Herri mugimenduak daukan «izugarrizko ahalmena» nabarmenduz, bozketaren ostean «pozik» agertu da Arabako Fracking Ez plataformaren bozeramaile Mikel Otero (Alkiza, Gipuzkoa, 1972). Taldearen izenean, «ehun milatik gora sinatzaile horiei» eskerrak eman dizkie, «haien indarra batu izan ez balitz» plataformak indarrik ez zuelako izango.
Hala ere, legeek eta alderdiek «gorabeherak» izaten dituztelaohartarazi du Oterok. Horregatik, plataformak «adi» jarraituko du hemendik aurrerako prozesua, legea aldatzeko «tentazioren bat» izan daitekeelakoan.
Garaipentzat hartu duzue fra-cking-a mugatzeko legea onartu izana?
Legebiltzarrean gertatu dena mugarri bat izan da, baina ezin dugu garaipen osotzat eman. Legeak jarraituko du, zer gertatzen den ikusiko dugu, baina gure lana ez da hemen amaitzen. Beti esan dugu instituzioen lana gure lanetako bat zela. Noski, fracking-a ez hemen ez beste inon nahi ez dugula esaten dugun neurrian, inguruko mugimenduekin lanean jarraituko dugu.
Lancashiren, Erresuma Batuan, ezezko borobila eman diote fracking-ari...
Oso positibotzat jotzen dugu erabaki hori. Hango jendearekin harremanetan geunden aurretik ere, eta prozesua adi-adi jarraitu dugu. Ikusi beharko da hango legea nola gauzatzen den, baina badirudi lortu dutela fracking-a denbora luzerako bertan behera uztea.
Espainian ere lor daiteke halako erabakiren bat?
Kontuan hartu behar da energiari buruzko eskumenak estatu mailakoak direla, eta, orain arte, PPren gehiengo absolutu horrek ez duela utzi eskua sartzen. Dena den, oroitarazi behar da udazkenean Espainiako Kongresurako hauteskundeak daudela; bertan aldaketa politikoak baleude, badirudi alderdi batzuek ekinbideak abiaraz ditzaketela fracking-a behin betiko baztertu ahal izateko.
Orduan, Madrilera begira jartzeko asmoa duzue?
Orain arte gure lana Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egon da zentratua, baina Madrilera begira jartzeko aukerarik badugu, jarriko gara. Estatuko beste mugimenduekin harremanetan gaude, eta ekinbideak jarriko ditugu martxan, bai hauteskundeen aurretik, bai hauteskundeen ostean. Hala ere, herri mugimendu gisa, Madrilera begiratzea asko kostatzen zaigu, baina momentu bat iritsiko zaigu non Madrilera begira jarri beharko baikara.
Uztailerako Frackanpada antolatu duzue, fracking-aren aurkako topaketa gisa. Nola sortu zen ideia?
Asmoa bagenuen fracking-aren inguruan aldarrikapenerako kanpaldi bat egiteko, eta harremanetan jarri ginen estatu mailako eta nazioarteko mugimenduekin. Eta polita iruditu zitzaien, hainbat lekutan fracking-aren aurka ari diren mugimenduen topaleku izateko, beren esperientziak kontatzeko eta orokorrean fracking-aren aurkako bultzada handiagotzeko. Hausnarketa horretatik abiatuta, eredu energetiko horren aurka egin behar da. Energiaren gaineko hausnarketa hori garatu dugu azken urte hauetan, eta horretan gabiltza. Polita izango da hausnarketa sakonago batean sartzea eta eredu energetiko horri buelta emateko ekinbidea egitea.
Mikel Otero. Arabako Fracking Ez
«Madrilera begira jartzeko aukerarik badugu, jarriko gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu