Ikasturte hasiera. Nafarroa

Maiatz arteko ikasturtea

Hauteskundeek markatutako ikasturtea izango da Nafarroan. Iribas kontseilariak ahalegin berezia egin du ingeles ereduak hedatzen: 90 ikastetxetan izango dituzte aurten. Babes eskasa du planak, hala ere.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ikasleek baino lehenago amaituko du ikasturtea Jose Iribasek, Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. Maiatzean izango du azterketa bozkalekuetan. Atzerako kontuan joango da ikasturtea Nafarroan, beraz. Agintaldiaren bukaerara iritsita, aparteko proposamen berririk ez du egingo Iribas kontseilariak. Ingelesa bultzatzea izan du jomuga nagusi orain arte, eta horretan segituko du aurtengo ikasturtean ere: 90 eskolatan izango dituzte ingelesezko ereduak. Legealdia hasi zenean baino hiru bider eskola gehiago dira.

Babesik eza du oztopo nagusi Hezkuntza kontseilariak, gobernu osoak bezala. Proiektu hainbat bidean geratu zaizkio —eskolako liburuen doakotasun sistema aldatzea, adibidez—, eta gobernuak bere kabuz egin ditzakeenetan jarri du begia. Ingelesezko ereduak azkar hedatzea izan da nagusia. Ebaluaziorik eta nahiko irakaslerik gabe zabaldu dituzte ereduak —gobernuak aitortu du eskakizunak apaldu dizkietela irakasleei—.

Egutegiari begiratuta, Iribasek badu aukera 2015-16ko ikasturtea baldintzatzeko, planifikazioa maiatzerako eginda. Bi aldetatik baldintzatu dezake: LOMCE ezartzen jarraitzeko pausoak emanez —ziurra da hori egingo duela, aurtengoa ikusita— eta ingelesezko ereduak zabaltzen segituz. Urtez urte jauzi handiak ematen ari da: iazko ikasturtean 60 ikastetxetan zuten PAI eredua, eta aurtengoan, 90etan. Kontua da orain arte otsailean zehaztu izan dutela hurrengo ikasturtean zenbat arituko diren. Iribasek erabakiko luke.

Balizko gobernu aldaketa batek ezbaian jar ditzake ingelesezko ereduak. UPNk eta PPk bakarrik babesten dute PAI programa dagoen-dagoenean; gainerako taldeek dudak dituzte ereduaren izaerarekin eta zabaltzeko erarekin.

D ereduarekin bueltaka

Ingelesezko ereduak zabaltzearekin batera, geldialdian sarturik da euskarazko eredua —aurtengo daturik ez dago oraindik—. Hain zuzen ere, hezkuntzako eragile zenbaitek salatu dute euskarazko eredua moteltzeko asmoz ari dela ingelesa bultzatzen Iruñeko gobernua. Yolanda Barcina presidenteak berak esan zuen, Madrilen: «Akaso, ingelesa sustatzen ari garelako ez gara izaten ari eskari gehiago euskaraz; akaso, horregatik aurreratu behar izan dugu D ereduan parlamentuak eskatzen ziguna baino gutxiago».

Eztabaida iturri izan zen D eredua iazko ikasturtean, Guardia Zibilak euskarazko 1.600 irakasle baino gehiago zelatatu eta gero. D ereduan lau maisu-maistratik bat «etazalea» dela ondorioztatu zuen Guardia Zibilaren ikerketak —hedabide batzuei filtratu bai, baina inoiz ez dute ikerketa osoa erakutsi—. Espainiako eta Nafarroako gobernuek harremanak hasi zituzten, «ETA eskoletan ez infiltratzeko». Neurriak iragarri zituzten, baina berririk ez da oraingoz. Bozak hurbildu ahala, ordea, ez da baztertzekoa gaia berriz hizpide hartzea.

Soka hari tiraka, beste gai bat ere badu tiraderan gordea Iribas kontseilariak, liskar politikorako erabil dezakeena: curriculuma eta eskolako materialak. LOMCEren ondotik, curriculumak berritzen ari da Iruñeko gobernua, eta materialak ikuskatzen —mapak eta—. Ekainerako amaitua behar zuen ikuskaritzak, baina ez dute emaitzarik argitaratu. Oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.