Itxaropentsu mintzo dira, eta baita harro ere. Izan ere, Trebiñuko eta Argantzungo udalen ekimenez eztabaidatuko da, etzi, Madrilen, konderriko afera. Ignacio Portillak eta Alberto Ortiz Urbinak ohartarazi dute «atzera bueltarik» ez duela urratutako bideak.
Zergatik bereizi behar da Trebiñu Burgostik?
IGNACIO PORTILLA: Arrazoi administratiboengatik, nagusiki. Egoera honek arazo asko sortzen dizkigu, eta ez du eguneroko errealitatearekin bat egiten. Ikuspuntu administratibo soil batetik konponbidea eman behar diogu.
ROBERTO ORTIZ URBINA: Barrundiaren egoera eta haren garapen kultural eta ekonomikoa Arabarekin lotuta dagoelako erabat. Gure garapena Araban dago; Burgos 105 kilometrora daukagu, urrunegi, zentzu guztietan.
Asteartean hitzordu garrantzitsua duzue Gorteetan. Zer espero duzue?
I.P.: Mugarria izango da, Trebiñuko aferak aspaldi egon behar zuelako konponduta. Erkidegoak eratu zirenean, Trebiñu eztabaidagai izan zuten, baina ez zuten konpondu. Estatutuen barruan konpondu zedin saiatu ziren gero: Gernikako Estatuaren 8. artikuluaren bitartez eta Gaztela eta Leonen xedapen iragankorraren bitartez. Gauzak horrela, hogeita hamar urte pasatu dira, baina auzia ez da konpondu, eta agerian geratu da estatutuen bidea antzua dela, hilda dagoela. Areago, erkidegoen arteko gatazkak baino ez ditu sortu. Eta egungo egoerara iritsi gara. Hogeita hamar urteren ostean, auzia Madrilera bueltatu dugu, Gorteena delako auzia konpontzeko eskumena, Madrilen erruz dugulako kalbario tamalgarri hau. Gorteek dute erkidegoen mugak aldatzeko eskumena; beraz, konpon dezatela behingoz. Honaino iristeko igaro diren hamarkada guztietan arrazoiz bete gara, traba guztiak gaindituz joan gara, eta orain Madrilera iritsi gara, eta ez gara handik mugituko, auzia konpondu arte.
PPk kontrako botoa iragarri du eta, ezustekorik ezean, ez du aurrera egingo. Hortaz, zertan geratuko da bide hori?
R.O.: Abiatutako bidea ez da hemen amaituko. Lege proposamen hori edozein unetan aurkeztu dezakegu, Gorteetan gehiengoak aldatzen badira, beste babes batzuk lor daitezkeelako. Iritsiko da unea non PPk gehiengo osoa galduko duen eta elkarrizketaren eta elkar ulertzearen bidea irekiko den. Erkidegoen mugak aldatzeko eskumena Gorteek dute, eta haien esku dago. Bide honek orain porrot egiten badu, guk ez dugu etsiko; bide administratibo eta legal guzti-guztiak jorratzen jarraituko dugu gure helburua lortu arte.
I.P.: Arazoak ez dira konponduko mahai gainean uzteagatik, ezer egin gabe. Asteartean esango digute ez dutela proposamena aintzat hartuko, baina ezezkoaren argudioak eman beharko dituzte. Eta hori bada aurrerapauso bat. Hogeita hamar urte luzez hamaika argudio eman ditugu afera hau konpondu ahal izateko, denak arrazoizkoak eta zentzuzkoak. Beraz, zergatik ez dute konpondu nahi? Asteartean erantzun bat ematea espero dugu, nahiz eta ez duten argudio sendorik emango. Ez gara Madrildik mugituko, eta berriro aurkeztu behar badugu, aurkeztuko dugu.
Lege ekinbidea onartu arte ez duzue etsiko, beraz.
I.P.: Egoera berezi bat sortuko da. Gaztela eta Leonek dio zerbitzuak eskaintzeko eskumenak bereak direla, baina ezin dizkigula erabat bermatu eta Arabak eskaini behar dizkigula. Argudio hori asteazkenean bertan mahai gainean egongo da, eta guk horixe salatuko dugu: eskumena dutela baina ez dutela zerbitzurik eskaintzen. Salatu egingo ditugu zerbitzuekin zerikusia duten gatazka guztiak.
Hitzarmenak auzibidean jarriko dituzue orduan?
I.P.: Arazoa da gaur egun trebiñarroi zerbitzuak ez zaizkigula eskaintzen ari eskubide osoz, hitzarmenen bidez baizik, bide faltsu batetik, alegia. Egoera irregular bat de facto bilakatu dute legezkoa, adabakiak jarrita. Guk exijitu egingo dugu legearen bidetik Eusko Jaurlaritzak zerbitzuak eskaintzea. Uste dugu hitzarmenak justifika daitezkeela behin-behineko egoeratan, baina orain, Kongresuaren bidea irekitzen denean, argudio horiek ez dute baliorik izango. Ez dago arrazoirik auzia gehiago luzatzeko eta hitzarmenei eusteko. Zerbitzuen eskaintzan dagoen hutsunea salatu egingo dugu. Bide legala irekita dago, eta ez dago aitzakiarik.
Zergatik ez duzue lehenago jorratu lege ekinaldiaren bidea?
R.O.: Ez genuelako ezagutzen. Hainbat saio egin izan ditugu estatutuen aukerak jorratuz, baina, ikusirik ez zela ezer lortzen, beste aukera batzuk aztertu ditugu konponbidea behingoz lortzeko.
I.P.: Orain arte estatutuen bideak jorratzen saiatu izan gara, baina ez ginen ohartzen beste aukera batzuk bazeudela. Auziak soluziorik ez zuela pentsatu ere egin genuen, baina txosten juridikoak enkargatu genituenean ohartu ginen bazegoela beste bide batzuk jorratzerik.
Oinarri legala eta juridikoa du aurkeztutako lege ekinbideak, ezta?
I.P.: Proposamena tramiterako onartu izanak erakusten du oinarri sendoak dituela. Beste era batera esanda, estatuak onartu egin du bere esku dagoela auzi hau konpontzea.
Arabako PPk Trebiñu Araban sartzearen aldekoa dela dio, baina aurkako botoa emango du Madrilen. Zer iruditzen zaizue?
R.O.: Jarrera bat dauka pribatuan eta kontrakoa publikoan. Haiekin bildu izan garenean adierazi digute Trebiñu Araban sartzearen aldekoak direla, baina beste bide bat hobesten dutela. PPk barrendegien egoera orokor baten barruan kokatu nahi du eztabaida. Baina guk uste dugu bide horrek gure prozesua luzatzea ekarriko duela. Ez gaude eztabaida hori irekitzearen aurka, baina ikusi dugu adierazpenetatik harago ez daudela ezer egiteko prest. Babestuko gintuztela esan digute, baina gero ikusi dugu alderdiaren botoa inposatu egiten dela.
I.P.: Eginez erakusten da. Trebiñu Araba dela uste badute, argitu dezatela nola egin nahi duten hori. Irtenbiderik baldin badute, erakuts diezagutela, argi eta garbi. Aitzakiak bilatzen dituzte, eta azkenean Gaztela eta Leonen diskurtsoari men egiten diote. Hango gobernuaren argudioa da bide honekin eskumenak kentzen saiatzen ari garela, eta ez da egia. Gaztela eta Leonek beto eskubide bilakatu du bere estatutua, arazoa blokeatzeko. Beren araudiaren manipulazio hutsa egin dute.
Gaztela eta Leongo gobernuarekin zer-nolako harremana duzue?
A.O.: Alkate naizen aldetik, harreman instituzionala daukat Gaztela eta Leongo presidentearekin eta diputazioko buruarekin. Argi eta garbi dakite nola pentsatzen dudan, baina haiek jarrera oso itxia dute oraindik ere. Ematen dituzten argudioak feudalak dira, hau da, eskualde hau beti egon dela Burgosen menpe; ez dute amore eman nahi. Hala uste badute eta jarreraz aldatzeko asmorik ez badute, eman diezazkigutela eman beharreko zerbitzu guztiak. Presio egin behar diegu; horixe egiten dut nik haiekin biltzen naizen bakoitzean. Eztabaida asko izan dituzte Trebiñuri buruz, eta, PPk gehiengo osoa duenez, beti egin du Araban sartzearen aurka. Sozialistek ere bat egin dute ezezkoarekin, nahiz eta jendaurrean Araban sartzearen aldeko diskurtso nahiko aurrerakoia duten.
I.P.: Gaztela eta Leongo Juntari dagokio Trebiñuko biztanleei zerbitzuak eskaintzea, legez, eta, beraz, behar-beharrezkoa dugu harreman administratiboa izatea elkarrekin. Ez da harreman samurra, baina behartuta gaude bion arteko giroa ahalik eta adeitsuena izatera. Kontu administratiboetatik harago, sakoneko arazoaz hitz egiten dugunean, danbatekoa baino ez dugu jasotzen, gai hau blindatuta dagoela diotelako. Harremana, alde horretatik, tirabiratsua da.
Zein da benetako interesa, muin-muinekoa, Gaztela eta Leonek Trebiñu mendean nahi izateko?
A.O.: Erabiltzen duten diskurtsoa feudala da erabat; historikoki horrela izan dela dioen teoria horri heltzen diote: Trebiñu Burgoskoa izan da beti, eta ez du zertan hala izateari utzi. Jabetza kontu bat da; ezin da beste era batera ulertu. Diputazioko buruak esan izan du beretzat onartezina litzatekeela bere agintaldian Trebiñu Arabara batzea; egoarekin zerikusia duen afera da. Boto asko eta interes asko daude tartean Trebiñu mendean izateko.
I.P.: Galdera bada zein kalte egin diezaiokeen Gaztela eta Leoni Trebiñu galtzeak, erantzuna hau da: bat bera ere ez. Nik uste dut diskurtso feudala dutela. Uste dute Trebiñuko eskualdearen oinordeko zilegiak direla, eta, diotenez, horrela jasota dago euren estatutuetan. Jabetzan oinarritutako diskurtsoa daukate, feudala eta subiranista, finean. Hauxe diote: «Euskaldun hauek lur zati bat kendu nahi digute». Gu norbaiten ondasuna bagina bezala! Eta ez, ez gara inorenak. Kontua da diskurtso horrek botoak ematen dizkiela Gaztela eta Leonen. Ikaragarria da. Gu ez gara inora joango, ez gara errepublika independente bat bilakatuko, ez diogu inori ezer kenduko. Trebiñuko herritarrengan pentsatu behar dugu. Jabetza kontuek bazuten zentzua kondeen garaian, baina gaur egun erakundeak herritarren mesedetan daude, eta ez alderantziz.
Banaketa administratiboak nola eragiten dizue egunerokoan?
A.O.: Arazo asko sortzen dizkigu. Osasun arreta da horietatik nagusia. Hitzarmenei esker, Osakidetzan arreta jaso dezakegu, baina 112 telefonora deitzen dugunean Burgosek edo Arabak erantzun dezakete. Anbulantzia Mirandatik etortzen bada, hango osasun zentrora eramaten gaituzte... Ikastolaren kontua ere arazo bat da, Gaztela eta Leonek ez duelako laguntzeko asmorik. Haurrek, hemengo ikastolan amaitzen dutenean, Mirandara joan behar dute B ereduan ikastera.
I.P.: Ziurgabetasun juridikoa dugu erabat. Anbulantzia bat ez bada garaiz iristen, nor salatzen dugu? Gaztela eta Leonek dauka eskumena, baina zerbitzua beste batek ematen digu...Hitzarmenek, nahiz eta sinatuta egon, ez dute ziurtasun juridikorik ematen; unean-unean funtzionarioek egiten duten interpretazioaren eta politikariek itun horiek sinatzeko duten prestasunaren araberakoak dira.
Arabako klase politikoak babestuta sentitzen zarete?
A.O.: Arabako Diputazioak eta ordezkaritza politikoak babesten gaitu. PSEk ere babesa agertzen digu, nahiz eta Espainian bizkarra ematen diguten. Horrek agerian uzten du afera honek nolabaiteko zatiketa eragin duela alderdiengan, eta hori bada zerbait.
I.P.: Babestuta sentitzen gara, zentzuzkoa delako. Arabak Trebiñuko afera berea balitz bezala hartzen du, azken batean Trebiñuko garapenak lotura zuzena duelako lurraldearen garapenarekin. Berezko arazotzat dute.
Trebiñuko herritarrengan etsipena da nagusi. Itxaropenerako arrazoiak ba al dituzte?
I.P.: Denok gaude nazkatuta, egunero sufritzen dugulako. Uste dut oraindik herritarrek ez dutela ongi neurtu astearteko eztabaidaren garrantzia. Gu ere ez gara jabetu hemendik aurrera zabalduko zaigun bidearekin. Apurka-apurka harresiak gaindituz goaz, eta egoera honek jada ez du atzera bueltarik. Madrilek ere esango al digu Trebiñu berea dela? Ulertezina litzateke argudiorik gabe afera hau urtebete gehiago luzatzea.
Legealdia amaitu aurretik Trebiñu Arabaren barruan ikusiko duzue?
A.O.: Asteartetik aurrera gertatuko dena laster ikusiko dugu.
I.P.: Asteartean zentzuz jokatzea besterik ez dago. Eta udal hauteskundeak bitarteko sei hilabeteko epea denbora nahikoa da lege proposamena tramitatzeko. Espero dugu aurrerantzean maratoia izan beharrean ehun metroko lasterketa izatea Trebiñuko konponbidea. Traba ugari gainditu ditugu, baina azkenean auzia behar bezala bideratuta dago.
Trebiñuko auzia. Alkateen hitza. Roberto Ortiz Urbina eta Ignacio Portilla. Argantzungo eta Trebiñuko alkateak
«Madrilera iritsi gara, eta ez gara handik mugituko konpondu arte»
Bi udalerrietako alkateak ziur dira erkidegoen mugak aldatzeko Gorteetan irekitako bidea «mugarria» izango dela. Urteetan eraikitako «harresiak» gainditu direla diote, eta auzia «bideratuta» dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu