde orori irekia. Gehienez ere hiru abesti bidali behar dira, Wetransfer bidez, [email protected] helbidera. Abestiekin batera, dokumentu bat bidali beharko da, hartan taldearen izena, jatorria eta kontaktua jasota. Abenduaren 3ra arteko epea dago. Irabazleak Herri Urratsen joko du.