Lorea Argarate: «Magia bezalakoa da teknologia; ordenagailu batekin mirariak egin daitezke»

Lorea Argarate teknologo bilbotarrak Gladys del Estal saria jasoko du bihar, Donostiako EHUko Informatika Fakultatean eginen den ekitaldi batean. Besteak beste, haren dibulgazio lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu dute.

Lorea Argarate teknologoa, Bilbon, Gladys saria ondoan duelarik. EHU.
Lorea Argarate teknologoa, Bilbon, Gladys saria ondoan duelarik. EHU.
inaki rubio
2024ko irailaren 25a
05:00
Entzun

Kuriositateak bizi du Lorea Argarate (Bilbo, 1990). Hala izan da txikia zelarik jotzen zuen klarinetea bezalako bat fabrikatu nahi izan zuenetik. Fisikako gradua ikastera eraman zuen desira hark, eta musikaren eta teknologiaren arteko sinbiosi erabatekoak markatu du haren bidea geroztik. Baina ez horrek soilik; izan ere, teknologiaren arriskuen jakitun, hezkuntza ere badarabil kontzientzia pizteko tresna gisa. Tazebaez kooperatibako ekintzailea ere bada gaur egun, Berlinen (Alemania), eta hezkuntza arloko digitalizazio eta berrikuntza prozesuetan dihardu. Apika, Las Tea Party taldeko DJa izateagatik ere bada ezaguna. Egin duen dibulgazio lana eta ibilbide oparoa aitortzeko asmoz, ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritzea xede duen Gladys saria jasoko du Argaratek bihar, Donostiako EHUko Informatika Fakultatean eginen den ekitaldian. 

Musika maite duen teknologo baten bizilekuak Berlin izan behar zuen, noski.

Kasualitatea izan da apur bat [barrez]. Lanean aukera bat sortu, eta hara joan nintzen. Asko gustatzen zait Berlin; erraza da, ez dago hain masifikatuta, eta puntako teknologia egiten da bertan. Musika ere bai, tipikoa da Berlingo technoa, nahiz eta Berlinen eta musikaren harremana aldatzen ari den. Dena den, Euskal Herrira itzuli nahi dut; hor dago nire lekua, argi eta garbi.

Tazebaez kooperatiban zabiltza lanean.

Hezkuntzarako aholkularitza eskaintzen duen kooperatiba bat da, eta orotariko heziketa programak egiten ditugu enpresentzat eta unibertsitateentzat, teknologia for good txertatuz, hau da, eragin positiboa izan dezan irakatsiz. Izan ere, teknologia ez da neutroa; teknologiaren aurrean kontzientzia izatea garrantzitsua da. Hortik dator nire pedagogiarako eta dibulgaziorako grina nolabait.

Izan ere, aipatu izan duzu gizakiok euskarri digital berrien ereduak behar ditugula.

Bai, baina ez soilik mundu digitalean; zientzian eta teknologian ere bai. Marie Curie… ba, nik agian ez dut halako erreferenterik nahi; agian eredu lurtarragoak eta gertukoagoak nahi ditut, haiengan islatzeko.

Aldarrikatzen duzun erreferente horietako bat zara, beraz?

Bueno… [barrez]. Esan bezala, aberasgarria da gertuko eta orotariko ereduak izatea. Izan ere, dauden erreferenteek soslai zehaztuegia dute, eta eredu desberdinak behar ditugu, batez ere datozen belaunaldietako neskatilek ere non islatu izan dezaten.

Preseski, InspiraSTEAM proiektua ondu zenuen, zientzian dagoen sexu arrakalaren karira.

Deustuko Unibertsitateko Deustotech ikerketa departamentuko lantaldeko kideok sortu genuen. Konturatu ginen neskatoek dagoeneko 11 urterekin garatzen dutela zientzian eta teknologian aritzeko beldurra; uste dute ez direla gai izango. Nola da posible hori gertatzea? Horri aurre egiteko, ikastetxeetan lantzeko eduki bereziak ondu genituen. Gainera, eduki horiek ez ditu irakasleak ematen; inguruko enpresa teknologiko bateko emakume langile bat arduratzen da pedagogia hori egiteaz. Estatuko hainbat txokotara ere zabaldu da ekimena. 

Musika hainbeste gogoko bazenuen, zergatik jo zenuen fisikara?

Klarinetea jo izan dut, eta halako bat egitea zen nire grina orduan. Fisikak akustika ulertzea ahalbidetzen zidan, eta horrek, instrumentua eraikitzen lagundu. Musika matematika da paperean, baina soinua sortzen den momentutik fisika hutsa da. Nire ametsa zen Björkendako instrumentu bat egitea; 18 urte nituen, eta fantasia batean bizi nintzen.

Baina ez zenuen Fisikako gradua amaitu, ez?

Fisika oso teorikoa zen; klarinete baten akustika ikas dezakezu, baina klarinete bat egiteko prozesua oso landua eta garestia da: materiala, eskulana, langileak... Aitziber Anakabe izan nuen irakasle, eta txipak programatzen ikasi nuen; asko gustatu zitzaidan, eta Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua ikastea erabaki nuen, egin nahi nuenari forma eman eta hura egikaritzeko. Bertan programazioa ikasi, eta flipatu egin nuen: klarinete baten soinua egin zezakeen sintetizadore bat sortu nezakeen. Magia bezalakoa da teknologia; ordenagailu batekin mirariak egin daitezke.

Eta jarraitu zenuen musika eta teknologia uztartzen?

Bai, programazioa kristoren tresna zela iruditu zitzaidan, eta musikarekin uztartuz gauzatxoak egin izan ditut, baita sakon hausnartu ere. Shazam-en moduko aplikazioak, esaterako; zer gertatzen da botoiari ematen diozunean? Zer kalkulu matematiko daude atzean? Halaber, hausnarketa horiek adimen artifizialaren mundura eraman naute nolabait. 

Izan ere, Big Data masterra ere ikasi zenuen Deustuko Unibertsitatean.

Las Tea Party proiektu musikalean murgildurik nenbilen orduan; asko erabiltzen genuen esperimentazioa sare sozialetan, eta galdera horiei erantzuna bilatzeko asmoz erabaki nuen big dataren eta adimen artifizialaren mundua ezagutzea. Bueno, adimen artifiziala edo, hobeto esanda, adimen kolektiboa, guk dakiguna zurrupatu baitu. Orduan jabetu nintzen sare sozialek izan zezaketen arriskuaz.

Zergatik utzi zenuten Las Tea Party?

Oso gazteak ginen, eta hamar urtez aritu ginen; ez zara berdina hasten zarenean eta amaitzen duzunean, eta publikoak ja beste gauza bat eskatzen zuen. Dena den, musika elektronikoa oholtzaratzea lortu genuen. Musikariak eszenatokian egoten ziren, eta DJak, txosna barruan. Guk eszenatokia eskatzen genuen, hori zen gure baldintzetako bat. Musika elektronikoa egon bazegoen Euskal Herrian, baina ez zituen eszenatokiak hartzen.

Jarraitzen duzu musika egiten?

Zenbait proiektutan eskua sartu ohi dut, gauzatxoak ere egiten ditut noizbehinka… baina lasai nago momentuz. Orain arte, Las Tea Party bezalako proiektuetan gorputza jarri dut oholtza gainean; orain atzealdean nago. Korista bat naizela diot, abeslari famatuen koristen bizitza kontatzen duen Netflixeko Twenty Feet from Stardom dokumentaleko protagonisten gisan: korista zarenean ez zara famatua; hogei metrora dago ospea, baina zu ez zara ospetsua. Dena den, argi dut nirea bezalako egitekorik gabe ikuskizunak ez duela funtzionatzen. Hamaika DJ gisa ere aritzen naiz; nire estiloa definitu gabe dudalako jarri nion izen hori; hortxe jarraitzen dut, nire izatea bilatzen.

Mauriziak ez du inor hil ikuskizunean ere aritu zara.

Bai, Ines Osinagarekin, besteak beste. Erreferentea da bera, eta kasik ni baino frikiagoa teknologiarekin [barrez]. Asko daki musikaz, eta Einsteinekin egotea bezala da niretzat. Inesi eta ikuskizunari esker, berriz ere trasteak erabili ditut musikan.

Pozik Gladys saria jasoko duzulako? 

Oso, ez nuen espero. Sariei ez diet aparteko garrantzirik ematen, baina Gladys saria jasotzeak dakarren aitortzak ilusio berezia egin dit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.