Madrili ez jarraitzeko eskatu diote iheslariek Venezuelari

Guridi iheslariaren atxiloketa gaitzetsiko du Askapenak Venezuelako kontsulatuaren aurrean

Erredakzioa
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Iheslari Politikoen Venezuelako Kolektiboak «minaren, errepresioaren eta sufrimenduaren estrategia makabroan» ez nahasteko eskatu dio Nicolas Madurori, Venezuelako presidenteari. Espainiaren estrategian ez nahasteko, eta ez hasteko iheslariak atxilotzen.

Asier Guridi Zaloña iheslaria atxilotu zuten herenegun Venezuelako Informazio Zerbitzu Nazionaleko kideek, polizia iturrien arabera, Espainiako eta Frantziako polizien laguntzarekin, ETAkoa izatea leporatuta. Hango komunikabideek «polizia operazio handia» izan zela nabarmendu duten arren, hori ez dela horrela izan azpimarratu du iheslarien kolektiboak. Haien arabera, Guridik hamar urte baino gehiago darama bizitzen Venezuelan, eta diotenez, semea eskolara eta emaztea lanera zeramatzala atxilotu zuten poliziek.

«Operazio handi baten ordez, sufrimenduak eta minak iraunarazi nahi duen miseria politiko eta humanoaren isla besterik ez da gure lagunaren atxiloketa», azaldu dute iheslariek, atzo Naiz.info webguneak argitaratu zuen komunikatuan.

Espainiako Barne Ministerioak ohar batean nabarmendu duenez, «terrorismoaren kontrako nazioarteko borrokan mugarria» izan da atxiloketa, «Europako Batasuneko bi estatuk eta Ameriketako batek elkar hartuta» egin baitute.

Nortasun agiri faltsua zeraman Guridik atxilotu zutenean, Barne Ministerioaren arabera, eta horrek «ETAren deslokalizazio politikaren estrategiari erantzuten» diola esan du, «Frantziako eta Espainiako polizien presioaren ondorio dena». Presio horren eraginez, «beste herrialde batzuetara» ihes egiten dutela dio Barne Ministerioak bere oharrean.

Guridi aurretik ere espetxean egondakoa da. Bost urte preso egona da, 1992tik 1997ra.

Askapenak ere gaitzetsi du atxiloketa, eta mobilizaziorako deia egin du. Venezuelan, balizko estradizioaren kontra protesta egiteko eskatu du, eta Bilbon, elkarretaratzea antolatu du astearterako. Venezuelako kontsulatuaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan. Askapenak Venezuelako Gobernuari eskatu dio men ez egiteko iheslaria Espainiaratzeko «Frantziak eta Espainiak egindako presioei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.