Mahai sektorialeko konpromisoak txertatu ditu Uriartek aurrekontuan

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurten baino %1,9 diru gehiago izango du 2018an: 2.716 milioi euro. 3,8 milioi euro erabiliko ditu Lehen Hezkuntzako irakasleen ordezkapenak lehen egunetik egiteko

Cristina Uriarte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, atzoko agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
«Oraindik negoziatzen ari garen arren, mahai sektorialean hartutako konpromisoak datorren urteko aurrekontu proiektuan sartu ditugu». Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak atzo azaldu zuen bere sailak datorren urtean izango duen dirua zertan inbertituko duen, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. 2.716 milioi euro izango dituzte; aurten baino %1,9 gehiago. Aurrekontuaren %47,2 pertsonal gastuak ordaintzeko erabiliko du. Hezkuntza sistema euskalduntzeko programetan 42,6 milioi inbertituko ditu; guztiek izango dute hazkundea.

Uriarteren esanetan, langileen egonkortasuna izango da sailaren «oinarrizko lan ardatza». Horregatik, aurrekontuak 300.000 euroko igoera aurreikusten du datorren urteko lan eskaintza publikorako. Era berean, 3,8 milioi bideratuko ditu Lehen Hezkuntzako irakasleen ordezkapenak lehen egunetik egiteko, mahai sektorialean hitzeman bezala. Gainera, irakasle postu batzuk egiturazko lantaldean sartuko dira: 160, Bigarren Hezkuntzan, Kirolenen eta Dantzertin; eta beste 50, hezkuntza berezian. Ukatu egin du Bigarren Hezkuntza eta hezkuntza berezian ordezkapenak gutxitu direla; postuak egonkortzean funtzionarioen taldera igaro direla azaldu du.

Publikoa eta itunpekoa

Hezkuntza publikoaren aldeko apustua «sendoa» dela esan du. Izan ere, Elkarrekin Podemosek itunpeko irakaskuntza lehenestea leporatu dio. Uriartek azaldu du 1.200 miloi bideratuko direla hezkuntza publikora, eta 622 itunpekora. Azken sare horrek hamabi milioi gehiago jasoko ditu, eta horietatik zortzi soldata igoerei aurre egiteko izango dira.

Oposizioko alderdien kritikak ukatu, eta Lanbide Heziketari bultzada eman nahi diotela ere esan du sailburuak. «Eredu konbinatuaren hedapen orokorra garatzen eta lehenesten jarraitzea dugu helburu». Material berriak eskuratzeko aurrekontuak %27 egingo du gora. Eta irakasleen prestakuntzara bideratuko duten dirua ere %15 haziko da. Lanbide Heziketa dualeko tutoreen lana sendotzeko bi milioi euro gehigarri bideratuko dituzte. Uriartek gogoratu du Jaurlaritzak 2020rako ipinia duen erronka: Lanbide Heziketako ikasleen erdiek ikasketak euskaraz egitea. Helburu hori lortzeko, aurten milioi bat gehiago inbertituko dute.

Unibertsitate arloan, ikerketa sustatzeko politikak %6,3 igoko dira. EHUri lotutako finantzaketarako 303,6 milioi aurreikusi ditu. BERC Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroen finantzaketa %5 haziko da. Atal horretan Uriartek nabarmendu du ESS Bilbao teknologia neutronikoen zentrorako 1,5 milioi euroko ekarpena egingo duela Hezkuntza Sailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.