"Korrika egin, egin, eragiteko; eragin, eginarazteko". Maialen Lujanbio bertsolariak irakurri du 21. Korrikako azken mezua, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza betearen aurrean. Bertsotan hasi du irakurraldia Lujanbiok:
"Euskara gaur egun arte
ta Gasteizaino Korrika
ekarri dugunoi biba
gora, eutsi, goza, klika!"
#KORRIKA21 en mezua: "#Klika! Sistema Eragilean".
— AEK (@AEK_eus) 2019(e)ko apirilaren 14(a)
Egilea: Maialen Lujanbio Zugasti pic.twitter.com/YcOBZvHM9N
Hitz lauz jarraitu du gero, errimekin eta hitzekin jolasean betiere: "Hizkuntza ez da edukitzekoa, lizuna egiten zaio barruan gordeta, lika. Beraz klika, instalatu eta aplika. Euskara ez da euskararen gauzetarako aplikazioa. Euskarak behar du herri honen sistema eragilean. Memoria handiko lur honen hizkuntza beti eguneratua, eta software librekoa. Euskara bestelakoa baita. Besteak bezain bestelako. Bestelakoa eta besteak bezalakoa. Baina euskarak besteekiko badu alde bat. Euskarak dena du aurka, eta horrexegatik dena du mauka".
"Dena du sortzeko, dena du sortzeke [...] Dena du egiteke. Hizkuntza bat dugu ahulguztiduna. Hala ere Korrika egiten dugu. Izan ere, erakundeek, alderdi politikoek, komunikabideek... Hainbeste maite gaituzte Korrika gabiltzala. Zergatik gutxietsiko ote gaituzte hainbestetan oinez gabiltzala".
"Ikusiko da ea euskara, arreta osoan gaur den
Bihar erdi, etzi laurden
Eta laster berriz al gauden
Atzentasunetan aurren".
Horrela bukatu du mezua: "Korrika egin, egin eragiteko; eragin, eginarazteko. Norbanakoek egin, eragileek eragin, eta erakundeek eginarazi. Aukerak eskaini eta euskara eskatu. Datozenei eman, eta euskara opatu. Eta eskertu eta ospatu. Gu elkartzen gaitu zer ospatuak. Gu eta honen baitako gu-ak:
Umeak, gazteak, helduak, zahartuak... Ahoskera berri eta zarratuak.
Zuek eta haiek. zakurrak, katuak... Sardeak, mantalak, gigak eta datuak. Azalak, ahotsak...
Sei kontinenteetan sakabanatuak. Sei kontinenteetatik guganatuak.
Arnasgunekoak, oxigenatuak.
Erribera idortu ta mahats zanpatuak... elebesteratuak. Eta neskenegunak eta zapatuak.
Euskaraz sortuak, eta euskararatuak.
Mundu bat euskarak, mende erdia euskara batuak,
eta ehunka milaka bizitza eta gogo euskarak batuak".