Ameriketako Fisika Elkarteak (APS) APS Fellow izendatu du Maia Garcia-Vergniory Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikerlaria. Aipamen horrek saritzen ditu Garcia-Vergnioryk material topologikoen arloan egindako ekarpenak. Gisa horretako material berriak identifikatzeko bidea erraztu baitu. Horretarako, Kimika Kuantiko Topologikoa teoria garatu du Garcia-Vergniory fisikariak.
Topologia matematikaren adar bat da, eta, objektu baten forma aldatzen denean, mantentzen diren propietateak aztertzen ditu. Material topologikoak, berriz, aldi berean bi motatako propietateak dituzten materialak dira: barnean isolatzaileak diren bitartean, ertzetan eroaleak dira. Portaera horri esker, aplikazio teknologiko anitzak dituzte. Hala nola, konputagailu kuantiko unibertsalak eraikitzeko egokiak dira. Gainera, orain arte zegoen materialen sailkapena –eroaleak, erdi eroaleak eta isolatzaileak– ere hausten dute.
Ondorio horiek guztiak lau urteko ikerketaren emaitza dira, 25 milioi ordu baino gehiagoko kalkuluenak. Nazioarteko materialen base erraldoi bateko material guztiak aztertu ditu Garcia-Vergnioryk EHUko zientzialari talde batekin elkarlanean, eta goi errendimenduko konputazio ereduen laguntzaz. Orotara, 96.000 kristal material baino gehiagoren egiturak behatu dituzte. Materialok naturan aurkitutakoak eta laborategian sortutakoak dira, benetakoak guztiak. Hala, ondorioztatu dute, aztertutako materialen %88k gutxienez propietate topologiko bat dutela. Materialen %2ak, berriz, propietate topologikoak dituzte alde guztietan. Azken horiek, material supertopologiko gisa sailkatu dituzte.
Izendapena
Aipamena berezia da, APS elkarteko kideen %0,5ek soilik lortu ohi duelako. Izendapen hau APS elkarteko kideek lortu dezakete, izena ematen duten momentuan estatus ona dutenek soilik, zehazki. Hiru egoeratan ematen da. Batetik, pertsona batek fisika arloan aurrerapenak egiten baditu ikerketa eta argitalpen originalen bidez. Bertzetik, fisika zientziara eta teknologiara aplikatzeko momentuan ekarpenak egin baditu norbaitek. Azkenik, pertsona batek APS Fellow aipamena jaso dezake fisikaren irakaskuntzan eta gizarteko jardueretan parte hartzeagatik.