Eusko Legebiltzarrerako kanpainaurrea martxan jarria zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk horiei data jarri aurretik ere, eta, ordutik, beste martxa bat sartu dute alderdiek. Gaurkoa, baina, apirilaren 21era begirako eguna baino gehiago, Madrildik egindako lanei erreparatzekoa izan da Bilboko Euskalduna jauregian. Edo Espainiako Gobernuan eginak Eusko Jaurlaritzara eraman daitezkeela irudikatzeko saiakera. Izan ere, Eneko Andueza PSE-EEren lehendakarigaiak Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen eta gobernuburu ohi Jose Luis Rodriguez Zapateroren babesa jasotzeko balio izan duen arren, sozialisten ekitaldiaren ardatza alderdiak eta, batez ere, Zapateroren gobernuek Moncloatik egindako lana izan dira. «Sozialista sentitzeko eguna», adierazi du Anduezak berak, Espainiako gobernuburu ohiaren jardunaz mintzo zela.
ZP hizki erraldoiak hizlariek lekua hartu duten taularen atzean. Beste aldean, ia ezkutuan, Eneko Andueza lehendakari leloa zeraman panel bat. Izan ere, sozialistek deialdiarekin adierazia zuten ekitaldiaren xedea: 20 urte Jose Luis Rodriguez Zapateroren lehen hauteskunde garaipenetik. Eta, horretarako, ez dago Bilbo baino leku hoberik, sozialisten Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko zerrendakide Patricia Campeloren esanetan: «ETA amaitu zuen. Bakea ekarri zuen, minez eta sufrimenduz betetako hainbeste urteren ostean».
Zapaterok eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek ─eurenak izan dira hitzaldi luzeenak─ hitza hartu aurretik, baina, Anduezari egokitu zaio bere hautagaitzaren defentsa egitea. Espainiako politikagintzara so, hizpide izan du PP eta hizpide hark euskal instituzioetan izandako beherakada: «Beti esan izan du ez duela gobernuetan nahi».
Halere, apirilaren 21era begira, Alderdi Popularrekoek baino espazio handiagoa izan dute alderdi abertzaleek, Anduezaren hitzetan, zehazki inor aipatu ez duen arren. Izan ere, PSE-EEren lehendakarigaia «nazionalismoaren zerbitzura» dauden politiken kontrako «berme» gisa aurkeztu da: «Diskurtso independentista gutxiago, autokonplazentzia gutxiago, eta hizki larriko politika gehiago».
Horiek hala, Anduezak adierazi du azken legealdietan Eusko Jaurlaritzan «funtsezkoak» izan diren moduan, hala izango direla apirileko bozen ostetik eratuko den gobernuan ere: «Ezinbestekoak izango gara». Zergatik? Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek «sozialismo gehiago» behar dutelako, haren esanetan. Eta eurak dira hori eskain dezaketenak. «Gauza garrantzitsuak jokoan daudenean Euskadi sozialista da», esan du, uztaileko Espainiako Gorteetarako bozetako garaipena gogoratuta.
«Lohiak»
Zapaterok «harro» hasi du bere hitzaldia, esanaz ETAren behin betiko menia gogoratzen duela gehien Moncloan eginiko lanetatik: «Inork ez du historiatik ezabatuko herrialde honetako aurrerapen handi hori lehendakari eta presidente sozialista batzuekin iritsi zela».
Halere, ez du bere diskurtsoa euskal gatazkaren testuinguruan kokatu nahi izan, arlo sozialean baizik. Martxoaren 8a igaro berri, bere agintaldian onartutako Berdintasun Legea zein sexu berekoen ezkontzarena ekarri ditu gogora, eta, aitortu arren oraindik egiteko asko dagoela, adierazi du egungo gobernua lanean ari dela «gizonen eta emakumeen arteko berdintasun oso baterantz». Horiekin batera, baita Mendetasun Legea onartu izana eta Espainiako armada Iraketik atera izana ere.
Afera horietan, memoriaren aitortzari dagokionez zer «aurrerapauso» dakartzan beste orotan, Zapaterok uste du berberak izan direla sozialistek sustatutako urratsak eragotzi nahi izan dituztenak. Hala, salatu du berak Euskal Herrian «bakea bilatzea boikotatu» zuten berberak direla Espainiako Gobernuari Kataluniako auziarekiko erakutsitako jarrera behin eta berriro kritikatzen diotenak. Bide batez, 2004ko martxoaren 11ko atentatuak egin izana ETAri leporatu nahi izan zioten berberak. «Doilorkeriaren historiarako geratuko da».
Horri heldu dio Sanchezek ere: «Hautsok ekarriko dituzte lohiak». Eta lurralde auzia baztertu gabe, PPri kritikatu du «lurralde konfrontazioa» sustatu nahi izatea boto batzuk irabazteko. Hain zuzen, kritikatu du lehenik PPk ─estatutuaren aurkako helegitearekin─ eta gero Alderdi Popularreko Mariano Rajoyren gobernuak ─elkarrizketa faltarekin─ eraman dutela Kataluniako auzia egungo egoerara.
Horiek hala, adierazi du Kataluniako auziari irtenbide bat ematea dela «energiak bideratzeko asmoz benetan herritarrak kezkatzen dituzten gauzetara», eta horri bide ematen diola Amnistia Legeak, aurrez indultuek egin bezala: «Askok dituzte zalantzak. Esaten diet konfiantza izateko, indultuekin eta Amnistia Legearekin Espainiako demokrazia indartzen ari baikara».
Haren hitzaldian iritsi dira beste lerroburuetako batzuk ere. Batetik, Palestina estatu gisa aitortzeko legez besteko proposamen bat sustatzeko asmoa. Bestetik, prostituzioaren abolizioa legez arautzeko proposamen bat aurkeztea. Eta hitzaldi berean, Koldo auziak eragindako harrabotsari ihes egiteko erasoa: «Ez dago ustelkeria on edo txarrik. Baina badaude hura instituzionalizatzen duten alderdi batzuk, eta beste batzuk hura sustraietatik mozten dutenak, PSOE bezala».