La Directa agerkariak azaldu duenez, ANCIS elkarteko kideak Francorekin borrokatu ziren italiarrak omentzeko bost eguneko bidaia egiten ari dira Espainian. Falangek eta Hispano Latina fundazioak lagunduta egiten ari dira bidaia hori. Azaroaren 1ean heldu ziren Espainiara, eta, geroztik, frankismoaren monumentu nagusiak bisitatu dituzte, besteak beste, Erorien Harana, San Antonioren kripta Zaragozan eta Toledoko gotorlekua. Birako azken ekitaldia gaur egitekoak ziren Italiak Madrilen duen enbaxadan, herrialdi hartako indar armatuen egunarekin bat eginez. Espainian bizi diren hainbat italiarrek Change.org bidez sinadura bilketa abiarazi zuten ekitaldia enbaxadan ez ospatzeko.
Napoleonen taktika militarrei aire armada gehitu zioten lehen gatazka armatua izan zen 36ko gerra. Borrokatze hartan herritarren aurkako bonbardaketa sistematikoak egin zituzten. Hitlerren Condor legioak eta Mussoliniren Regia Aeronauticak eraman zituzten aurrera eraso horiek. Euren helburua ahal bezain beste hildako eragitea zen, arerioa beldurtu eta morala galdu zezan.
Pietro Sebastiani 2013an izendatu zuten Italiako enbaxadorea Madrilen. Urte berean, hainbat elkartek 36ko gerran borrokatu zuten boluntario antifaxistak omendu zituzten Madrilen. Antolakuntzak enbaxadako arduradunak gonbidatu zituen ekitaldira, baina hauek ez zuten onartu. Enaxadorearen idazkariaren arabera ekitaldia "politikoegia" zen.
Era berean, 2008an Pasquale Terraciano zen Italiako enbaxadore. Urte hartan berak parte hartu zuen, Umberto Castelli enbaxadako militar atxikia eta Massimo Marcheti Zaragozako ohorezko kontsulordearekin batera, 36ko gerran hildako italiar faxisten omenez egindako ekitaldi batean. Zaragozako San Antonio Paduakoaren elizan Mussoliniren gobernuak ordandutako mausoleo bat dago, eta bertan, Espainiako gerran hildako italiar borrokalariak daude lurperatuta. Asociacion Juvenil Española eskuin muturreko taldeak ekitaldiko bideo bat grabatu eta Youtubera igo zuen. Bertan, Miguel Maria Andueza kapilauak eskertzen du Italiako enbaxadorearen presentzia.