Maia Garcia-Vergniory fisikaria APS Fellow izendatu dute

Material topologiko berriak identifikatzeko ekarpen aitzindariak egin ditu Garcia-Vergnioryk

Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Ameriketako Fisika Elkarteak (APS) APS Fellow izendatu zuen atzo Maia Garcia-Vergniory Donostia International Physics Centerreko (DIPC) ikerlaria. Garcia-Vergnioryk material topologikoen arloan egindako ekarpenak saritzen ditu aipamen horrek. Gisa horretako material berriak identifikatzeko bidea erraztu baitu. Horretarako, Kimika Kuantiko Topologikoa teoria garatu du Garcia-Vergniory fisikariak.

Ikusi gehiago:«Aurkitu dugu topologia ezezaguna dela, baina ez exotikoa»

Topologia matematikaren adar bat da, eta objektu baten forma aldatzen denean mantentzen diren propietateak aztertzen ditu. Material topologikoak, berriz, aldi berean bi motatako propietateak dituzten materialak dira: barnean isolatzaileak dira, eta ertzetan eroaleak dira. Portaera horri esker, askotariko aplikazio teknologikoak dituzte. Hala nola egokiak dira konputagailu kuantiko unibertsalak eraikitzeko. Gainera, orain arte zegoen materialen sailkapena —eroaleak, erdi eroaleak eta isolatzaileak— ere hausten dute.

Ondorio horiek guztiak lau urteko ikerketaren emaitza dira, 25 milioi ordu baino gehiagoko kalkuluenak. Nazioarteko materialen base erraldoi bateko material guztiak aztertu ditu Garcia-Vergnioryk EHUko zientzialari talde batekin elkarlanean, eta goi errendimenduko konputazio ereduen laguntzaz. Orotara, 96.000 kristal material baino gehiagoren egiturak behatu dituzte. Materialok naturan aurkitutakoak eta laborategian sortutakoak dira, benetakoak guztiak. Hala, ondorioztatu dute aztertutako materialen %88k gutxienez propietate topologiko bat dutela. Materialen %2k, berriz, propietate topologikoak dituzte alde guztietan. Azken horiek material supertopologiko gisa sailkatu dituzte.

Izendapena

Aipamena berezia da, APS elkarteko kideen %0,5ek soilik lortu ohi dutelako. Izendapen hori APS elkarteko kideek lor dezakete, izena ematen duten momentuan estatus ona dutenek soilik, zehazki. Hiru egoeratan ematen da. Batetik, pertsona batek fisika arloan aurrerapenak egiten baditu ikerketa eta argitalpen originalen bidez. Bertzetik, fisika zientziara eta teknologiara aplikatzeko momentuan ekarpenak egin baditu norbaitek. Azkenik, pertsona batek APS Fellow aipamena jaso dezake fisikaren irakaskuntzan eta gizarteko jardueretan parte hartzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.