Madrilentzat justizia «bakarra» dago: «Auzitegi Nazionalarena»

Larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zuten atzo Donostiako Artzain Onaren plazan. A. CANELLADA / ARP.
jokin sagarzazu
2015eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Euskal gatazkarekin loturiko auzietan ez dago salbuespenik. Hala uste du Espainiako Gobernuko Barne ministroak. Haren esanetan, Euskal Herriaren eta Espainiako estatuaren artean ez dago gatazkarik. ETA da «arazo bakarra». Jorge Fernandez Diazek azpimarratu du Espainia zuzenbide estatu bat dela, eta ETAk «bizirik» dirauen bitartean, «lanean» segituko duela gobernuak, «Poliziarekin eta legearekin». «Euskal Herriarentzat dagoen justizia, justizia normala izango da. ETA eta antzeko erakunde terrorista baten kontra Auzitegi Nazionalarena da justizia bakarra».

Fernandez Diazek berretsi du justizia trantsizionalaren moduko proposamenek ez dutela tokirik Espainian, «ezta Europan ere». Amaiur koalizioak Kongresuan eginiko galdera bati erantzunez esan ditu hitzok. Jon Iñarrituk Kolonbiako bake prozesua ekarri dio gogora, eta galdetu dio ea ondoriorik ateratzen duen hango prozesuari buruz; ea elkarrizketa gatazkak konpontzeko tresna gisa ikusten duen; eta ea bakea, egia eta oroimenerako eskubideak aitortzen dituen. Aurreneko puntuarekin aski izan du Barne ministroak. Elkarrizketarik ez da izango, «gatazkarik ez dagoelako». Ez du, beraz, beharrezko ikusten gatazkatik bake eta normalizazio politiko egoera batera pasatzeko salbuespen neurriak indargabetzeko justizia eredurik.

Iñarrituk salatu egin du Espainiako Gobernuaren jarrera eta euskal gatazkaren konponbiderako prozesuan «ausardiarik ez izatea». «Jendea atxilotzen, Guantanamokoa den espetxe politika mantentzen eta errepide kontrolak jartzen segiko duzue zuek, ezer aldatu ez balitz bezala». Arduragabekeria leporatu dio PPri. «Galdutako lau urte izango dira hauek eta bukaeran, legealdiaren hasieran geunden puntu berean egongo gara».

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria, berriz, kezkatuta azaldu da Espainiako Gobernuaren jarrerarekin. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Barne ministroak duela astebete Baigorrin (Nafarroa Beherea) eginiko atxiloketen harira adierazitakoak ekarri ditu gogora. Espainiako Gobernuak ETAren «heriotza agiritzat» jo zuen operazioa, baina Fernandezek gogoratu du ETA gaur-gaurkoz existitzen den erakundea dela eta azpimarratu du armagabetze prozesu batean dela. Uste du prozesu hori eraginkorra izan dadin, instituzioen parte hartzea, Espainiakoak barne, ezinbestekoa dela. Hori hala, uste du polizia operazioak ez direla «nahikoa», eta azpimarratu du «indarkeriaren amaiera ordenatua» helburu duen politika «inteligente» bat garatu behar dela, «munduko hainbat gatazkatan egin duten bezala». Horrez gain, espetxe politika «berri» bat behar dela adierazi du. 2016an «indarkeriaren amaiera oztopatzen» duten arazoak gainditzeko «aukera» izango dela adierazi du, uste horiek zertan oinarritzen dituen zehaztu ez badu ere.

Manifestazioa, larunbatean

Madrilgo eta Pariseko gobernuaren jarrera salatzeko eta bake prozesuaren alde, manifestazioa deitu dute, berriz, EH Bilduk eta EH Baik larunbaterako. Artzain Onaren plazatik abiatuko da martxa, 17:00etan.

Bestalde, Donostiako epaitegiak debekatu ditu atzorako, biharko eta etzirako Oñatin (Gipuzkoa) presoen eskubideen alde egitekoak ziren hiru ekitaldi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.